Sistema Politikoak: Erregimen Ez-Demokratikoak eta Demokraziak
Sistema Politikoaren Definizioa
Sistema politikoak kontuan hartzen ditu herrialde batean dauden ideologiak, pentsaerak, kultura politikoa, eragile politikoak, alderdiak, gizarte mugimenduak eta interes taldeak. Baita erregimenak ere (erakunde multzoak).
Erregimen Politiko Motak: Ez-Demokratikoak
Totalitarismoak
Totalitarismoak alderdi bakarreko sistemak dira.
Ezaugarri nagusiak
- Alderdi bakarreko sistema politikoak dira. Aniztasun politiko maila oso baxua da (adibidez, Alemanian garai batean, Alderdi Nazionalsozialista bakarrik).
- Ideologia garatua eta hertsia dute. Justifikazio ideologiko zehatza dago (adibidez, nazismoa).
- Mobilizazio erregimenak dira (alderdiari baiezkoa edo ezezkoa adierazteko mobilizazio politiko maila altua).
- Liderraren garrantzia azpimarratzen da (liderra edo zuzendaritza taldea).
- Boterearen jardueraren mugak ezin dira aurreikusi (izu totalitarioa). Botere jardueraren mugen izaera arbitrarioa da (adibidez, Frankismoan errepresioa noraino helduko zen ezin zen aurreikusi).
- Aldaketa erradikala dute helburu.
- Sistema inperialista da.
Motak
Hirurak mobilizazio eragileak dira. Horretarako, alderdia sortu eta alderdi horrek gizartea kolonizatu egiten du.
- Ezkerrekoa (Stalinismoa)
- Eskuinekoa (Nazismoa)
- Erlijiosoa (Talibanen erregimena)
Totalitarismoari buruzko Teoriak
- Hannah Arendt: Totalitarismoak sistema politiko berriak dira, historikoki egon ez direnak. Totalitarismoaren sorrera gizarte mailak ezabatzeko zen. Horretarako erabiltzen ziren: ideologia, alderdia (gizartea guztiz egituratzeko) eta izua. Gizarte zibila guztiz deuseztatu zen.
- Neumann: Esparta totalitarioa zen.
Autoritarismoak
Autoritarismo perfektuen ezaugarriak:
- Aniztasun politiko mugatua eta ez erantzulea: Koalizio zuzendari bat aurkituko dugu, zeinak ez dion inori azalpenik eman behar, hau da, ez du politikoki erantzun behar. Erantzukizun bakarra koalizio kideen artekoa da (adibidez, Frankismoa: lur jabeak, burgesak, militarrak, justizia aparatuak...).
- Justifikazio ideologikoa balioetan oinarritzen da: Aberria, ordena, hierarkia, modernizazioa... (ez dago ideologia zehatzik). Adibidez, erregimen militarrek krisi ekonomikoan modernizazioa behar dela esaten dute.
- Mobilizazio maila baxuko sistemak dira. Alderdi politikoak ez du garrantzi handirik hartzen.
- Ez du egitura politiko berezirik sortzen (adibidez, Txile, Pinochetek ez zuen egitura politiko sozial berririk sortu).
- Boterearen pertsonalizazioa (Liderra).
- Erregimenaren jardueraren mugak zehaztu gabeak dira, baina aurreikusi daitezke.
1. Erregimen Tradizionalak
- Monokratikoak (Pertsona bakarrekoak, monarkikoak).
- Legitimazioaren oinarria tradizioa da, ondarea.
- Erregimen patrimonialistak.
a) Erregimen Sultanistak
Saudi Arabian, monarkia absolutu bat dago. Erregea, monarka izan arren, errege familiako kideek aukeratzen dute (berdinen artean) eta ondoren aukeraketa hori Ulemek (islamaren goi apaizek) onartu behar dute. Erregearen boterea lege musulmanak eta Saudi Arabiako tradizioek mugatzen dute. Halere, familiaren eta lider erlijiosoen onarpena behar dute erregea izendatzeko.
Botere legegilea: Gobernua monarkak eta ministroek izendatzen dute (errege familiako kideak dira). Gaur egun 150 kidez osaturikoa da. Kontseilu kide horiek ere erregeak izendatzen ditu. Erakunde legegile hori aholkurako kontseilu bat da, alegia, ez du beto eskubide edo iniziatibarik. Lege islamiarra da indarrean dagoena; Korana da konstituzioa. Ez dago ez sufragio ez alderdirik. Beste erakunde nagusia Justizia Batzorde Gorena da (12 kidez osaturik), konsentsu zabalagoz aukeratuak direnak.
b) Oligarkia Lehiakorrak
Liberalizazioa
Erregimen politiko batek bere krisialdia aurreikusten duenean, krisialdiaren inguruan hartzen dituen hainbat neurri dira, erregimenaren gainbehera saihesteko, salbatzeko eta legitimazioa berrindartzeko.
2. Erregimen Zibilak
a) Mobilizazio Erregimen Faxista
Italian, Mundu Gerraren ostean. Mobilizazio altuko sistema da.
b) Mobilizazio Erregimen Komunistak
Koalizioaren agerpena mantendu egiten da. Koalizio horretan alderdia egongo da, erregimen politikoaren zentroa izango dena. Erregimen komunistetan joera totalitarioak aurkitzen ditugu (alderdiak eragile bakarra bilakatzeko joera du). Gizarte konplexuagoetan gertatzen da, jada garapen sozioekonomikoak izan dituztenetan. Bereizketak erregimen honetan etnikoak dira, esate baterako. Ideologiari dagokionez, marxismo-leninismoa gailentzen da, maoismoa edo titoismoa ere ikusi dezakegu hainbat lekutan garai batzuetan.
Mobilizazio erregimena da, gobernuak paper nagusia hartzen baitu eta alderdiari ematen zaiolako paper hori (Leninek alderdi iraultzaileaz egindako lanarengatik). Edozein estatu komunista helburu zehatz bat betetzeko asmoz (proletalgoaren diktaduraren ezarpena) sortzen da. Estatu komunistak bere burua garapen prozesu batean definitzen du. Estatu sozialista hau da bere burua desagertzea aurreikusten duen estatu mota bakarra.
Sobietar Batasunean, hiru oinarri konstituzional daude:
- Zentralismo demokratikoaren praktika, estatu egituretarako zein alderdietarako erabiliko dena.
- Legegintza funtzioa.
- Estatua errealitate eragile eraldatzaile gisara hartzen da. Botere exekutiboa eta botere judiziala bere menpekoak dira. Dena herriaren borondatearen menpe.
Botere legegilea: Sobiet Gorenak bi erakunde sortzen ditu: Batasun Sobieta (hiritarren ordezkaritza) eta Nazionalitateen Sobieta (lurralde eta etnien ordezkaritza). Sobiet Goren honetan, batzorde bat aukeratzen zen, Presidium (batzorde iraunkorra) izenekoa. Presidiumeko buruak estatuburua eta gobernuburua (alderdi komunistaren burua) izango dira. Beraz, ez dago botere banaketarik. Eskubide sozial eta ekonomiko guztiak konstituzionalak bilakatzen dira. Ez da besteak modukoa, alderdiari ematen zaion botere horregatik.
c) Mobilizazio Erregimen Nazionalistak
Postkolonialismoaren ondorioz independentzia eskuratu zuten hainbat estatu, estatu independente bihurtu ziren. Hauek gehienbat Afrikako herrialdeak dira (Zimbabwe, Angola, Mozambike...). Koloniaren kontrako gerran gerrilla sortu zuten. Gerrilla eta alderdia, jada, gobernatzen jarriko ziren.
3. Erregimen Militarrak
Gaur egun munduan geroz eta gutxiago daude. Eragile nagusia armada edo armadaren sektorea izango da. Hauen ideologia, aberria da balio handiena, baina ideologia zehatzik ez, balio batzuk baizik. Erregimen militarretan ez dago alderdi politikorik eta horren ondorioz, ez dago mobilizaziorik. Beraz, ez ditu egitura propiorik sortuko. Akaso bat, batzorde militarra (batzuetan bakarrak osatuko du, edo Argentinaren kasuan 3 pertsonak: aire, lur eta itsas armadako burua).
Motak
- Burokratiko-Militarra: Primo de Riveraren erregimena, esate baterako. Garapen ekonomiko handirik ez duen sistema batez ari gara. Estatuaren aparatu nagusiak armada eta sektore zibilak dira. Horrez gain, Elizak eta nekazaritza jabeek ere indar handia izango dute. Ez dago ideologia/alderdi zehatzik, baina ordena eta aberria sutsu defendatuko da. Elite eta buru bat badago. Honek ez du gizarte alternatiborik proposatzen, dagoena mantentzea nahi du.
- Korporatibista edo Estatilismo Organikoa: Frankismoa. Ezaugarri propioa duena da, ideologia propioa duena, faxismo italiarretik etorria. Kosmobisio berezi bat du (planteamendu ideologiko berezi bat). Hori azken finean, organizismoan islatuko da. Komunitate politikoaren parte hartze kontrolatu bat egitura organikoen bidez. Gizartearen oinarriak familia, udalerria eta lana ziren. Koalizioa armada litzateke. Hemen alderdia ez da mobilizaziorako erabiliko. Aurreko erregimenetik gehien ezberdintzen dena ideologian eta egituran dago. Honek ere ez du estatuaren aldaketarik proposatzen.
- Burokratiko-Autoritarioa: 60ko hamarkadan Hego Amerikan. Armadarekin batera, beste elementu bat aurkituko dugu: militarrak (adituak errepresioan) eta teknokratak (konponbide teknikoak eta eragileak bilatzen dituzten adituak). Garai modernoagoetan kokatzen da. Elementu hori burgesia transnazionala litzateke.
Ordezkaritza Sistemak edo Demokrazia Parlamentarioak
Ordezkaritza Sistemen Oinarri Legitimatzaileak
1. Teoria Klasikoa (Aristoteles)
Aristotelesek hiru gobernu forma azaldu zituen, interes orokorra ala interes partikularrak defendatzen zituzten kontuan hartuta:
- Monarkia (interes orokorretan) eta Tirania (interes partikularretan)
- Taldeetan: Aristokrazia (interes orokorretan) eta Oligarkia (interes partikularretan)
- Hiritartasun eskubidedun subjektuen gobernua bada: Errepublika (interes orokorretan) eta Demagogia/Demokrazia (interes partikularretan)
2. Tradizio Erromatar Erdi Arokoa (Marsilio Padovakoa)
Subiranotasunaren arazoaz aritu ziren. Hauen ustez, subiranotasuna herrian oinarritzen da eta hau gobernarien esku utzi behar dela diote. Marsilioren ustez, estatuaren lehenengo gauza legea da eta bigarrena gobernaria. Beraz, legearen menpeko gobernua planteatzen du. Estatuaren subiranotasun horren jabe lehenengo herria eta bere ohiturak/arauak dira, eta gobernariak horretara moldatu beharko du.
3. Tradizio Errepublikano Modernoa
AEBko sorreran eta Frantziako Iraultzan sortzen da. Madisonek planteatzen du guk proposatzen dugun gobernu ereduak ez duela zerikusirik Grezia klasikoan zegoen demokrazia motarekin. Eredu honetan, herria ez da subjektu politikoa. Herriaren ordezkariak eta legebiltzarrak (subiranotasunaren egoitza) izango dira subjektu politiko. Ordezkaritza sistema bat defendatuko dute. Ordezkaritzaren praktikarekin batera, errepublika monarkiarekin alderatzen dute. Monarkia monarkaren nahia betetzen duen sistema bat da, eta errepublikak legearen arabera jokatuko duen sistema bat. (Madison, Sieyes, Locke).
Demokraziaren Definizioak eta Ezaugarriak
Demokraziaren zenbait definizioren ezaugarriak:
- Botere errekurtso politikoen jabetza hiritar guztiena da. Subiranotasuna zatitua da (Rousseau). Subiranotasunaren zatiketaren ondorioak: bozkatzeko eskubidea, etab.
- Gutxiengoen eskubideen babesa. Eskubide zibil eta politikoak besterezinak dira (Inork ezin dizkizu kendu) (J. Mill).
- Gobernariak hiritarrek hartutako erabakiaz izendatzen dira. Hauteskunde lehiakorrak (Schumpeter).
- Helburua berdintasuna da, berdintasun politikoa ez ezik sozio-ekonomikoa ere bada (Marx, Macpherson). Azkenean gertatzen den emaitza berdintasuna da.
- Hiritarren nahia betetzen duen sistema politikoa da (Barber).
Demokrazia Formala vs. Substantiboa
- Demokrazia Formala (1, 2, 3 puntuak): Prozedurak eta bitartekoak definitzen dituen ordezkaritza sistema. Arauak argiak eta berdinak dira.
- Definizio Enpirikoa (Formala): Alderdi bat baino gehiago, hauteskunde lehiakorrak, hedabide alternatiboak, emaitzen araberako ordezkaritza zein gobernu erakundeak.
- Demokrazia Substantiboa (4, 5 puntuak): Helburuetara bideraturiko demokrazia.
Demokraziak Bete Gabeko Promesak (Bobbio)
- Taldeak dira, eta ez gizabanakoak, subjektu politikoak (neokorporatibismoa eta alderdikrazia).
- Alderdikrazia: Alderdiak prozesu politikoaren monopolioa du. Alderdi mota: kartel (enpresen arteko akordioa oligopolioak sortzeko).
- Ondorioz, taldeen agindu inperatiboa nagusitzen da.
- Demokraziak ez du berrosatu gobernarien eta gobernatuen arteko identifikazioa, politikaren profesionalen elitea baizik.
- Demokrazia ez da hedatu komunitatean eragin handiko erabakiak hartzen diren esparruetara (ekonomia, administrazioa...).
- Demokraziak ez du, guztiz, botere errekurtso politiko guneen opakutasuna argitu (Estatuaren sekretuak, estatu arrazoia, “estolderia”...).
- Demokraziak ez du handitu arazo publikoekiko interesa; apatia politikoa eta interes pribatuen defentsa dira garatu direnak.
- Demokraziak ez ditu politikaren eta diruaren arteko harreman iluna, politikaren eta hedabideen arteko lotura estua hautsi.