Nekazaritza eta Abeltzaintza Sistemak Espainian
Nekazaritza Intentsiboa
Nekazaritza intentsiboa Espainian 1960tik aurrera garatutako sistema produktibista da. Lurra etengabe erabiltzen duen lantze-sistema da, bai klima egokia delako, bai lurra ureztatzen delako. Gainera, lan-esku ugari erabiltzen du eta mekanizazio gutxi. Urtean uzta bat baino gehiago jasotzen da (polilaborantza) lursail txikietan. Lurraren produktibitatea altua da, baina lanarena, aldiz, ez. Adibidez, baratzegintza.
Nekazaritza Estentsiboa
Nekazaritza estentsiboa tradizionala da Espainian, eta 1960 arte nagusi izan zen. Azalera handiak okupatzen dituen lantze-sistema da, normalean produktu bati eskaintzen zaio (monolaborantza), eta lan-esku gutxi erabiltzen du. Hektarea bakoitzeko etekin baxua eskuratzen da, baina lan-unitate bakoitzeko emaitza oparoa da. Sistema honen bidez lantzen dira lehorreko lurretan “hirukote mediterraneoa” osatzen duten produktuak: zerealak, mahatsondoa eta olibondoa.
Abeltzaintza Intentsiboa
Abeltzaintza intentsiboan, animaliak ukuiluetan edo haztegietan egoten dira, argi-, tenperatura- eta hezetasun-baldintza berezien mende, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta produkzio handiena lortzeko. Hori dela eta, inbertsio handiak eskatzen ditu, besteak beste, instalazioetan, teknologian, eskulanean eta elikagai aberastuetan. Produktibitate handiko jarduera da, baina kutsadura sortzen du. Adibidez: esne-behien, hegaztien edo txerrien haztegiak.
Abeltzaintza Estentsiboa
Abeltzaintza estentsiboan, lurraldearen erabilera ziklo naturaletara egokitzen da. Horrela, larre naturalak edota lugorrian dauden sailetako sastrakak aprobetxatzen dituzte tokian tokiko animaliek. Trilogia mediterraneoarekin lotuta egon dira bai ardi-azienda, bai ahuntz-azienda. Espainia hezean, aldiz, haragitarako behia. Ustiapen mota tradizionala izan da, eta gaur egun garapen jasangarriarekin bat egiten du.
Nekazaritza-ustiategia
Nekazaritza-ustiategia enpresaburu baten erantzukizunpean nekazaritza-produktuak ematen dituen unitate tekniko-ekonomikoa da. Neurriaren arabera, txikia (minifundioa, 10 ha baino gutxiagokoa), ertaina (10-100 ha bitartekoa) edo handia (latifundioa, 100 ha baino gehiagokoa) izan daiteke. Lursailak irekiak edo itxiak izan daitezke, erregularrak edo irregularrak.