San Agustin: Fedea eta Arrazoiaren Sintesia
San Agustinen kezka nagusia bihotza aseko duen Egia aurkitzea da, horrela bakarrik lortu baitaiteke zoriontasuna. Egiaren bilaketa hori ez da soilik bilaketa teoriko bat, batez ere, bilaketa praktikoa da. Egia ezagutu behar da arimak behar duen bakea eta lasaitasuna lortzeko. San Agustini interesatzen zaion jakituria praktikoa da.
Arrazoimenak eta fedeak elkartuta joan behar dute, ezin daitezke banandu. Ezagutu aurretik sinestea beharrezkoa da, zeren fedeak eraldakuntza bat (metanoia) gauzatzen baitu gizakiaren baitan. Fedeak, batez ere, borondate oneko jarrera sortzen du, Egiarekiko benetako maitasunezko jarrera.
Kristautasunean beti azpimarratu izan da kristauak saiatu egin behar duela sinesten duena ulertzen. Filosofo kristauak ez ditu fedea eta arrazoia banatzen, sinesten du ulertzeko eta ulertzen du sinesteko.
San Agustinen helburua fedea eta arrazoia elkarlanean ipintzea da. San Agustinentzat fedea eta arrazoimena, erlijioa eta filosofia, Egia bakar hori ezagutzeko bi bide ezberdin baino ez dira. Beraz, helmuga bera izanik (Egia/Jainkoa) ezin daiteke haien artean kontraesanik egon. Jainkoak errebelatutako Egiaren autoritatea da egiaren azken irizpidea. Egia gizakiak topatu behar duen helmuga bat da zoriontasuna lortzeko. Egia lortzeko abiapuntua gure barnean dago, bere autokontzientzian.
Ezagutza Mailak San Agustinen arabera
- Ezagutza sentikorra: Zentzumenen bidez errealitate aldakorrak, sentigarriak, ezagutzen ditu. Ez da zoriona ekarriko digun ezagutza.
- Arrazoizko ezagutza: Gizakiak mundu sentigarriko objektuak ondo erabil ditzake. Baina ezagutza maila honek ere ez du balio zoriontasunaren bermea aurkitzeko.
- Kontenplazioa: Betiereko ideiak ezagutzea (justizia bere baitan, ongia bere baitan, etab.) da benetako jakituria. Gauza sentigarrien benetako ereduak kontenplatzen dira Jainkoaren argitapenaren bitartez. Arimak kontenplazioan ezagutza objektiboa lortu du.
Gizakiak beregan ideia unibertsal horiek topatzen dituenean, beregan zerbait betiereko eta jainkotiarra dagoela konturatzen da. Gizakiaren ideiak gizakia bera baino handiagoak dira. Neoplatonikoek eta San Agustinek betiereko egiak Jainkoaren ideiatzat hartzen dituzte.
San Agustinek Jainkoaren aztarna aurkitzen du gizakiaren barnean. Gure kontzientziaren edukiei erreparatzen die eta bertan topatu du Egiarako zalantzagabeko abiapuntua.