Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Analisia eta Helburuak

Historia2,63 KB

Testuaren Izaera eta Testuingurua

Testu juridikoa da, dekretu bat baita, 1836ko otsailaren 21ean idatzia eta egun horretan bertan Madrilen argitaratua (Gaceta de Madrid). Elizaren ondasunak saltzeko aginduarekin batera, Mendizábalek María Kristina erreginaordeari desamortizazioaz emandako azalpena dakar (azalpen hau publikoa bilakatu zen).

Mendizábal Espainiako gobernuburu eta Ogasun Ministroa zen, ideologia progresistakoa. Gogoratu behar dugu dekretua Lehen Karlistada gertatzen ari zela aldarrikatu zela, eta bere helburuetako bat gerra hura finantzatzea izan zela. Beraz, eduki ekonomiko nabarmena du. Garaian garaiko testu historikoa dugu, beraz, lehen mailako iturria.

Desamortizazioaren Arrazoiak eta Onurak

Testuak desjabetzak egitearen arrazoiak eta desamortizazioak ekarriko dituen onurak azaltzen ditu:

Helburu Ekonomikoak

  • Estatuaren zorrak arindu.
  • Hainbat ondasun zirkulazioan jarri (Elizak dituen erabili gabeko lurrei buruz ari da, “hildako aberastasuna” deitutakoa).
  • Zorrak kitatzeaz gain, ekonomia suspertu.

Helburu Politiko eta Sozialak

Mendizábalek adierazten du Espainia biziberrituko duen urratsa ematea dela, ez bakarrik ekintza komertzial bat. Azken batean, erakundeak sostengatuko dituen jabetzadun hiritar taldea bultzatu nahi zen. Talde hau burgesia berri bat izango litzateke, eta dekretuaren azalpenean “jabe-familia oparoa” terminoarekin azaltzen da.

Testuinguru Politikoa eta Definizio Juridikoa

Ministroak prozesu honetan erregina inplikatu nahi du. Kasu honetan, Isabel II.a litzateke, Fernando VII.a hiltzean oinordekotza gazteegi hartzen duena. Testuaren hasieran aipatzen den Berorren Maiestate Erregina Gobernadorea, berriz, bere ama Maria Kristina dugu, haurtxoaren ordez erreginaordetza duena.

Desamortizazioaren Kontzeptua

Desamortizazioa, korporazio edo erakundeen eskuetan izanik besterenezinak ziren jabegoak berriz ere aske, hau da, jabego partikular bilakatzen zituen ekintza juridikoa da. Honen bidez lortu nahi zen:

  1. Lurra bere jabeen loturatik aldentzea, horretarako beharrezko diren neurri legalak ezarriz.
  2. Lurrak besteen eskuetara pasatzeko eran jartzea; hau da, ordura arte arau zaharren arabera familia handiei lotuta zeuden lurrak (saldu edo erosi ezin zirenak) merkatuko produktu bilakatzea.
  3. Lege Zaharreko estamentuei (kleroa, noblezia, udalak) beren indar ekonomikoa kentzea.

Azken helburua zen gizarte estamental zaharraren tokia gizarte klasista modernoak hartzeko bidea prestatzea.

Deskargatu

PDF Word HTML