Nietzsche: Kristautasunaren Kritika, Jainkoaren Heriotza eta Supergizakia

Filosofia eta etika12,97 KB

1. Kristautasunari kritika

Nietzscheren iritziz, erlijioa beldurretik sortzen da, bizitzaren aurrean gizakiak dituen larrimin- eta ezintasun-sentimenduetatik. Erlijioak ez du inoiz egia esan eta naturaz gaindiko izaki transzendentalei errealitatea ematean -Jainkoa, haraindia, etab.- metafisikak egindako errore berbera gauzatzen du. Horrela agertzen da Nietzsche tradizio judu-kristauaren kontra, budismoaren kontra eta, oro har, edozein forma erlijiosoren aurka. Zehazki, Mendebaldeko gure historian kristautasunak irauli zituen antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak, mundu ideal baten asmakuntzaren bidez eta mundu erreal bakarraren mespretxua zela bide. Hilezkortasunaren onarpenarekin, bizitza hau pasabide iragankor bihurtzen da. Nietzscheren aburuz, kristautasuna platonismo herrikoia da, ahulentzat eta esklaboentzako filosofia eta moral arrunta. Bestalde, erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu; artaldearen balioak edo esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa eta antzekoak, guztiak bizi-senen aurkakoak. Besteak beste, bekatua, errua, damutasuna eta penitentzia izeneko kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurkako erasoak.

Antikristoa idazlanean, bereziki egundoko zartada eman nahi izan zion kristautasunari. Honako kritika hauek topa daitezke aipaturiko testuko lerroetan. Jabeen aurkako herri xehearen matxinada da erlijioa; beraz, herri xumearen balioak dira nagusi erlijioan. Erlijioak, bestetik, baditu alderdi onak, aszetismoa aldarrikatzen duenez, jende xehearen heziketa bide egokia delako, herriko jendeak akatsetan hobera egiteko. Baina oro har, erlijioak, eta batik bat kristautasuna eta budismoa, gaixoen eta ahulen erlijioak direnez gero, oztopo izan dira gizakiak bere mugak etengabe gainditzen joateko. Osoko bizitzari, edo osotasunez mamitu beharreko bizierari kontrajar­tzen zaio bizitza ahula eta artaldearen morala. Horixe da erlijioak goraipatzen duen jardunbidea, indarra eta hobetzeko ausardiaren ordez beldurrez jarduten duen morala.

Kristautasunari leporatzen dio ezen grinak, bulkadak, senak, oro har gorputzari gogoko zaion guztiak eta balio estetikoak arbuiatu izana. Hori dela eta, garaiko gertaerarik garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotzak hain zuzen, gizakiaren baterako garapenaren ateak zabaldu ditu, bere indar sortzaileak hedatzeko. Kristau-Jainkoa, bere debekuak, agindu eta guzti, alde batera geratzen dira. Eta horrela, gizakion begiak ez dira haraindiko mundura zuzenduko, gezurrezko mundura jo beharrean, honako mundu honetara joko dute eta.

Bide beretik jarraituz, esan behar da Nietzschek Kristori ez diola atzematen Eliza katolikoak esleitzen dion egokiera. Jesus Kristo ez da Jainkoaren Semea, edo Elizaren sortzailea, baizik eta gizon apal, onguratsua eta bihozbera.

Nietzscheren aburuz, Kristok antolamendu oro ukatzen du, eta bakearen eta mantsotasunaren berri ona besterik ez dakar. Haren aldean, Elizaren benetako sortzailea jartzen du aurrez aurre, Pauloko Tarsokoa, hain zuzen. Kristoren berri ona zegoen lekuan, Paulok Eliza ezarriko du, eta Elizaren sorburuko osagaiak, besteak beste, mirariak, apaizak, sari eta zigorrak, hierarkia, azken batean. Hil ondoko bizitza, epaia, berpizkundea eta abar erlijioak gogara edo nahita asmatzen ditu; zorionekoari emango zaion ordaina, hil ondoko bizitzan sari gisa jartzeagatik. Eliza halako antolaketaz baliatzen da, aldien amaieran izango den epaiketaren beldurrez, Elizako kideak artaldearen esparrura sartzeko gogoarekin.

Eta, Nietzscheren ustez, Elizaren maltzurkeriaren goreneko adierazlea bekatua da. Hau da, bekatuaren beldurrak bizitzaren idealak gaiztotu egiten ditu, eta horregatik bizitza ederra, osasuntsua, ausarta eta bere gisako balioak pozoiturik daude.

Kristautasunari luzatzen dion eraso zital eta gupidagabe hori, azken batean, Mendebaldeko metafisikaren beraren kontrako kritika da. Horrek mundu honetakoa, lurrekoa, gorputzezkoa zabarkeriatzat eta itxurakeriatzat hartzen du. Aitzitik, Nietzschek uste duenez, zeru-lurrean begi aurrean agertzen den mundu hau besterik ez da, eta betierekotasunaren ideia ez du onartzen.

2. Jainkoaren heriotza

Kristautasunaren ideia guztien oinarrian, ezkutuan Jainkoa dago, bizitzaren kontrakoa dena. Horregatik, indarra, askatasuna eta espirituaren independentzia bermatzeko, ateismoaren aldarrikapena egin zuen, zeren eta sinesmena ahultasunaren eta koldarkeriaren adierazle baita, eta azkenean, bizitzaren aurkako jokaera bilakatu baita. Jainko ideiaren sorrera ametsezkoa da guztiz; are gehiago, gizakiak berak har dezake Jainkoak uzten duen lekua, balioen sortzaile moduan eta legegile gisa.

Beraz, Nietzscheren iritziz, Jainkoa desagertutakoan, hari atxikitzen zaizkion balio kristauak ere desagertu egingo dira, balio horiei egunean eusten dieten erlijioz kanpoko moralak, sozialismoak eta demokraziak, batik bat, iraun egin duten arren. Lehenago edo geroxeago, Jainkoaren heriotzak balio absolutuaren eta lege moral objektiboaren hondamena ekarriko du. Horrela dio Nietzschek. Balioei dien arbuioa nihilismoaren ezaugarria da.

Zientzia alaia idazlanean, aurreko lerroetan esandako guztia hankaz gora jarriko duen iragarpen zitala egin zuen Nietzschek, hau da, Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen zalaparta handiarekin. Behin eta berriz adierazten du kristautasunaren ezintasuna Jainkoarekiko sinesmenari eusteko; eta, haren ustez, horrek argi izpiak dakartza Europara. Izan ere, kristautasunaren debekuak eta aginduak alde batera utzita, Jainkoarenganako fedearen gainbeherak gizakiaren jatorrizko indar sortzaileak askatuko dituenez gero, gizakiak ez dio mundu honen bestaldekoari helduko, hemengoari baizik.

3. Jainkoaren heriotza eta azken gizakia

Honela mintzatu zen Zaratustra idazlanaren «Gizaki zoroa» izeneko pasartea guztiz deigarria da, Jainkoaren heriotzak sortu duen jipoiaren eta nahasmenduaren adierazle gisa. Jainkoaren heriotza ezinbesteko erreferentzia-puntua da gizaki askeak moralitatearen eraldakuntzari ekin diezaion.

Nietzscheren ustez, Jainkoaren heriotza, une zehatz batean gertatu ez bazen ere, gertakizun historikoa da. Azken batean, gizon-emakume guztiek eragin duten heriotza da. Hori antzematen duen lehendabizikoa, hau da, Jainkoaren heriotzak uzten duen hutsuneaz ohartzen den lehendabizikoa, pasartean aipatzen den gizaki zoroa da. Zirrara hunkigarri batek jota, bere onetik aterata, oihuka hasten da, zertaz konturatu den ezin sinetsirik. Horrelaxe ematen du Nietzschek bere iragarpenaren berri aipatutako liburuan.

Jainkoaren heriotzaren ostean, gizakia ez da Jainkoengana hitzez zuzenduko, ez ditu Jainkoen izenak aitatuko; gizakia bere moduko gizalagunari mintzatuko zaio, aurrez aurre elkarri aldarrikatuko diote gizakiaren garapen osoa benetan egingarria dela. Jainkoaren heriotzaren osteko urratsak bi dira: bata arriskutsua eta bestea txalogarria.

Gizakia noraezean aurkitzeko arriskua da lehendabiziko urratsa, hau da, idealismoaren eta transzendentziaren hondamendiarekin gizakia geratzea goian zerua eta behean lurra. Gizakiaren bizibideari argia eta norabidea ematen zioten zeruko izarrak itzalitakoan, noraezean gera daiteke gizakia, bere bizipoza goibeldurik, eta zakartuta bere jokaera, orduko ateismoak huskeria baino ez liokeelako eskainiko. Bizitza moralaren aztoramendua eta txikikeria Jainkoa hil osteko arriskuak dira. Azken gizakia gu guztiok gara -Honela mintzatu zen Zaratustra adierazten duen bezala- igandeetan Jainkoarengan sinesten duena, bizitzaren aspergura ekiditeko aisialdia besteek antola diezaioten uzten duena; azken batean, hil artean besterik gabe bizi den gizakia, ez atzera ez aurrera, gizaki nihilista da.

Bigarren urratsa Supergizakia konturatzea bere sormen-ahalmenaz eta urrats hori txalogarria litzateke, egoera berriaz oharturik, gizaki berria sormena garatu dezakeela konturaturik uste izango du haraindiko munduan zituen ametsak lurrera ekar ditzakeela. Bizidun guztiek beren gainetik beste zerbait sortu duten era berean, gizakiak ere bere buruaren gainetik beste gizaki-maila bat sortu beharra du, ezereza edo Jainkoa aintzakotzat hartu gabe.

4. Supergizakia

Honela mintzatu zen Zaratustra bere idazti landuen eta ezagunenean, goren puntura iritsi zen bere filosofia. Ordura artekoa testuan bildu eta Supergizakiaren teoriarekin uztartuko du ondoren azalduko den eran. Jainkoaren heriotzaren osteko urratsa da Supergizakiaren etorrera. Dagoeneko, ez da Supergizakia bere horretan agertu; aldiz, geroago izango den itxaropena azaltzen du Nietzschek. Idealismo oro galduta, inolako asmorik eta indar sortzailerik gabe dagoen azken gizakiaren aurrean, Supergizakiaren itxaropenaz arituko da Zaratustra. Edozein proiekturi ekiteko gogoa galduta, gizakiaren pasibitateak nihilismoa ekarriko du, alegia, azken gizakiak «egonean egon» besterik ez du egingo.

Nietzscheren gizakiari buruzko gogoetak bere garaiko biologia-antropologiarekin bat datoz. Hau da, giza taldea ez da betidanik eta betiko eran mantendu; eboluzioaren hipotesia nahiko uste sendoa da garaiko zientzialarien artean, baita Nietzscherengan ere. Bere izatez, gizaldiz gizaldi, gizakiak bilakaera bat izan duen moduan, aurrera begira ere pentsatzekoa da eboluzionatzen jarraituko duela; horrela, Supergizakia etorriko dela uste du. Beste alde batetik, antropologiaren barruan orduantxe sorturiko beste burutapen batzuekin ere bat egingo du, hala arimaren eta gorputzaren arteko banaketa ukatzen dutenekin, nola gizatasunaren bat-bateko sorkuntzaren aurkakoekin. Hala ere, gizatasunaren aurrerabidea ez da nolanahi, berez datorren moduan, utzi behar.

Gizadiak dituen asmoak gauzatzeko lurra atondu beharrean gaude, bere pausalekua, eta ez pasalekua, balitz bezala.

Nietzschek iraganarekin apurtzea nahi duenez gizaki berri bat sortzeko, gizakiak beti aurrera begiratu behar du, etorkizuna nork bere erara egokitzeko. Hauxe da, tradiziozko zenbait iritziren kontra, Nietzscheren pentsaeraren abiapuntua. Iraganarekin lotzen duten lokarriak nahitaez askatu behar ditu gizakiak, eta haien pisu astuna gainetik kendu, bere etorkizunaren jabe izan dadin.

Horrela bakarrik uler daiteke Nietzschek Supergizakiaz aditzera eman nahi zuena, inola ere ez giza taldearen azken etapa gisa, baizik eta gizakiok apurka-apurka hobera egiteko eta aurrekoa gainditzeko nahiaren adierazle gisa. Supergizakia gauzatzeko gogoak egungo egoerarekiko ezadostasuna erakusten du, baita lortu gabe dagoen bizi-maila hobea erdiesteko ahalegina ere.

Feuerbachen eragina Marxengan

Bai Feuerbach bai Marx ezker hegeliarrean kokatuko dugu:

Marxek onartutako ideiak

  1. Orain arteko filosofiak teologia mozorrotuaren papera bete duela, hau da, filosofia teoria hutsa izan dela eta gutxiengoen pribilegioak babestu dituela. Filosofia Marxentzat gainegiturazko edukia izan da. Bere ustez, filosofiaren papera aldatu beharra dago, filosofiaren helburua praktikoa izan behar da (PRAXIS), hau da, bere helburua izan behar da injustizia sozialekin amaitzea, gizartea transformatzea... Beraz, filosofiak bete behar du paper askatzailea, eta ez, ostera, zapaltzaileen interesen babeslea.
  2. Errealitate sentsiblea errealitate bakarra dugula (Interpretazio materialista), hau da, errealitate fisikotik eta pertzeptibotik kanpo ez dugu ezer.
  3. Giza harremanei emandako garrantzia. Antropologia marxistan ere gizakia egilea da eta gizakia izaki soziala da.
  4. Alienazio erlijiosoaren kontzeptua: gizakiak sortutakoa da Jainkoa eta Jainko irudi horretan jarri ditu gizaki idealaren ezaugarriak: orojakilea, oroegilea... Hala ere, denborarekin ezezaguna bihurtuko da eta baita menperatzaile ere; beraz, alienante. Horrela, gizakiak pentsatzen du Jainkoak gizakia sortu duela eta ez alderantziz. Marxek erlijiozko alienazioak kritikatuko ditu. Bere aburuz, ardatz nagusiko alienazioa alienazio ekonomikoa / lanaren alienazioa izango da, beste alienazio mota guztiak honen ondorioak baitira.

Marxek Feuerbachi egindako kritikak

  1. Aldaketa guztiak kausa mekanikoen ondorioz ez direla. Horrela, mundua, materiala izanik, garapen edo prozesu historiko bati loturik dago. Marxismoak ez du onartuko interpretazio mekanizistarik, hau da, errealitateak berak ez du aldatzeko gaitasuna. Marxen ustez, kanpoko baldintzak ezinbesteko eragina izango dute errealitatean, bereziki baldintza ekonomikoak. Eta baldintza hauek aldatzean, beste guztia ere aldatuko da.
  2. Alienazio erlijiosoa miseriaren ondorioa da. Marxek Feuerbachen alienazio erlijiosoa onartuko du, baina guztia miseriaren ondorioa dela esanez eta erlijioa dela irteera bat bizitza gordinetik eta miseriatik ihes egiteko: "Erlijioa da herriaren opioa".
  3. Gizakia ez da ikusle hutsa, egilea dela (HOMO FABER), eta bere lanak prozesu historikoan eragina du.
  4. Gizakia gizaki zehatza dela (ibilbide historiko eta gizarte harreman zehatzak dituena). Beraz, gizakia ezin da inoiz kontzeptu orokor bat izan, Feuerbachek esaten zuen moduan.

Deskargatu

PDF Word HTML