Summerhill Eskola: Hezkuntza Librearen Azterketa
Summerhill Eskola eta Hezkuntza Librea
Sarrera: A.S. Neill eta Bere Eskola
Zati hau Summerhill liburuan agertzen da, Alexander Sutherland Neill egilearena. Liburu honek Summerhill eskola deskribatzen du, Londresen kokatuta zegoena eta bere garaian eragin handia izan zuena, ikasgela haietan ematen zen hezkuntza progresistarengatik.
Neillek Summerhill eskola anti-autoritarismoan oinarritutako ideiarekin sortu zuen. Helburua gizarte-sistema tradizionalari aurre egitea zen, eta horretarako eredu pedagogiko berritzaileak sortu zituen. Eskola eredu horien helburua haurra zoriontasunean hezitzea zen. Izan ere, Summerhill autogobernuan oinarrituta dago: bilerak egiten dituzte, eta horietan arauak adosten dira; pertsona bakoitzak boto bidez hartzen du parte erabakietan. Irakasleak autoritate ez izatea zen eskola desberdin egiten zuen beste ezaugarri bat.
Printzipio Pedagogiko Nagusiak
Summerhillen, Neillek bere lanetan defendatutako printzipio pedagogiko hauetan oinarritutako hezkuntza garatzen da:
- Gizakien ontasun naturalean uste sendoa.
- Zoriontasuna hezkuntzaren xede gisa.
- Maitasuna eta errespetua elkarbizitzako oinarri gisa.
- Gorpuztasunaren eta sexualitatearen garrantzia.
Ohiko Eskolekiko Desberdintasunak
Rousseau eta Wilhelm Reichen pentsamenduekin lotzen diren printzipio horiek oinarri hartuta, eskolak ohiko eskoletatik bereizten duten ezaugarri berezi batzuekin funtzionatzen du. Haien artean honako hauek daude:
- Azterketa eta kalifikazioen gabezia.
- Klaseetara joatea ez derrigorrezkoa izatea.
- Asanblada kudeaketa-organo nagusi gisa.
- Errieta eta sermoien gabezia.
- Haur eta helduen arteko tratu berdina.
Autodeterminazioa eta Sormena
Pedagogia honetan, haurrei ez zaie modu zorrotzean bide edo eredu jakin bat ezartzen. Garrantzitsua da beldurrik gabe autodeterminatzea eta zoriontsu egiten dituen bizimodua aukeratzea. Gainera, jokoei eta jarduera artistikoei garrantzi handia ematen zaie, hala nola dantzari edo antzerkiari. Horrez gain, erlijioa bezalako irakasgaiak desagertu egiten dira eskola honetan; izan ere, Neillen ustez, erlijio guztiak etorkizunean desagertuko ziren.
Iritzi Kritikoa: Irakaslearen Ikuspegia
Gizarte Klasea eta Aukera Berdintasuna
Etorkizuneko irakasle naizen aldetik, eskolaren ezaugarri batzuekin ez nago ados; beste batzuekin, aldiz, bai. Lehenik eta behin, Summerhill eskolan klase ertaineko eta altukoek soilik parte har zezaketen, zentro pribatua zelako. Neillen aburuz, goi- eta behe-mailako klaseek hezkuntza desberdina izan beharko lukete. Bidegabea iruditzen zait; ume guztiek hezkuntzarako eskubide bera izan beharko lukete. Estatus ekonomikoak edo sozialak ez luke eraginik izan behar hezkuntza jasotzeko eskubidean. Nire ikuspuntutik, Finlandian egiten den bezala, eskola publikora joateko aukera bakarra izatea da onena. Bertan, axola duena umeen hezkuntza baita, eta ez haien baliabide ekonomikoak.
Metodo Berritzaileen Balorazioa
Bestalde, Summerhill metodo tradizionalaren aldean irakasteko modu ona da. Haurrak askatasunean haztea, jolastea, beren kabuz erabakiak hartzea... horiek guztiak egokiak iruditzen zaizkit gizaki gisa eratzeko. Horrez gain, hausten dituen hesi zaharrekin guztiz ados nago; adibidez:
- Irakaslea autoritate ez izatea.
- Hezkuntzan jolasak txertatzea eta sermoiak alde batera uztea.
- Azterketak kentzea.
- Haurraren zoriontasuna helburu nagusi izatea.
Azkenik, gaur egun metodo tradizionala pixkanaka berritzen ari da, hezkuntza zerbait entretenigarri bihurtzen saiatuz. Bertan, haurren balioak garrantzitsuak dira, etorkizunean langile soilak izan beharrean gizaki osoak izan daitezen.