Ondare Galera Konputaezinak eta Kalkulu Arauak
Ondare Galera Konputaezinak
Kasu hauek ez dira konputatzen ondare galera bezala:
- Frogatzen ez direnak.
- Kontsumoak eragiten dituenak: ibilgailuentzat dago pentsatuta gehienbat, denborarekin balioa jaitsi egiten baita erabileraren ondorioz, baina beste hainbat kasu sar daitezke hemen, kontsumoarengatik galera eragiten duen edozer.
- Inter vivos egintzen edo eskuzabaltasunaren ondoriozko kosturik gabeko eskualdaketetan gertatutakoak.
- Ondasun higiezinen kostu bidezko eskualdaketen ondoriozkoak, baldin eta ondasun horiek aurretik egindako kosturik gabeko eskuraketa salbuetsi edo tributazio efektiborik gabeko eskuraketa batetik badatoz. Araudiak, hala ere, dio letra honetan ezarritakoa ez dela aplikatuko, zergadunak frogatzen badu ondasun higiezinaren balioa aparteko inguruabarrengatik urritu dela; edo, bigarrenik, galeraren eragilea besterenganatzearen edo eskuraketaren berezko gastuak direnean.
- Zergaldian jokoan izandako galeren ondoriozkoak: lortutako irabazien zenbatekoa gainditzen duena.
- Ondare elementuak eskualdatzearen ondoriozkoak, eskualdatzaileak atzera eskuratzen baditu eskualdatu eta urtebete pasatu baino lehen. Horrela, ondare galera hori ondare elementuaren aurreko eskualdaketa gertatzen denean integratuko da. Elementuak behin betiko eskualdatuta lortutako ondare galera geroratuko da (galera fiktizioaz ari da).
- Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza tresnen merkatuez emandako 2004/39/CE Zuzentarauan azaldutako bigarren mailako balore-merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartutako balore edo partaidetzen eskualdaketen ondoriozkoak, baldin eta zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu eskualdaketa gertatu aurreko edo ondoko bi hilabeteetan.
- Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza tresnen merkatuez emandako 2004/39/CE Zuzentarauan azaldutako bigarren mailako balore-merkatu ofizialetan negoziatzeko onartu ez diren balore edo partaidetzen eskualdaketen ondoriozkoak, baldin eta zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu eskualdaketa gertatu aurreko edo ondoko urtean. Araudiak dio aurreko g) eta h) letretan aipatutako kasuetan zergadunaren ondarean mantentzen diren balore edo partaidetzak eskualdatzen joan ahala integratuko direla ondare galeran.
Ondare Irabazi eta Galeren Kalkulu Arau Orokorrak
Orokorrean, kostu bidezko zein kosturik gabeko eskualdaketetan, ondare irabazia edo ondare galera kalkulatzeko, ondare elementuaren eskuraketa balio eguneratutik eskualdaketa balioa kendu behar da.
- Kostu bidezko eskualdaketa: Normalean gauza bat saldu egiten duzu.
- Kosturik gabeko eskualdaketa: Dohaintzan egiten duzu, beraz zuretzat ez da geratuko irabazia.
- Gainerako kasuak (merkatuko balioa): Ondare elementuen merkatuko balioa edo zati proportzionala hartzen da kontuan. Hau adibidez lapurreta bat gertatzen denean ematen da, subentzio bat hartzen denean edo sari bat irabazten denean. Hau da, kolpean sartu edo ateratzen da zerbait gure ondaretik.
- Ondare elementuak sartzea: Zergadunak ondare elementuak sartzea, beti ere eragiketa oinordetza edo dohaintzen gaineko zergaren menpean ez dagoenean.
- Ondaretik irtetea konpentsaziorik gabe: Zergadunaren ondaretik irtetea inolako konpentsaziorik gabe (adibidez, lapurreta edo sute bat dagoenean eta asegururik ez duzunean).