Material Metalikoak eta Burdin Aleazioak
Material metalikoen ezaugarri orokorrak
Material metalikoak solidoak dira giro-tenperaturan (merkurioa izan ezik) eta propietate onak dituzte: zailtasuna, harikortasuna eta xaflakortasuna; nabarmenena, eroankortasun elektriko zein termikoa da.
Aleazioak eta haien eraketa
Aleazioa metal batek beste elementu batzuekin (metalikoak edo ez) duen nahaste homogeneo edo disoluzio solido bat da, metal baten itxura eta propietateak dituena. Proportzio handienean dagoen metalari oinarri esaten zaio eta gainerako elementuei aleatzaile.
Aleazio bat osatzeko baldintzak
Bi dira bi elementuk edo gehiagok aleazio bat osatzeko bete behar dituzten oinarrizko baldintzak:
- Elementuak egoera likidoan nahaskorrak izatea eta solidotzean nahaste homogeneoa sortzea.
- Lortutako produktuak izaera metalikoa izatea.
Burdina: Osagairik garrantzitsuena
Osagairik garrantzitsuena burdina da eta gaur egun gehien erabiltzen diren produktuak dira, ondorengo arrazoiengatik:
- Burdin konposatu asko aurkitzen dira lurrazalean.
- Produktu burdindunak erraz alda daitezke, lortu nahi diren propietate fisiko-kimiko zein mekanikoak lortzeko.
- Teknika merkeak erabiliz fabrikatu daitezke altzairuak.
Desabantaila garrantzitsuena: erraz korroitzen (herdoiltzen) diren materialak dira.
Burdin purua
Teknikoki purua den metala da, karbono-kopurua % 0,03 baino gutxiago denean. Bere ezaugarriak honako hauek dira:
- Kolore zuri-grisaska.
- Dentsitatea: 7,85 kg/dm3.
- Urtze-tenperatura: 1.530 ºC.
- Irakite-tenperatura: 2.450 ºC.
- Magnetikoa da 770 ºC-raino.
Prozesu elektrolitikoen bitartez lortu daiteke, baina industrian ez du aplikazio ugaririk metal puru gisa.
Galdaketak
Galdaketak karbonoa % 1,76 eta % 6,67 bitartean duten burdin-karbono aleazioak dira. Horrenbeste karbono duenez, karbono hori aske egoten da edo burdinarekin erreakzionatu eta zementita izeneko osagai oso gogorra sortzen du (FeC). Galdaketak material hauskorrak dira eta moldeetan sartzeko erraztasun handia dute.
Galdaketa-motak
- Galdaketa arruntak: grisak (grafito askea dute) eta zuriak (zementita dute).
- Galdaketa aleatuak: Ni, Cr, Va, Al eta antzeko elementuak gehitzen zaizkienean.
- Galdaketa bereziak: tratamendu bereziren bat egiten zaienean.
Horiek guztiak lingote-ontzietan solidoturiko arrabiotik lortzen dira; horretarako, labe berezietan urtzen dira berriro.