Merkatu Motak: Lehia Monopolista, Oligopolioa eta Monopolioa
Lehia Monopolista
Ezaugarri nagusiak:
- Enpresa asko
- Produktu-desberdintzea. Produktuek behar berberak asetzen dituzte, baina ez dira guztiz ordezkoak elkarren artean.
Produktu-desberdintzea: Produktua homogeneoa ez denean eta beste produktuetatik bereizten duen ezaugarriren bat duenean.
Lehia Monopolistako Merkatuen Funtzionamendua
Publizitatearen bitartez, enpresak produktuak desberdintzen saiatzen dira, kontsumitzailea beste produktu batzuen truke ordainduko lukeena baino gehiago ordaintzeko prest egon dadin.
Baina badira publizitaterik egin beharrik ez dutenak ere: tokiko eremuan jarduten duten lehia monopolistako enpresak dira horren adibide (dentistak, gasolina-zerbitzuguneak). Hauetan, ahoz ahoko transmisioa da garrantzitsuena.
Oligopolioa
Ezaugarri nagusiak:
- Enpresa gutxi: Merkatu-kuota osoa enpresa gutxi batzuen artean banatzen da.
- Merkatu homogeneoa: Mota horretako merkatuko produktuak ordezko produktu perfektuak dira.
- Kapital-inbertsio handiak (sartzeko hesia): Merkatu oligopolisten ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko behar diren inbertsioak eta teknologiak enpresa handien esku daude soilik.
Oligopolioen Funtzionamendua
Kolusioa: Bi enpresek edo gehiagok egiten duten hitzarmena da, merkatua kontrolatu nahian, beste enpresa lehiakideak baztertuz. Merkatu oligopolistetan oso ohikoak dira.
Kolusiorik gabe
Enpresek prezioak finkatzen saiatzen dira, kontuan hartuta zenbat sal dezaketen eta lehiakideek zer-nolako erreakzioak izan ditzaketen. Hiru estrategia daude:
- Aurrea hartzeko merkataritza-politikak: Enpresa bakoitza lehiakideek zer egingo duten igartzen saiatzen da.
- Prezio-gerrak: Enpresa oligopolista batek salmenta-prezioa jaisten badu, besteek jaitsi gabe, haren merkatu-kuotak eta diru-sarrerek gora egingo dute. Enpresa guztiek proportzio berean jaisten badute prezioa, ordea, kontsumitzaileak izango dira egoera horren onuradun bakarrak.
- Prezioen lidergoa: Merkatuan lider den enpresak prezioa eta eskaintzaren gainerako baldintzak finkatzen ditu, eta merkatu oligopolistako enpresek onartu egiten dituzte, negoziaziorik gabe.
Kolusiozkoa
Kartelak enpresen elkarketa informalak dira, merkatuko lehiakideak gutxitzeko edo bidetik kentzeko sortutakoak, baina enpresa bakoitzak bere independentziari eusten diotela.
Kartelak edo kolusio-akordioak bi modutan gauzatzen dira:
- Prezioa alde batera utzita lehiatuz: Enpresen lehia diseinuan, kalitatean edo beste edozein faktoreren inguruan izaten da, baina aldez aurretik elkarrekin adostutako prezioa errespetatzen dute.
- Merkatu-banaketa eginez: Merkatua zati berdinetan banatu daiteke, edo geografia-eremuen arabera. Halaber, ekoizpen-kostuak adostu ohi dira enpresa bakoitzarentzat.
Monopolioa
Ezaugarri nagusiak:
- Enpresa bakar batek asetzen du eskari osoa.
- Erabateko ahalmena du erabakitzeko zenbat ekoitziko duen eta zer preziotan.
Merkatu mota honetan sartzeko hesi bereziak daude:
- Baliabide bat eskuratzeko esklusiba izatea: Enpresa batek ondasun edo zerbitzu jakin bat lortzeko ezinbesteko ekoizpen-faktoreren bat kontrolatzen badu, berak bakarrik eskaini ahal izango du produktu edo zerbitzu hori.
- Lege-eskubideak izatea: Jatorri publikokoak edo pribatukoak diren kontuan hartuta, lege-eskubideak honela sailkatzen dira:
- Patenteak: Lege-babesa lortzeko formula bat da. Patenteen bidez, industrian aplika daitekeen asmakizuna egin duenari aitortzen zaio hura esklusiban ustiatzeko eskubidea.
- Administrazio-emakidak: Sektore publikoak ondasun jakin bat ekoizteko edo zerbitzu jakin bat emateko eskubidearen esklusiba du.
- Emandako zerbitzuaren ezaugarriak: Batzuetan, zenbait zerbitzuren ezaugarriak direla eta, ez da komeni merkatu berean enpresa bat baino gehiago egotea. Enpresa bakar bat badago, hornidura-kostuak murrizten dira. Horrelako monopolioari monopolio naturala esaten zaio.
- Kostu-abantailak: Enpresa batek lehiakideek baino kostu txikiagoan ekoizten badu, merkatuan nagusitu egingo da.
Monopolioaren Funtzionamendua
Enpresa monopolistek merkatuan duten boterearen ondorioz, gehiegikeriak egiteko arriskua dago, eta horrek kalte egiten die kontsumitzaileei. Botere abusuzko egoerak eragozteko, herrialdeek monopolioaren aurkako legeak eta lehia askearen defentsarako auzitegiak izan ohi dituzte.