Marketina eta Merkatuaren Azterketa: Enpresaren Gida Osoa

Ekonomia6,08 KB

Marketina eta Merkaturatze-arloa

Merkaturatze-arloa

Merkaturatze-funtzioaren baitan, enpresak ekoizten dituen ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzaileengana heltzeko egin behar diren jarduera guztiak sartzen dira.

Arlo horren funtzionamendu nagusiak:

  • Merkatu-azterketa: Informazio baliagarria ematen du enpresaren zuzendaritzak bere politika diseinatu dezan.
  • Marketina: Enpresaren politika komertziala diseinatzen du. Filosofia modura, merkatuan hautemandako premiak betetzen saiatzen da; funtzio gisa, marketinaren filosofia errealitate bihurtzeko jardueren multzoa garatzen du.
  • Salmentak: Zuzeneko salmenta eta banaketa-kanalekin duen harremana antolatzen ditu.

2. Merkatua

Merkaturatze-funtzioak enpresa eta enpresaz kanpoko eremua lotzen ditu.

Merkaturatze-funtzioa: Hiru elementu garrantzitsu daudela ikusiko dugu: produktua, produktua ekoizten duen enpresa eta kontsumitzailea, produktua erosten duena.

Merkatua: Merkaturatze-jardueraren ikuspegitik, premiak dituzten pertsona edo enpresen multzoa da.

2.1. Merkatu-motak

Ekonomia eskaintzaile-kopuruaren, eskatzaile-kopuruaren eta produktuaren homogeneotasun-mailaren arabera banatzen da. Bi mota daude:

  • Lehia perfektua: Produktu homogeneoa; eskaintzaile eta eskatzaile ugari.
  • Lehia inperfektua: Hiru mota daude:
    • Monopolioa: Produktu bakar baten saltzaile bakarra dago eta erosle ugari.
    • Oligopolioa: Oso antzeko produktuen saltzaile gutxi daude, eta erosle ugari.
    • Lehia monopolista: Produktu desberdindu baten erosle eta saltzaile ugari daude.

2.2. Eskari Osoa eta Merkatu-kuota

Aldi jakin batean erosleak erosteko prest dauden produktuen edo zerbitzuen kantitateari eskaria esaten zaio.

Produktu baten eskari osoa edo eskari globala kontsumitzaileek aldi jakin batean egiten dituzten erosketa guztiak dira.

Enpresa-eskaria: Aldi jakin batean eta enpresa jakin bati produktu baten zer kantitate erosten zaion adierazten du.

Merkatu-kuota: Enpresa batentzat oso garrantzitsua da salmenta osoaren zer proportzio dagokion jakitea.

3. Merkatu-azterketak

Ingurune orokorrari, lehiakideei eta kontsumitzaileei buruzko informazioa bildu, landu eta aztertzea da.

Produktu bat ekoitzi eta saldu nahi denean, emaitza onak lortzeko, ez da nahikoa intuizioa izatea, aurrez merkatua ikertu behar da, hau da, merkatu-azterketa bat egin.

3.1. Merkatu-azterketaren faseak

  • 1. Azterketa-ereduaren helburua zein den erabaki

    Edozein azterketa egiten hasi aurretik, oso argi izan behar da zer jakin nahi den eta nora iritsi nahi den.

  • 2. Azterketa-eredua diseinatu

    Azterketa nola egingo den zehaztu. Informazio-iturri nagusiak:

    • Enpresaren barne-informazioa: Enpresak egindako txostenak oinarri hartuz lotutako informazioa.
    • Aurrez argitaratutako datuak: Urtekarietatik lortutako informazioa.
    • Enpresaz kanpo egindako ikerketa: Enpresatik kanpo jasotzen den informazioa.
  • 3. Datuak bildu

    Informazioa biltzea oso prozesu zaila izan ohi da. Bi motatako datuak erabiltzen dira:

    • Lehen mailako datuak: Egituratu gabeko informazioa, kontsumitzaileen lehentasunei buruzko inkesta baten emaitzak, adibidez.
    • Bigarren mailako datuak: Egituratutako informazioa da, eta azkar eskura daiteke. Bigarren mailako datuak dira biztanleria-errolda baten emaitzak, adibidez.
  • 4. Datuak analizatu eta interpretatu

    Datu guztiak bilduta eta sailkatuta daudenean, emaitzak analizatzeko fasea dator, oinarri-oinarrizko fasea: merkatuan sartzeko erabakia analisi horretan lortutako emaitzaren mende egongo da.

  • 5. Emaitzak aurkeztu

    Prozesuko azken urratsa da. Txostenean azterketaren ondorioak islatzen dira eta atal hauek izan behar ditu:

    • Gaiaren azterketa: Analisiaren planteamendua eta egindako azterketaren arrazoia adierazi.
    • Metodologiaren analisia: Azterketa nola diseinatu zen aurkeztuko da.
    • Emaitza teknikoak: Azterketan lortutako emaitzak tauletan eta grafikoetan jasota aurkezten dira.
    • Ondorioak: Ikerketaren emaitzetan oinarrituta, aholkuak eta ondorioak jasotzen dira.

3.2. Enpresaren ingurunearen azterketa

Ingurune orokorraren analisia

Enpresak inguruan zer errealitate duen aztertu behar da.

  • Legezko ingurunea: Enpresak bere jarduera ekonomikoa zer legek arautzen duen jakin behar du.
  • Ingurune teknologikoa: Lehia ikaragarria dago produktuen artean; hori dela eta, enpresak egunean egon behar du gertatzen diren eta enpresaren ekoizpen-prozesuari eragiten dioten hobekuntza teknologikoei dagokienez.
  • Ingurune soziala: Oso garrantzitsua da kontsumitzaileengan zer aldaketa gertatzen diren jakitea.
  • Ingurune ekonomikoa: Herrialde bateko ekonomiak gorabeherak izaten ditu. Enpresarentzat interesgarria izan daiteke herrialdeak zer ekonomia-aurreikuspen dituen jakitea.

Lehiakideen analisia

Lehiakideak, merkatu berean, produktu bera ekoizten duten edo zerbitzu bera ematen duten enpresei esaten zaie. Urrats batzuk jarraitu behar dira:

  • Lehiakideak zein diren jakitea.
  • Beharrezkoa den informazioa bilatzea.
  • Lehiakideak enpresarekin alderatzea, zer egoeratan dauden jakiteko.

Deskargatu

PDF Word HTML