Sabino Arana eta Euskal Nazionalismoaren Testuingurua

Historia2,72 KB

Testuinguru Politikoa: Errestaurazioa eta Foruak

Politikoki, Espainiako Errestaurazioaren (1874-1923) lehen fasearen (1874-1902) bukaeran kokatu behar gara, Maria Kristinaren erregeordealdian (1885-1902), hain zuzen. 1876ko Konstituzio kontserbadorea zegoen indarrean, eta txandakatze-sistemaren arabera, Práxedes Mateo Sagasta zen gobernuburua (1892-1895) bigarren aldiz.

Testuinguru honetan, izugarrizko pisua zeukan 1876ko Foruen abolizioak sortutako egoerak:

  • Foru-diputazioak eta batzar nagusiak desagertu ziren.
  • Gaztedia soldaduzka egitera derrigortuta gelditu zen.
  • Kontzertu Ekonomikoak euskal oligarkiaren interesak eta nahiak baino ez zituen asetzen.

Testuinguru Sozio-ekonomikoa: Industrializazioa

Testuinguru sozio-ekonomikoari dagokionez, Bizkaiko siderurgiaren garairik emankorrenetariko batean kokatzen da. Bessemer bihurgailuaren asmakuntzak (1855) burdina ez-fosforikoaren eskaera areagotu zuen, eta Ibaizabal ibaiaren itsasadarraren ezkerraldean ugari zegoen, aire zabalean gainera.

Biurteko Aurrerakoian (1854-1856) onartutako legediaren babespean, atzerriko inbertsioak ugaritu egin ziren, eta ehunka meategi sortu ziren ezkerraldean. III. Karlistaldiak prozesu hau eten bazuen ere, bukatu zenean indar berriak hartu zituen.

Zeregin horretarako meatzariak behar ziren. Jaioterrietan bizi zuten miseria-egoeratik ihesi edota neguko nekazaritza-jardueren etenaldiaren alternatiba bila, milaka eta milaka etorkin iritsi ziren penintsulako ipar-mesetatik meatzaritzan lan egitera. Etorkin hauek gaztelarrak ziren gehienbat, gaztelaniaz hitz egiten zuten eta euren artean ideologia sozialista (hau da, elizaren aurkakoa) zabaltzen ari zen.

Sabino Arana eta Nazionalismoaren Sustraiak

Sabino Aranak sortu zuen mugimendua, azken finean, "mehatxu" bikoitz honi erantzutera zetorren: euskara eta erlijio katolikoa jasaten ari ziren atzerakada bortitzari, hain zuzen. Esan bezala, Sabino Arana familia karlista batean jaio zen. Euskal probintzietako biztanle gehienak bezala, munduaren ikuspegi tradizionalista zeukan, eta zentzu honetan, katolikoa.

III. Karlistaldiaren ostean, mugimendu karlista hiru adar nagusitan banatuta zegoen: integrista, fuerista eta legitimista (karlista). Sabino Aranak bazekien bere jarraitzaileak hiru esparru hauetan zeudela, eta guztiak ere katoliko sutsuak zirela. Beraz, Jaungoikoaren aldarrikapena guztiz koherentea zen ideologikoki eta politikoki ezinbestekoa, integristak eta karlistak erakarri nahi bazituen behintzat.

Deskargatu

PDF Word HTML