Sokratesen filosofia
Sokratesen ekarpenak
Sokratesek ez zuen ezer idatzi. Aristotelesen arabera, bi izan ziren Sokratesen ekarpenak:
- Elkarrizketa bidezko argudiaketa induktiboa
- Definizio unibertsala
Sofisten erlatibismo moralaren kontra, Sokratesek zioen bertute moralei buruz (justizia, errukia...) definizio unibertsalak daudela eta filosofia jardueraren helburua definizio unibertsal horietara heltzea izan behar dela. Horretarako, arrazonamendu induktiboa erabiltzen zuen: gauza zehatzak aztertzen zituen haien arteko ezaugarri komunak ateratzeko eta ezaugarri horiekin justiziaren definizio unibertsala osatzeko.
Sokratesen iritziz, atenastarren indibidualismoa nagusitzen ari zen. Hori dela eta, interes komuna bilatu ordez, norberaren interesak bilatzen zituzten. Sokratesek eta Platonek joera berekoi horren errua sofisten hezkuntzak zabaldutako erlatibismoari leporatzen zioten.
Intelektualismo morala
Sokratesek bertutea jakintzari lotzen dio; bere ustez, bertutea jakintza mota bat da eta, horregatik, irakatsi daiteke. Gaizkiak bertutea zertan datzan jakitearekin batera, norberaren arrazoimenak bertutea lortzeko ekintzak egiteko aginduko du berehala, eta nahimenak bete baino ez ditu egin beharko. Bestela esanda, inor ez da txarra bere borondatez, inork ez du gaizki egiten nahita, baizik eta jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako. Erlatibismoa gainditzen saiatzen da Sokrates, ezagutza eta etika batuz. Filosofia teoria baino gehiago jarduera gisa ulertzeko joera zabaldu zen. Sokratesena lehen moral arrazionala zen.
Elkarrizketa
Pentsatzeari ekiteko, Sokratesek bi urrats erabiltzen zituen elkarrizketaren bitartez:
- Ironia: ezjakinaren itxura eginez, elkarrizketan parte hartzen duten solaskideen hasierako jakinduria kritikatzen du, haien zalantza eta jakinezaren aitorpena lortu arte.
- Maieutika: gure barnean ditugun ezagutzak erditzen lagundu behar du filosofoak. Ezagutzean, ez dugu ezer berririk asmatzen (sofisten iritzien kontra), baizik eta gure barruko ideiak kanporatzen ditugu. Prozesu osoaren bukaeran, ikergaiaren gaineko erabakiarekin topo egitea du helburu Sokratesek.
Hiria auziperatu eta heriotzara kondenatu zuten.