Manuel Larramendi: Bizitza eta Lanak (1690-1766)

Beste atzerriko hizkuntzak3,24 KB

Manuel Larramendi Garagorri (1690-1766)

Bizitza

Aita Manuel Larramendi Andoainen jaio zen. Salamancan ikasi eta jesuita egin zen. Irakasle ere izan zen Salamancan. Euskal Herriak inoiz izan duen pertsonarik argienetakoa eta eztabaidari zorrotza izan zen (azken 30 urteak Loiolan eman zituen).

Obra

Lanik gehienak gaztelaniaz idatzi zituen.

Bi modutara lortu zuen Larramendik euskararen alde lan egitea:

  1. Euskara gutxiesten zutenak lotsagarri utziz eta euskaldunak beren hizkuntzaz harro egotera animatuz.
  2. Euskara erabili eta lantzeko ardura zutenak lan egitera bultzatuz.

Gaztelaniazko ekarpena

De la antigüedad y universidad del Bascuenze en España: Euskararen aldeko defentsa edo apologia sutsua da. Hurrengo urtean argitara emango zuen gramatikaren iragarpena egiten du. Honako abantaila hauek ikusten dizkio euskarari:

  • Espainiako hizkuntza zaharrena dela.
  • Gaztelaniazko hitz askoren jatorria baino hobea dela.
  • Hizkuntza filosofikoa, erregularra eta salbuespen gutxikoa dela.

Euskararen etsaiek zerabiltzaten argudio guztiak irauli eta euskararen alde jartzen ditu. Gauza bera edo antzekoak esan zituen euskaraz Sarako Etxeberri medikuak ere.

Discurso histórico sobre la famosa Cantabria (1736): Erromatarrek menperatu ezin izan zituzten kantabriarren ondorengoak direla euskaldunak defendatzen du. Euskaldunen apologia egiten du obra honetan ere.

Sobre los fueros de Guipuzkoa: Artean indarrean zeuden foruak arriskuan ikusiko balitu bezala, haien aldeko argudioak erabiltzen ditu. Larramendiren iritziz, foruak ez dira pribilegioak edo zaharkitutako legeak, burujabetasunaren oinarria baizik. Haien defentsan indarra erabiltzeko eskubidea ere aitortzen dio Gipuzkoari.

Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa (1756): Gipuzkoa eta gipuzkoarrak goresteko idatzia da. Ohiturak, jantziak, geografia, erlijioa, dantzak, nekazaritza, arrantza, euskara… deskribatzen ditu.

Euskarazko ekarpena

Bere lan gehienak gaztelaniaz idatzi zituen, apologia egitea baitzuen helburu nagusia. Larramendik, ordea, euskara ere ondo zekien, eta euskaraz idatzi zuen apurra da horren lekuko:

  • Sermoi batzuk
  • Olerkiren bat
  • Kristau-ikasbide bat
  • Sarrera bat
  • Pare bat eskutitz

Prosa gihartsua eta samurra eta hiztegi aberatsa erabili zituen.

El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Ezina, egina) (1729): Euskal gramatika ezinezkoa zela ziotenei erantzun tinkoa eman zien lan honekin. Gaztelaniatik abiatuta egindako euskara ikasteko metodoa bada ere, euskarazko lantzat har daiteke. Hiru ataletan banatzen da: deklinabidea eta aditza, sintaxia eta prosodia (azentuaren azterketa).

Diccionario trilingüe: Castellano, Bascuence y Latín: Larramendiren obrarik eztabaidagarriena eta ezagunena da. Erdarazko hitz guztiei euskal ordaina eman nahi die, eta horrek hitzak asmatzera eraman zuen (neologismoak sortzera). Dena den, Larramendik berak herriko euskara erraza eta aberatsa erabili zuen euskarazko lanetan.

Deskargatu

PDF Word HTML