Nafarroako Foruaren Hobekuntza: Testuingurua eta Azterketa

Historia4,62 KB

Dokumentuaren sailkapena

Testu juridiko baten aurrean gaude, 1982ko Nafarroako Foruaren Hobekuntza Legearen artikuluak baitira. Lehen mailako testu historikoa da eta izaera publikoa du. Iturria Amejoramiento del Fuero 1841-1982 (Iruñea, 1982) argitalpena da.

Testuinguru historikoa: Espainiako Trantsizioa

1975ean Franco hil ondoren, garai berri bati emango zaio hasiera: Trantsizioari, hain zuzen ere. Frankismoaren erregimena desegingo zuen Erreforma Politikorako Legea 1976an onartuko da, eta hortik aurrera, bata bestearen ondoren, erregimen demokratikoa eratuko duten erabakiak etorriko dira.

Lehendabizi, eskubide eta askatasun pertsonal eta politikoak onartuko dira, eta horiekin batera, alderdi politikoak legeztatuko dira. 1977an hauteskunde orokorrak deituko dira, eta horietan, erreforma martxan jarri duen Adolfo Suárezen koalizioa, UCD, aterako da garaile. Aspaldiko partez, Gorte demokratikoak hautatuko dira, eta hauetan batzorde bat eratuko da, alderdi desberdinetako kideez osatuta, Konstituzio berri bat idazteko. Kontsentsua izango da lan horien ezaugarririk nabarmenena, eta hala, 1978an Konstituzioa amaitu eta erreferendum bidez onartuko da.

Autonomien Estatua eta Nafarroaren bidea

Konstituzioaren atal garrantzitsu bat autonomiei buruzkoa izango da. Hasierako artikuluetan esaten da Espainia "nazio bakarra" dela, baina "nazionalitatez eta erregioz osatuta". Autonomia bakoitzak probintzia bat edo gehiago izango du, eta bere barne-antolaketa eta Estatu zentralarekiko harremanak arautzeko erakunde hauek izango ditu:

  • Batzar legegilea
  • Gobernu Kontseilua, presidentea buru dela
  • Auzitegi Nagusia

Horrela, lehentasuna emango zaie II. Errepublika garaian autonomia-izaera lortu zutenei, "historikoak" deituko direnak: Katalunia eta Euskadi. Hauek, preautonomia fase batetik igaro ondoren, beren estatutua 1979an lortuko dute. Galiziak preautonomia 1979an eta autonomia 1981ean lortuko ditu. Nafarroak, ordea, bigarren txanda arte itxaron beharko du, ez baita "historiko" gisa hartzen eta beste euskal lurraldeetatik bereizita geldituko baita, nahiz eta Konstituzioak Euskadiko Erkidegoarekin bat egiteko aukera eman.

Foru Hobekuntzaren negoziazioa

Kontuan hartu behar da Nafarroan 1979ko hauteskundeetan UCD gelditu zela nagusi, PSOE (15 eserlekurekin) bigarren eta UPN hirugarren. Alderdi horietako ordezkariek Nafarroarako estatutua negoziatuko dute Madrilgo Gobernuarekin. Prozesu horretan, 1841eko Lege Hitzartua (Ley Paccionada) hartuko dute oinarritzat. Lege hartan, Nafarroak erresuma izateari utzi zion probintzia bihurtzeko, nahiz eta berezko antolaketa ekonomiko-administratiboa gorde zuen. Frankok erregimen berezi hori mantendu egin zuen.

Legearen edukiaren azterketa

Aurrean daukaguna, beraz, negoziazio horren ondoren sortutako Nafarroako Forua Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren zati bat da. Artikuluetan honako puntu nagusiak nabarmentzen dira:

  • Izaera: Nafarroari "Foru Komunitate" izaera aitortzen zaion arren, praktikan ez da gainerako komunitate autonomoetatik batere desberdintzen. Legeari berari "Lege Organiko" izaera eman zaio, hau da, Konstituziotik zuzenean datorrena garrantzi handiko gaietarako.
  • Mugak: "Unitate konstituzionalarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen" esaldiak adierazten digu Nafarroako Forua, "hobetua" izan arren, automatikoki Espainiako Konstituzioaren menpe gelditzen dela. Halaber, nafarrek "gainerako espainiarrek dituzten eskubide, askatasun eta betebehar berdinak" izango dituztela zehazten da.
  • Hizkuntza: Gaztelaniaren nagusitasuna agertzen da, eta euskara lurralde batzuetara mugatzen da, oraindik zeintzuk diren erabaki gabe.
  • Erakundeak: "Foru erakundeak" aipatzean, Parlamentua, Gobernua eta haren presidentea aipatzen dira.
  • Finantzaketa: "Hitzarmen Ekonomikoa"ren bidez erabakiko da Nafarroak Estatuari zenbat ordaindu behar dion.
  • Eskumenak: 1841eko legeak eta ondorengo hitzarmenek Nafarroari aitortutako eskumenez gain, oraingoan beste batzuk ere gehitzen dira.

Ondorioak eta oposizioa

Ikusten dugu lege honek izaera administratiboa duela eta bertan tesi nabarristak nagusitu direla. Legeak hainbat alderdiren oposizioa izan zuen, hala nola HB, EAJ, Amaiur eta UNAI, 1839 baino lehenagoko ahalmenak zituen Forua berrezarri nahi baitzuten.

Azkenik, esan behar da "eskubide historikoen izenean" prozesua erreferendumik gabe onartu zela.

Deskargatu

PDF Word HTML