Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Analisi Historikoa
Aztertuko dugun testu hau 1836ko otsailaren 21ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako desamortizazio dekretuaren zati bat da. Bere egilea Mendizabal da, eta idazleak zuen helburua desamortizazioa justifikatzea zen, iritzi publikoak onar zezan.
Testua erreginari zuzentzen zaio, berari eskatzen baitio desamortizazioa onar dezan, baina baita herriari ere, aldizkarian argitaratu zenez herriak ere irakur dezakeelako. Testua historikoa da, eta lege konkretu bati buruz hitz egiten denez, juridikoa. Horrez gain, izaera politikoa du, nahiz eta ekonomiari lotutako legea izan, liberalismoaren ezaugarri nagusia baita.
Ideia Nagusiak
Testuak bi ideia garrantzitsu ditu: lehenengo ahapaldikoa eta bigarrenekoa. Lehenak desamortizazioaren aldeko justifikazioa egiten du, eta bigarrenak dio ez dela diru bilketa bakarrik, jabetza pribatua bultzatzea ere badela.
Testuinguru Historikoa: Liberalismoaren Eraikuntza
Lege hau 1836an ezarri zen, liberalismoa hasi eta hiru urte geroago; beraz, liberalismoaren eraikuntzaren garaian. Desamortizazioa hori lortzeko pausuetako bat izan zen.
1833an, Fernando VII.a hil zen, eta horrekin absolutismoa amaitu. Erregearen ondoren Isabel II.a jarri zen, baina adinez oso txikia zela eta, bere ama, Maria Kristina, erregeordetza hartu zuen.
Hurrengo urtean, Errege Estatutua onetsi zen (erreginak egindako konstituzioa), eta bertan argi utzi zen monarkia ere liberalismoaren alde jarri zela, karlismoarekin akordiorik lortu ezin zuelako. Aurrerakoien iritziz, Estatutuak ez zituen arazoak konpontzen, eta ezegonkortasun horretan La Granjako Matxinada egin zuten, gobernua aurrerakoien alde utziz. Hori dela eta, Mendizabalen desamortizazio hau ezarri zen, non elizaren ondasunak estatuarenak bihurtu ziren, gero enkantean jartzeko.
Desamortizazioaren Justifikazioak (Mendizabalen arabera)
Testuaren hasierak desamortizazioaren aldeko justifikazioa egiten du. Hasieran dio funtzio garrantzitsuena Estatuari dirua ematea dela, zorra kentzeko. Hala ere, gero gehitzen du hori ez dela helburu bakarra, “zorion publikoaren iturri oparoa” ere badela, hau da, denon eskura jartzen dela, enkanteak edonork ondasun horiek lortzeko eskubidea ematen baitu.
Kontuan hartu beharra dago, ordea, biztanleria guztiak ez duela diru-gaitasun berdina, eta honetan onuradunak burgesia aberatsa eta antzinako noblezia direla, hau da, dirudunak.
Helburu Ekonomikoak eta Politikoak
Mendizabalek emandako beste justifikazioak:
- Hildako aberastasuna berpiztea: Espainiako lurren ia erdia elizarena zen eta askok ez zuen erabilerarik. Dekretu honek aukera ematen zuen erabili gabeko lur horiek erabiltzeko, eta erosleek probetxua ateratzeko asmoa zuten. Horrela, argi uzten da Elizak lehen zuen boterea asko gutxitzen duela desamortizazioak.
- Industria oztopoak kentzea: Desamortizazioak merkatu aske bat sortzen du, eta honek ekonomia berpizten du. Lur horiek probetxu ekonomiko bat ateratzeko erosi zirenez, ekonomiak aurrerakada handia eman zuen, batez ere nekazaritzan.
- Liberalismoaren ikurra: Desamortizazioa ez da ekonomia kontua bakarrik, liberalismoaren ikurra ere bada, eta horrek askatasuna esan nahi du. Testuak dioen eran: “ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronuarekin identifikatzea da”.
Jabetza Pribatuaren Bultzada
Hurrengo ahapaldiaren hasieran Erreginaren onespena eskatzen da, legea betetzeko eta ondorioz zor publikoa gutxitzeko. Baina garrantzitsuena ondoren dator, Mendizabalek baitio “jabe familia oparoa sortzea” funtsezkoa dela. Honek jabetza pribatua bultzatu nahi dela esan nahi du.
Hau liberalismoaren ezaugarri garrantzitsu bat da, merkatu askea ezartzean jabetza pribatuak izatea ahalbidetzen baita. Mendizabalek dioen honek aberastasuna sortuko du, eta horrez gain, lurrak erosiko dituzten burges eta nobleak bere alde izatea lortuko du.
Ondorioak eta Eraginak
Desamortizazio dekretu honen ondorio nagusiak hauek izan ziren:
- Elizaren botere galera: Eliza ondasunak desamortizatu ziren, erakunde honi boterea izugarri murriztuz.
- Zorra kitatzea eta Gerra finantzatzea: Zorra kitatzeko erabili zen, Ogasunaren egoera oso txarra baitzen. Gainera, Espainia Gerra Karlistetan murgilduta zegoenez, bildutako diruaren zati bat armada liberala finantzatzeko erabili zen.
- Ekonomiaren susperraldia: Erabili gabeko lur askori erabilera eman zitzaien, eta erosleek probetxua ateratzeko asmotan erosi zituzten. Honi esker, ekonomia suspertzea lortu zen, batez ere nekazaritzan.
- Burgesiaren indartzea: Jabeak burgesak eta noblezia zirenez, jabetza pribatua bultzatzeaz gain, gizarte klase hau liberalismora hurbiltzea lortu zen, Estatu liberalaren alde jarriz.
Kaltetutakoak eta Ondarearen Galera
Neurri hauek guztiak liberalismorako oso onak izan ziren, baina kaltetu asko egon ziren, Elizaz gain:
- Nekazaritzako proletarioa: Udal jabetzak eta lurrak gutxitu zirenez, nekazaritzako proletarioa agertu zen (lurrik gabeak). Jauntxo baten eskuetatik lur-jabe burges baten eskuetara pasatu ziren, eta beraien bizi baldintzak ez ziren asko hobetu.
- Kultura eta arte ondarea: Kultura eta arte ondare handia galdu zen, lapurretak eta suntsiketak eman zirelako.
Ondorioa
Hala ere, kontuan izan behar dugu honek liberalismoaren oinarriak ezarri zituela Espainian, garai berri bat hasiz. Gainera, hurrengo urteetan beste desamortizazio garrantzitsu bat eman zen: Madozena, helburu antzekoekin.