Platon, sofistak eta egiaren bilaketa: filosofiaren oinarriak

Filosofia eta etika9,8 KB

Zentzumenen itzalak ala ideien argia: errealitatearen egiazko izaera

Platonen ustez, ideiak dira benetako errealitatea.

Sarrera: Zer da benetan existitzen dena? Gure begiekin ikusten dugun mundu aldakorra ala gure adimenak atzematen dituen kontzeptu aldaezinak? Platonek errealitatearen azterketa sakona egin zuen bere dualismo ontologikoaren bidez. Bere ustez, zentzumenek erakusten diguten mundu fisikoa itxura hutsa da (doxa), eta ideiak dira benetako errealitate aldaezina (episteme). Baina, zentzuzkoa al da ukitu ezin daitekeen ideien mundu bati benetako izaera ematea?

Garapena

Platonen tesiaren alde egiteko, Parmenides presokratikoaren pentsamendua azpimarratu behar da. Parmenidesen ustez, zentzumenek engainatu egiten gaituzte eta ezagutza egiazkoa arrazoiaren bidez soilik lortzen da. Platonek bide horri jarraituz, Haitzuloaren Alegorian ikusarazten du mundu fisiko zehatzak galkorrak direla, baina "Ongiaren" edo kontzeptuen ideia inmaterialak betierekoak eta aldaezinak direla.

Aitzitik, kontrako ikuspegian, sofistek (Protagoras kasu) erlatibismo ontologikoa defendatu zuten: ez dago betiereko ideien mundurik, "gizakia baita gauza guztien neurria". Sofistentzat, errealitatea norberak zentzumenen bidez hautematen duena besterik ez da. Halaber, Aristotelesek gogor kritikatu zuen dualismoa Metafisikan: bere hilemorfismoaren arabera errealitate bakarra dago, eta esentzia ez dago mundu urrun batean, materia fisikoari lotuta baizik. Era berean, Heraklitok natura etengabeko aldaketan dagoela aldarrikatu zuen.

Ondorioak eta iritzia

Sintesi gisa, nire ustez Aristotelesek eta sofistek arrazoi dute mundu fisikoaren eta esperientziaren garrantzia azpimarratzean. Dena den, Platonen tesia harrigarriro bizirik dago gaur egungo gizarte digitalean. Gaur egun, sare sozialetako "itzalezko" profiletan eta adimen artifizialeko algoritmo inmaterialetan bizi gara; kode abstraktuek zuzentzen dute gure mundu materiala.

Immanuel Kantek laburbildu zuen moduan: "Zentzumenik gabeko pentsamenduak hutsak dira; kontzepturik gabeko ikuspenak, berriz, itsuak". Ondorioz, Platonen gogoetak erakusten digu zentzumenen azalean geratu gabe, pentsamendu kritikoaren bidez soilik atzeman dezakegula benetako errealitatea.

Zentzumenen itzalak ala arrazoiaren argia: nola lortu egiazko ezagutza?

Platonen ustez, arrazoia erabili behar da benetako ezagutza lortzeko.

Sarrera: Tesi honen alde egiteko, Platonek Parmenides presokratikoaren pentsamendua berreskuratzen du: zentzumenen bidez hautematen den mundu fisikoa etengabe aldatzen da eta sasi-ezagutza edo iritzia (doxa) besterik ez digu ematen. Aitzitik, benetako ezagutza aldaezina denez, ideien munduan kokatzen da eta arrazoimenaren bidez atzeman daiteke.

Garapena

Azalpen hau Haitzuloaren Alegorian ikus daiteke: barrurako itzalak zentzumenen itxurakeria dira, baina kanpoko argia adimenaz atzematen den benetako errealitatea da. Hala ere, ikuspegi honen aurka sofistek (batez ere Protagorasek) erlatibismo eta eszeptizismo epistemologikoa defendatu zuten. Protagorasek aldarrikatu zuen moduan, "gizakia da gauza guztien neurria". Sofisten ustez, ez dago arrazoiz atzeman daitekeen betiereko egia absolutu baten mundurik; ezagutza pertsona bakoitzak zentzumenen bidez jasotzen duen esperientzia erlatibora mugatzen da.

Era berean, Aristotelesek ere Platonen dualismoa kritikatu zuen, ezagutza oro zentzumenetatik abiatzen dela azpimarratuz.

Ondorioak eta iritzia

Sintesi gisa, Immanuel Kantek laburbildu zuen moduan: "Zentzumenik gabeko pentsamenduak hutsak dira; kontzepturik gabeko ikuspenak, berriz, itsuak". Zentzumenak eta arrazoia elkarrekin behar ditugu egiazko ezagutza lortzeko.

Egiaren ertza: erlatibismoaren muga eta ezagutzaren bilaketa

Protagorasentzat, gizakia gauza guztien neurria da.

Sarrera: Gure inguruko mundua hautemateko garaian, eztabaida sakona dago egia unibertsal bat ote dagoen ala pertsona bakoitzaren ikuspuntuaren menpe dagoen. Sofisten arbaso zen Protagorasek esaldi ospetsu batekin laburbildu zuen bere pentsamendua: "Gizakia da gauza guztien neurria". Baina, egia guztiak erlatiboak al dira eta norberaren hautematearen menpe daude, ala badago arrazoiaren bidez atzeman daitekeen egia objektibo eta aldaezin bat?

Garapena

Tesi sofista honen alde egiteko, Heraklitoren etengabeko aldaketaren teoria eta zentzumenen esperientzia hartu daitezke oinarri. Sofistek defendatzen zutenez, ez dago mundu inmaterial edo betiereko bat; ezagutza pertsona bakoitzak zentzumenen bidez hautematen duen errealitate partikularra besterik ez da. Ondorioz, balio moralak zein legeak gizarte zehatz baten adostasun eta konbentzio erlatiboak (nomos) dira, eta ez natura aldaezin baten ondorio (physis).

Hala ere, ikuspegi honen aurka Sokratesek eta Platonek kontra-argudio sendoak garatu zituzten. Platonek, Parmenidesen betiereko egiaren bidea jarraituz, gaitzetsi egin zuen erlatibismo sofista: Protagorasen tesia onartuz gero, ezagutza ziurra (episteme) ezinezkoa litzateke eta iritzi soilean (doxa) geratuko ginateke. Haitzuloaren Alegoriak erakusten du zentzumenen bidez jasotako itzalak erlatiboak direla, baina egia unibertsala arrazoiaren (logos) bidez soilik atzeman daitekeela ideien munduan.

Ondorioak eta iritzia

Sintesi gisa, nire ustez Protagorasek arrazoi du aniztasuna eta norberaren perspektiba errespetatzeko garaian. Dena den, Platonen kritikak ezinbestekoa da gaur egungo gizartean: "post-egiaren" eta iritzi-burbuilen aroan, dena erlatiboa dela pentsatzeak desinformaziora gaitu.

Immanuel Kantek laburbildu zuen moduan: "Zentzumenik gabeko pentsamenduak hutsak dira; kontzepturik gabeko ikuspenak, berriz, itsuak". Ondorioz, zentzumenen subjektibotasunetik abiatu arren, arrazoimena eta pentsamendu kritikoa erabili behar ditugu guztiontzat balio duen egia etiko eta komuna eraikitzeko.

Herritartasuna Greziako Ilustrazioan eta emakumeak Greziako kulturan

K.a. V. mendean, Periklesen Atenasen, demokrazia ezarri zen eta Greziako Ilustrazioa garatu zen. Testuinguru honetan, gizarte-antolaketari eta hiritartasunari buruzko hausnarketa sakonak jaio ziren. Dena den, galdera nagusi bat sortzen da: nola ulertzen zen hiritartasuna Atenasko demokrazian, eta zein lekutan geratu ziren emakumeak mendebaldeko kulturaren sorreran?

Hiritartasuna hiru printzipiotan oinarritzen zen: isonomia (legearen aurreko berdintasuna), isegoria (adierazpen-askatasuna eta batzarretan hitza hartzeko eskubidea) eta koinonia (komunitate-sentimendua). Hiritarrek eskubide guztiak zituzten eta beren betebehar zibikoa zen polisa zerbitzatzea. Hala ere, demokrazia hau elitista zen, biztanleen % 10 inguru bakarrik baitzen "hiritar". Kanpoan geratzen ziren esklaboak, atzerritarrak eta emakumeak. Emakumeek ez zituzten isonomia eta isegoria. Espazio pribatura (oikos) mugatuta zeuden, gizon baten tutoretzapean, eta logosetik (arrazoitik) kanpo uzten zituzten. Aristotelesek emakumearen gutxiagotasuna defendatu zuen; aldiz, Platonek berdintasunaren alde egin zuen bere Errepublika lanean, eta Aspasia Miletokoa bezalako emakumeak erretorikan eta filosofian nabarmendu ziren.

Sintesi gisa, Greziako demokraziak egungo eskubideen oinarriak ezarri zituen arren, bere hiritartasun-kontzeptuak bazterketa handia zuela argi geratzen da. Gaur egungo ikuspegitik, benetako demokrazia ezin da eraiki gizartearen erdia publikotasunetik kanpo utziz. Platonek adierazi bezala, gaitasun intelektualak ez dira generoaren menpekoak; hortaz, emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna ezinbesteko oinarria da justizia soziala lortzeko.

Sofisten eszeptizismo epistemologikoa, erlatibismo morala eta legeen konbentzionaltasuna

K.a. V. mendean, Atenasko demokraziarekin batera, bira antropologikoa gertatu zen filosofian: naturaren ikerketa baztertu eta gizakia nahiz politika bihurtu ziren ardatz. Giro honetan sofistak agertu ziren, gazteak hezten zituzten irakasle profesionalak. Baina, egia eta ongi absolutu bat al dago gizartean, ala dena gizakiaren ikuspegiaren menpe dago? Sofistek erantzun iraultzailea eman zioten galdera honi.

Sofisten pentsamendua hiru zutabetan egituratzen da. Lehenik, eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen zuten, ezagutza absolutua ukatuz; Gorgiasek esan bezala, ezer ez da existitzen, eta existituko balitz ezin liteke ezagutu ezta komunikatu ere. Bigarrenik, erlatibismo morala defendatzen zuten: ez dago egia absoluturik, Protagorasen "Gizakia da gauza guztien neurria" esaldiak dioen moduan. Horregatik, bertutea ez zen egia bilatzea, oratoriaren bidez konbentzitzea baizik. Azkenik, legeen konbentzionaltasuna babesten zuten (nomos vs physis): legeak ez dira naturatik datozen printzipioak, gizakien arteko adostasun aldatzileak baizik. Aitzitik, Sokrates erabat aurka agertu zen, maieutikaren bidez definizio unibertsalak eta Ongia aurki daitezkeela aldarrikatuz.

Laburpena

Laburbilduz, sofistek egiaren eta legeen absolutismoa zalantzan jarri zuten, pentsamendu kritikoa bultzatuz. Egunerokotasunean, sofisten erlatibismoak eta konbentzionaltasunak indar handia dute berriro gure gizarte aldakorrean. Dena den, arriskua dago erlatibismo muturreko batean erortzeko, non diskurtso baten balioa konbentzitzeko gaitasun erretoriko hutsera mugatzen den (post-egiaren aroan bezala). Sokratesek ohitarazi bezala, adostasun politikoa beharrezkoa da, baina beti balio unibertsal minimo batzuen gidaritzapean jardun behar dugu.

Deskargatu

PDF Word HTML