Pertsiaren Manifestua (1814): Absolutismoaren Aldarrikapena

Historia4,53 KB

Pertsiaren Manifestua (1814)

1. Testuaren Aurkezpena eta Sailkapena

Lehen mailako informazioa dugu esku artean, gertaeraren garaiko testua da, beraz, testu historikoa. Pertsiaren Manifestua deituriko dokumentutik ateratako hainbat paragrafo ditugu aurrean. Agiriak eduki politikoa du, bertan Cadizko diputatu batzuek Espainian absolutismoaren berrezarpena aldarrikatzen baitute.

Talde lana da, Cadizko 69 diputatu absolutistek (Gorteetako 1/3) sinatu zuten dokumentua Madrilen, 1814ko apirilaren 12an. Testua Espainiako Fernando VII.ari dago zuzenduta (“jauna”) eta hasieran izaera pribatua zuen arren, erregeak dokumentuak “interes publikoa” zuela adierazi zuen eta berehala argitaratu zuen espainiar guztiek horren berri izateko. Nazio esparruko testua da, hartzaile nagusiak espainiarrak direlako.

Egileen hasierako asmoa Cadizko Gorteak deuseztatzeko prestatzen ari zen indarren bidezko kolpe baterako justifikazio idatzia izatea zen. Beranduago, agirian aldaketak sortu zituzten erregeari zuzenean aurkezteko. Dokumentuan Cadizko Gorteen lana baliogabetzeko eta absolutismoa berrezartzeko eskaera egin zioten diputatuek Fernando VII.ari.

Aro Garaikidekoa da, XIX. mendearen hasierakoa. Cadizko Gorteek Antzinako Erregimena deuseztatu ondoren eta Independentzia Gerra garaitzean okupazio frantsesa penintsulan bukatutzat eman ondoren, Fernando VII.a Frantziatik Espainiara itzultzeko bidaia egin zuen garaikoa da.

2. Testuaren Azterketa

Testua hiru zatitan banatua dago:

  • Lehenengo zatia: Dokumentuaren aurkezpena eta testuingurua

    “Jauna” hitzarekin, erregeari egiten zaio erreferentzia, hau da, Fernando VII.ari.

    Lehenengo paragrafoan, dokumentuaren aurkezpena egiten dute egileek. Pertsiaren ohitura bat erabiltzen dute espainiarrek erregea itzultzeko duten irrika adierazteko. Une historikoak alderatzen dituzte, “…aintzinako Persian … anarkiaz beteriko bost egun”, Independentzia Gerran bizitako egoerarekin konparaketa eginez. Era berean, egileek euren aurkezpena egiten dute: errege legitimoaren itzuleraz pozten diren Espainiako Cadizko diputatu batzuk dira.

    “…zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan” esaldiaren bidez, Aranjuezko matxinadaren ondorioz Baionako Abdikazioak eman zirela eta Napoleonek bere anaia Josef I.a Espainiako tronuan ezarri zuela gogoratzen da. Espainiarrek onartu ez eta Independentzia Gerra hasi zen. Valençayko Itunarekin bukatu zen gerra eta Fernando VII.a tronura itzultzean idatzi zuten manifestu hau.

  • Bigarren zatia: Monarkia absolutuaren defentsa teorikoa

    Bigarren paragrafoan, monarkia absolutuaren aldeko defentsa eta justifikazio teorikoa agertzen zaigu. Antzinako Erregimenean erabilitako argudioak erabiltzen dituzte egileek:

    • “Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da”, hau da, ez da arbitrarioa. Erregeak bere mugak ditu: Jainkoaren eta estatuaren oinarrizko legeak (foruak eta usadioak).
    • Erregearen boterearen legitimitatea defendatzeko argudio tradizionalak azaltzen dituzte: “konkista eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen”.
    • Botere absolutua derrigorrezkoa da herritar guztien interesak zaintzeko: “…botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesak zaintzen dituena agintzeko…”.
  • Hirugarren zatia: Cadizko Gorteak baliogabetzeko eskaera

    Hirugarren paragrafoan, ideia nagusia agertzen da. Agiriaren egileek erregeari Cadizko Gorteen lana baliogabetzeko eskaera luzatzen diote:

    • Eskaera legitimoa da, “gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da”.
    • Gorteen osaketa antzinako tradizioak (erreinuka eta estamentuka) errespetatuz egin nahi dituzte, “…xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez, eta antzinakoak egin ziren bezala…”, Cadizko Gorteen ez bezala.
    • “bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak…”, hau da, Cadizko Gorteak eta egindako lan legegilea deuseztatu beharra dago ilegala eta desegokia izateagatik. Beraz, Konstituzioa indarrik gabe uzteko eskatzen diote.

Deskargatu

PDF Word HTML