Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Kontzeptuak
Nekazaritza
Nekazaritza intentsiboa:
Lur eremu txikian, etekin handiak ematen dituen nekazaritza-ustiapen metodoa da. Produktu beraren uzta bat baino gehiago edo produktu desberdinak ateratzen dira normalean. Teknika berriak aplikatzen dira: mekanizazioa, ongarri kimikoak, hazi hautatuak…; eta inbertsio handiak egiten dira. Merkatu handira eta esportaziora bideratutako produkzioa da.
Nekazaritza estentsiboa:
Lur eremu handian, etekin txikiak ematen dituen nekazaritza-ustiapen metodoa da. Teknika tradizionalak erabiltzen dira eta inbertsioa oso eskasa da. Normalean, autokontsumora bideratutako produkzioa da.
Abeltzaintza
Abeltzaintza intentsiboa:
Ukuiluratuta dauden animalien ustiapen metodoa da. Ustiategiak hirien inguruetan kokatzen dira hiriko hornikuntzarekin lotuta baitaude. Inbertsio handiak egiten dira: teknika modernoak, arraza hautatuak eta inportatutako pentsuak erabiltzen dira elikadurarako. Etekin handiak ematen ditu.
Abeltzaintza estentsiboa:
Ukuiluratu gabe, bazkaleku naturalak dauden lekuetan ematen den animalien ustiapen metodoa da. Lan teknika tradizionalekin eta arraza autoktonoekin lotuta dago. Inbertsio gutxi behar du eta etekin txikiak ematen ditu. Tradizioz, nekazaritzaren osagarria izan da.
Beste Kontzeptu batzuk
Nekazaritza-ustiapena (ustiategia):
Enpresaburu baten erantzukizunpean nekazaritza-produktuak ematen dituen unitate tekniko-ekonomikoa da. Hau da, ekoizle batek landutako lursailen multzoa nahiz eta lursail horrek elkartuta edo sakabanatuta egon eta bere jabetzakoak izan zein ez.
Nekazaritza-paisaia:
Inguru naturalak nekazaritza jardueragatik izandako eraldaketetatik sortutako eremua da.
NPB (Nekazaritza Politika Bateratua):
Europar Batasunak bere estatu guztientzat duen nekazaritzarako politika bateratua da. Bere helburuak produktibitatea areagotzea, bizimodu duina bermatzea nekazaritzako populazioarentzat, merkatuak egonkortzea, horniduren segurtasuna bermatzea eta kontsumitzaileari hornidurak arrazoizko prezioetan ziurtatzea dira. Horretarako erabiltzen dituen tresnak ondorengoak dira: prezioetan eta ekoizpenerako laguntzetan parte hartzea, inportazio eta esportaziorako kontrolak egitea eta ekoizpenerako gehienezko kuotak finkatzea.