Ortega y Gasset: Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa
Perspektibismoa (1914-1923)
Teoria honen arabera, errealitateari so egiten dion bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dio. Norberaren ikuspuntua edo perspektiba errealitatearen beharrezko osagaia da, eta ezin esan daiteke ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik. Perspektibismoaren teoriak, hortaz, errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du. Ondorioz, egia absolutua, hau da, errealitatearen guztizko ikuspena, haren inguruan jasotako irudi guztien konbinazio antolatua izango da. Irudi bakoitzak errealitatearen zati bana dakar. Egia ikuspuntuko irudiak bateratuz lortuko da.
Perspektibismoaren doktrinaren arabera, errealitatea ezin daiteke interpretatu subjektuaren eta objektuaren arteko ohiko bereizkuntza baztertzailearen eremuan; hau da, niaren eta ez-niaren arteko aurkaritza hertsian. Izan ere, idealismoaren aurrean (gauzen gaineko niaren nagusitasuna azpimarratzen duena) eta errealismoaren aurrean (gauzen berezkotasuna nabarmentzen duena, niaz landa), Ortegak proposatzen du nia eta gauzak batzean oinarritzen den alternatiba epistemologikoa: niak gauzak bizitzen ditu. Errealitatearen hautematea elkartze horretan oinarritzen da. Geroago, Ortegaren aro arraziobitalista izenekoan, niaren eta gauzen arteko elkarrekintza bizitzaren nozioari lotuko zaio, bizitza errotiko errealitatea den aldetik.
Arraziobitalismoa (1923-1955)
Ortegak ikerketa bat egiten du gizakia kokaturik dagoen bi ikuskera erradikalenen inguruan: bizitzaren ikuskera eta arrazoimenarena. Bitalismoaren eta arrazionalismoaren kritika egiten du, gero, ikuskera bakoitzaren alde positiboa hartu eta sintesi bat egiteko.
Etapa berri hau ez da perspektibismoaren ukapena, zehaztapena baizik, eta perspektibatik balio duena hartzen du: bizitzaren perspektiba (emandako errealitatea) eta arrazoimenarena (ulertzeko ahalegina). Biek ezaugarri komunak dituzte: beren errotikotasuna eta ikuskeraren oinarri izatea. Gogoeta arrazionalak berak ezartzen ditu arrazoiaren mugak. Ortega ez dago arrazoiaren aurka, edozein kritikak arrazionala izan behar duelako. Era berean, ez da kritikatzen bizitza, bitalismoak bizitzari buruz duen ikuskera murriztua baizik.