Primo de Riveraren diktadurara eraman zuten faktoreak
1917tik 1923ra diktadura militarrera eraman zuten faktoreak
1917tik 1923ra bitartean, Espainiako egoera politiko eta sozialak gainbehera egin zuen, Primo de Riveraren diktadura militarrera bidean. Hauek izan ziren faktore nagusiak:
1. Sistema politikoaren ezgaitasuna
1917tik aurrera, Cánovasen sistema krisian zegoen. Ezinezkoa zen Errestaurazioaren sistemari eusteko oinarrizko bi zutabeak mantentzea: alderdi dinastikoen txandaketa eta hauteskunde-iruzurra. Kontzentrazio-gobernuak osatu ziren arren, ez zuten irtenbiderik aurkitu. 1923an, Primo de Riveraren estatu-kolpearen unean, sistema politiko kanobistak ezin zituen hiru arazo nagusi konpondu: Marokoko auzia, erregionalismoa eta desordena publikoa.
2. Desordena publikoa eta langile mugimenduaren erradikalizazioa
Lehen Mundu Gerraren amaierak eragindako krisialdi ekonomikoak gatazka sozial gogorrak ekarri zituen (Hirurteko Boltxebikea). 1917ko Sobietar Iraultzaren arrakasta pizgarri handia izan zen Europako langile mugimenduarentzat. Nekazal eremuetan zein Kataluniako gune industrialetan protesta ugari egon ziren. Egoera kontrolatzeko asmoz, 1921ean Ihesaren Legea onartu zen, ihes egiten saiatzen ziren presoak hiltzeko baimena ematen zuena.
3. Arazo erregionalista: Kataluniako mugimendu nazionalista
1906an Solidaritat Catalana sortu zen, indar katalanista gehienak biltzea lortuz eta hauteskundeetan arrakasta handia izanez. 1913ko lege bati esker, 1914an Kataluniako Mancomunitat sortu zen. Nazionalismo katalana Cambóren Lliga Regionalista erakundean biltzen zen nagusiki. Hala ere, 1922an Acció Catalana eta Estat Català sortu ziren, eta horrek alderdi zentralisten eta militarren ondoeza areagotu zuen.
4. Marokoko auzia: Annualeko hondamendia (1921)
Marokoko okupazioak galera handiak eragin zizkion Espainiari, bai dirutan, bai giza bizitzetan. Frantsesen eta espainiarren lurraldeen arteko mugak zehaztu ondoren, espainiarren okupazioak bertakoen erresistentziarekin topo egin zuen. 1920an, Rifeko kabilak eta leinu berebereak matxinatu ziren Abd el-Krim buruzagi zutela, eta 1921ean espainiar armadak porrot izugarria jasan zuen Annualen.
Primo de Riveraren estatu-kolpearen ondorioz, errepublikano-sozialistek bultzatutako erantzukizun-txostena eten egin zen. Ejertzitoak protagonismo politikoa berreskuratu zuen hiru arazo nagusiei aurre egiteko: Annualeko erantzukizunari, desordena publikoari eta eskualde batzuen ahalegin sezesionistei.