Platon: Arimaren Zatiak, Bertuteak eta Estatu Ideala
Platonen Arimaren Teoria: Hiru Zatiak eta Bertuteak
Platonek giza arima hiru zatitan banatzen du, bakoitzak bere funtzioa eta bertutea duelarik:
Arrazoimenaren Gogoa (Arima Arrazionala)
Arrazoitzen eta pentsatzen duena da, gizakia gobernatzen eta zuzentzen duena. Buruan dago. Honen bertutea Jakituria edo Zuhurtzia da.
Arima Haserrekorra (Suminezko Gogoa edo Borondatea)
Arimaren sentimendu eta joera nobleak kokatzen dira bertan. Gizakiak bere arrazoiak dioena gauzatzeko behar duen borondatea adierazten du. Bihotzean dago. Honen bertuteak Ausardia eta Kemena dira.
Irritsezko Gogoa (Arima Desiratzailea)
Arima honen sentimenduak bizirik irauteko sena, sexu apetitua, plazera eta mina dira. Sabelean dago. Honen bertutea Neurritasuna da.
Bertutea eta Justizia Platonen arabera
Platonen ustez, pertsona bertutetsua nortasun orekatua duen pertsona izango da. Gure nortasunaren zati bakoitzak berezko duen zeregina betetzen duenean gaude pertsona bertutetsu edo justu baten aurrean. Hau da, gure arrazoimenak dauzkagun grinak eta kemena jakituriaz –ongiari begira– gidatzen dituenean.
Platonen arabera, ezin ditugu morala eta politika banandu. Justizia estatuen eta gizabanakoen bertutea da; hori dela eta, gizakiaren eta hiriaren esentzia ezagutu behar da noiz diren justuak erabaki ahal izateko eta justizia definitzeko.
Platonen Estatu Ideala
Platonek hiri-estatu ideal bat proposatzen du metodo arrazionalista erabiliz (estatu zehatzak ez ikertuz eta lan enpirikorik egin gabe). Estatu honen oinarria da pertsonak elkarrekin elkartu behar direla guztion premiak asetzeko, komunitate politikoa osatuz, eta talde bakoitzak dagokion zereginak bete behar dituela.
Gizarte Klaseak eta Arimaren Zatiak
Platonek hiri ideala hiru klase sozialetan banatzen du, arimaren hiru zatirekin zuzenean lotuta daudenak:
Ekoizleak (Irritsezko Arima)
Herritar guztien behar materialak asetzeko ardura dute (jana, edana, aterpea). Dirua metatu ahal izango dute. Klase honen bertutea Neurritasuna da.
Zaintzaileak (Arima Haserrekorra)
Ondasunak etsaietatik babesteko, defentsa eta segurtasuna bermatuz. Ezingo dute jabetza pribaturik izan. Klase honen bertutea Kemena/Ausardia da.
Gobernariak (Arima Arrazionala)
Interes desberdinen arteko oreka lortzeko eta elkarbizitza justua izateko ardura dute. Ezingo dute jabetza pribaturik izan. Klase honen bertutea Jakituria da.
Justizia eta Harmonia Estatuan
Konparazio argia dago gizarte klaseekin eta arimarekin. Justizia dagoenean, gizarte klase bakoitzak bere zeregina egiten duenean, harmonia eta oreka lortuko dira.
Platonek aristokrazia ezarri nahi zuen, baina horretarako beharrezkoa zen onenak zein diren jakitea. Horretarako, bere ikasleei bertute politikoa (estatu kontuetan nabarmentzen direnen gaitasuna) eta Onaren ideal unibertsalak irakatsi nahi zizkien. Horrela, politikari ona eta arrazoiaz jokatzen duena guztientzako ongi unibertsala bilatuko du.