Simone de Beauvoir eta XX. Mendeko Pentsamendu Filosofikoa

Filosofia eta etika6,94 KB

Simone de Beauvoir eta feminismoaren oinarriak

Simone de Beauvoir (1908-1986) feminismoaren bigarren olatuko pentsalari nagusia izan zen, batez ere 1949an argitaratu zuen Bigarren Sexua lanari esker. Lan horren helburua emakumeak bere burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea zen. Ordutik aurrera, feminismoa emakumeen zapalkuntza sostengatzen duten egitura sozial eta kulturalen kritika sakona izango da. Beauvoir existentzialismoaren barruan kokatzen da. Filosofia horren arabera, gizakiak ez du aurrez zehaztutako izaera edo natura finkorik; bere ekintzen bidez eraikitzen du bere burua.

Generoa eraikuntza sozial gisa

Emakumeari, aldez aurretik ezartzen zaio bere patua, naturala balitz bezala: pasibotasuna, ahultasuna, babesaren beharra… Nolakotasun hauek femeninotasun betierekoaren kategoria osatzen dute. Maskulinotasun betierekoaren kategoria, aldiz, hauek osatzen dute: ekintzarako gaitasuna, adimena eta boterea.

Beauvoirrek determinismo biologikoa kritikatu zuen: “Ez da emakume jaiotzen, egin egiten da”. Emakumea gizarteak eta kulturak eraikitako kategoria bat da. Emakumeei tradizionalki esleitu zaizkien ezaugarriak ez dira naturalak, hezkuntza eta sozializazio prozesuen emaitza baizik. Haurtzarotik, neskak hezten dira gizon bati men egiteko eta beren errealizazioa emazte eta ama izatean bilatzeko. Horrela, emakumeei espazio publikorako sarbidea ukatzen zaie. Beauvoirrek sexuaren eta generoaren arteko bereizketa adierazten du. Ondorioz, kultura da, ez biologia, emakumea moldatzen duena, “emakume eredua” bete dezan.

"Bestea" eta emakumearen emantzipazioa

Beauvoirren pentsamenduaren kontzeptu nagusi bat “bestea” (alteritatea) da. Historian zehar, gizona subjektu unibertsaltzat hartu izan da: boterearen, arrazoimenaren eta objektibotasunaren ordezkari. Emakumea, aldiz, “bestea” bihurtu da: osagarria, inesentziala eta erlatiboa. Harreman hori Hegelen nagusiaren eta esklaboaren dialektikarekin alderatzen du: gizona da subjektua; emakumea, objektua. Egoera horrek inmanentzia ezartzen dio emakumeari, eta transzendentzia gizonari.

Emakumeen emantzipazioa lortzeko, beharrezkoa da emakumeak bere burua subjektu autonomo gisa baieztatzea. Horretarako, Beauvoirrek honako hauek proposatzen ditu:

  • Hezkuntza berdinzalea: Genero-rol estereotipatuak apurtzeko.
  • Autonomia ekonomikoa: Mendekotasuna gainditzeko (Virginia Woolfen Una habitación propia lanaren ildotik).
  • Amatasunaren gaineko askatasuna: Abortuaren eta kontrazepzioaren aldeko defentsaren bidez.

Emakumeak askatasunez erabakitzen duenean ama izan ala ez, eta zaintza lan guztiak bere gain hartzera behartuta ez dagoenean, orduan hasiko da benetako berdintasuna.

Erlijioaren kritika eta funtzio soziala

Susmoaren filosofoek —Marx, Nietzsche eta Freud— mendebaldeko kulturaren zutabe nagusietako bat, erlijioa, modu kritikoan aztertu zuten. Haien ustez, Jainkoaren ideiak ez zuen soilik fede pertsonala adierazten: boterearen, moralaren eta gizarte-egituraren oinarriak justifikatzeko balio izan zuen. Marxek “erlijioa herriaren opioa da” esatean, erlijioak kontsolamendua eskaintzen duen arren, gizarte-desberdintasunak estaltzen dituela salatzen zuen. Testuinguru horretan, galdera nagusia da: zertarako balio dute gaur egun erlijioek, eta ea haien lekua beste zerbaitek ordezkatu duen.

Fedea, arrazoia eta gizarte sekularra

Erlijioek historian zehar funtzio sozial eta existentzial garrantzitsuak bete dituzte, eta ikuspegi hori ondo ordezkatzen du Tomas Akinokoak. Akinokoaren arabera, arrazoia eta fedea ez dira kontrajarriak: elkar osatzen dute. Erlijioak gizakiari ordena morala, komunitatea eta azken zentzua eskaintzen dizkio. Gainera, artea, musika eta filosofia aberastu dituzte, heriotza eta transzendentzia bezalako galdera sakonei aurre egiteko marko sinbolikoa eskainiz.

Nietzschek, ordea, defendatzen zuen kristautasunak “moral esklaboa” sortzen duela: obedientzia eta errua sustatuz. Gaur egungo gizarte sekularrean, zientziak eta estatu modernoek lehen erlijioak betetzen zituzten funtzio asko ordezkatu dituzte. Nire ustez, erlijioek oraindik balioa dute, baina haien funtzioa eraldatu egin da: gaur egun aukera bat gehiago dira, ez egia absolutua. Susmoaren filosofoen kritika baliagarria da erlijioaren boterea modu kritikoan aztertzeko.

Existentzialismoa: XX. mendeko antropologia berria

Existentzialismoa bi mundu gerrek utzitako suntsipen fisiko eta morala erantzuten dion korrontea da. Gizakia existentzia zentzugabe batera jaurtia izan den proiektu irekia eta librea da. Heriotza, askatasuna eta bizitzaren zentzua dira aztergai nagusiak.

  • Nietzsche: Bere bitalismoaz bizitzaren alde dionisiakoaz ohartzen da.
  • Søren Kierkegaard: Existentziari lehentasuna ematen dio esentziaren aurrean.
  • Martin Heidegger: Sein und Zeit (1927) lanean Dasein kontzeptuarekin gizakiak bere existentziaz kontziente izan behar duela aldeztu zuen.
  • Jean-Paul Sartre: Existentzialista ateo honek zioen: "existentzia esentziaren aurretik doa". Gure bizitzaren arkitektoak gara Jainkorik gabeko errealitate batean.

Existentzialismoa Espainian eta Euskal Herrian

José Ortega y Gasset-ek bizi-arrazoiaren nozioa proposatu zuen: bizitza niaren eta zirkunstantziaren batura da. María Zambrano bere jarraitzaileak errealitatea intuizioaren eta sentimenduaren bidez ulertzea bilatu zuen. Miguel de Unamuno Bilboko filosofoa, existentzialismo kristauaren figura nagusia da; 1912ko Bizitzaren sentimendu tragikoaz lanean heriotzari aurre egiteko hilezkortasun-irrika aztertu zuen.

Totalitarismoa eta arrazoiaren krisia

XX. mendeko totalitarismoek —nazismoak, faxismoak eta estalinismoak— Ilustrazioak promestutako arrazoia eta askatasuna kolokan jarri zituzten. Hannah Arendtek defendatu zuen totalitarismoak “banalitatearen bidezko gaizkia” sortzen duela: pertsonak obedientzia itsuan murgiltzen dira, pentsamendu kritikoa galduz. Hutsune existentzialak gizabanakoak ideologia absolutuetan babesa bilatzera bultzatu zituen.

Aitzitik, Karl Popperrek defendatu zuen arazoa ez zela arrazoiaren porrota, baizik eta arrazoia modu dogmatikoan erabiltzea. Popperren arabera, gizarte irekiek —kritika eta eztabaida sustatzen dutenek— totalitarismoari aurre egiteko gaitasuna dute. Nire ustez, totalitarismoak ulertzeko ezinbestekoa da bi ikuspegiak uztartzea: gizakiaren hutsune existentziala eta arrazoiaren erabilera dogmatikoa. Existentzialismoak erakutsi zuen askatasuna egunero eraiki behar dela, arrazoiak berriro ez dezan gizakia zapaldu, baizik eta askatu.

Deskargatu

PDF Word HTML