Parisko Notre Dame katedrala: arkitektura eta historia
Parisko Notre Dame katedrala
Sarrera
Irudi honetan Parisko Notre Dame katedral gotikoaren kanpoaldea ikus dezakegu. Frantziako katedral gotiko ederrenetakoa da, XII. eta XIII. mendeetan eraikia. Egilea ezezaguna da. XII. mendea arkitektura gotikoaren aldi klasikoa izan zen. Aldi klasiko horren ezaugarri nagusietako batzuk hauek ziren: alde handia zegoen erdiko nabearen eta albokoen artean, eta oso handia zen zutabeen arteko espazioa, beira-leihoz ixteko joera zegoen, hormaz itxi ordez. Garai horretako beste katedral gotiko batzuk Chartres, Amiens edota Reimsekoak dira.
Azterketa
Arkitektura gotiko honek gurutze latindarreko oinplanoa du eta bost nabe ditu. Kaperak ageri dira kanpoko horma-bularren artean eta, zabalerari dagokionez, txikiagoa da transeptuarekiko aldea. Erdiko nabeko gurutze-ganga seitan banatzen da. Gangaren alboko bultzadei eusteko, zutoin-arkuak erabili ziren lehen elizetako bat izan zen Notre Dame Pariskoa. Triforio bana ageri dute erdikoak eta alboetako nabeek.
Gainera, elizaren transeptua erdian dago. Elizaren buruan bi girola daude, eta kanpotik, katedralaren aurrealdean, bi gargola (dorre) ikus ditzakegu. Argazkian ikusten den bezala, arrosa-leiho handi bat dago, eta, horren gainean, beste bat, txikiagoa. Bertan, bi dorre txiki daude (pinakuluak).
Arkuak zorrotzak dira eta gingildunak. Arku gotikoaren gainean gabletea dago, hau da, hiruki formako moldea. Arkuteria edo arku-galeria ere nabarmentzen da. Gurutze-gangak euskarri baketoidunen gainean daude.
Iruzkina
Katedral hau XII. mendearen amaieran hasitako aldaketa teknologiko, filosofiko-erlijioso, ekonomiko, politiko eta sozialen ondorioz gauzatu zen estilo gotikoaren adibide argia da. Hiria garatzean, bizimodu berriak eta pentsamolde-aldaketa etorri ziren. Burgesia bezalako talde sozialak agertzean eta unibertsitateetan natura eta zientziak ikasteari ekin zitzaionean, kulturaren eta artearen prozesu humanizatzailea hasi zen. Aldaketa horiek eta hiriak berpizteak eraikuntza berriak ekarri zituzten, aztertu ditugunak.
Parisko Notre Dame – Ataria
Sarrera eta azterketa
Parisko Notre Dame katedralaren erdiko ataria ikus dezakegu, XII. eta XIII. mendeetan eraikia. Bertan, Azken Juizioaren irudia ikus dezakegu.
Zerrenda horizontaletan banatu zuten tinpanoko espazioa: Kristo ageri da goikoan, alboetan aingeru bana, eta epaituen alde bitarteko lanak eginez, Ama Birjina eta San Joan Bataiatzailea.
Maiz ageri den gaia dugu erdiko zerrendan: deabru bat, kondenatuak infernurantz herrestan daramatzala, eta aingeru bat, zuzenak zerurantz gidatzen ari dela. Beheko zerrendan, hildakoak hilobitik ateratzen ari dira. Tinpanoko zati guztietan, Azken Juizioaren gaia lantzen dute. Kristo epaile ageri da, Ama Birjina eta beste santu batzuk azalduko dira.
Iruzkina
Talde eskultoriko hau XII. mendearen amaieran hasitako aldaketa teknologiko, filosofiko, erlijioso, ekonomiko, politiko eta sozialen ondorioz gauzatu zen estilo gotikoaren adibide argia da.
Hiriak garatzean, bizimodu berria eta pentsamolde-aldaketa etorri ziren. Burgesia agertzen eta unibertsitateetan gai berriak ikasteari ekin zitzaionean, kulturaren eta artearen prozesu humanizatzailea hasi zen. Aldaketa horiek arte errealistago eta naturalistagoa ekarri zuten, irudian ikusi bezala. Gai erlijioso berriak agertuko dira: Ama Birjinaren bizitzarekin erlazionatutakoak; Jainko epaile ahalguztidunaren ideia Kristo salbatzailearen irudiarekin ordezkatuko da.