Multinazionalak eta ETEak: Definizioa eta Ezaugarriak
Multinazionalak: Definizioa
Ekoizpen-ahalmen handia duten merkataritza-sozietateak dira, edo merkatu berrien bila dabiltzan enpresen kontzentrazioen edo bat-egiteen bidez sortutakoak. Merkatu horietan dagoen premia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta interesgarriagoak izango zaizkie enpresa horiei bertan kokatzeko. Merkatu horiek ez daude enpresaren jatorrizko herrialdean.
Ezaugarriak
- Multzo osoaren emaitzei esker, elkar konpentsatzen dira eta oreka lortzen dute.
- Punta-puntako teknologia dute. Hori dela-eta, etengabe hazten dira, eta, apurka-apurka, merkatua bereganatu eta enpresa txikiagoak xurgatzen dituzte.
- Haien egituran, enpresa nagusia taldeak jarraitu beharreko estrategia zehazteaz arduratzen da, eta plangintza- eta kontrol-jarduerak egiten ditu; filialak, berriz, taldeko ekoizpen-jarduerez arduratzen dira, enpresa nagusiak adierazitako irizpideei jarraituz.
- Oso handiak direnez, merkaturatzen dituzten ondasun eta zerbitzuetan eskala-ekonomiak lortzeko aukera dute.
- Halaber, tamainari esker, berebiziko garrantzia izaten dute jarduten duten sektorean.
- Enpresa nagusiak filialen gaineko zuzeneko kontrola izan dezake, edo zeharkakoa, haien kapital sozialean partaidetza izanda.
ETEak: Definizioa
Langileen kopuruaren arabera enpresa txiki edo ertainak dira.
Ezaugarriak
- Enpresa-prestakuntza urria: Enpresaburuak enpresa-ezagutza tekniko urriak ditu, eta sarritan, enpresaren kudeaketa egitean eskuratu ditu.
- Finantza-ahalmen urria: Finantza-merkatuetara heltzeko zailtasunak izaten dituzte. Izan ere, familia-enpresa gisa sortu dira, hasteko baliabide gutxirekin, eta, horregatik zaila egiten zaie hazi ahal izateko autofinantziazioa sortzea.
- Langileen kualifikazioa eta prestakuntza teknikoa, eta zaharkitze teknologikoa: Langileen birziklapenaren eta enpresaren teknologiaren bizkortasuna ez da berdina. Hori zuzendaritzaren aurreikuspen faltagatik edo egokitzeko behar adina baliabide ekonomikorik ez izateagatik gerta daiteke.
- Antolaketa malgua: Enpresako langileen artean erraz komunikatzeko aukera dago, langileen kopurua txikia delako. Horri esker, komunikaziorako eta lan-talde on bat sortzeko aukera dago, eta horren ondorioz, erabakiak hartzea errazten da, malgutasun handiagoa baitago. Izan ere, aginte-maila gutxi daude, enpresaburuak edo enpresako zuzendariak botere osoa baitu, eta, horren ondorioz, erabakiak bizkor har daitezke, bitarteko askorik tartean egon gabe.
- Langileen integrazioa: Langileak enpresan integratuta daude, ardurak hartzen dituzte beren gain, eta horren ondorioz, erabakiak bizkor har daitezke, bitarteko askorik tartean egon gabe.
- Merkatu interstizialetan garatzea: Enpresa handiek merkatuetan utzitako hutsuneak baliatzen dituzte enpresa txiki eta ertainek, enpresa handiak produktu batean espezializatu eta eskala-ekonomiak izateko aukera ematen duten ekoizpen-mailak lortzen saiatzen baitira. Zenbait alderditan, enpresa txiki eta ertainek enpresa handiek baino hobeto jardun dezakete; adibidez, produktua merkaturatzen, bezeroarekin harreman hurbilagoa izaten baitute.
- Enplegu-sortzaileak: Enpresa txiki eta ertainek lan-baliabide gehiago dituzte kapital-baliabide baino; beraz, tamaina handiko enpresek baino enplegu gehiago sortzen dute, agian, lehen aipatu bezala, kapitalean inbertitzeko behar adina finantziazio ez dutelako. Proportzioan, enplegu gehiago sortzen dute.