Makroekonomia, BPGd eta Ekonomia Adierazleen Garrantzia

Ekonomia2,81 KB

Makroekonomia ekonomia osoaz, funtzionamendu orokorraz, arduratzen da. Mikroekonomia, berriz, osotasun horren atal batzuk soilik aztertzen ditu.

Ekonomia Adierazle Nagusien Garrantzia

1. Inflazioa Kontrolpean Badago

  • Gure aitona-amonek jasotzen dituzten pentsioek ez dute erosteko ahalmena galduko.
  • Familientzat errazagoa izango da hilaren bukaerara iristea.
  • Enpresek ez dute kezkatuta egon beharko lehengaien edo beste ekoizpen-baliabide batzuen prezioen etengabeko gorabeherekin.

2. Langabezia Tasek Behera Egiten Badute

  • Familien diru-sarrerak handiagoak izango dira.
  • Kontsumoak gora egingo du, enpresen eskaria handitu egingo da eta langile gehiago beharko dituzte.
  • Gobernuak langabezia-prestazio gutxiago ordaindu beharko ditu, eta diru hori beste zerbaitetan erabili ahal izango da.

3. Ekonomia Hazi Egiten Bada

  • Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena handituko da, baita enpresen irabaziak ere.
  • Gobernuak gehiago bilduko du zergetan.
  • Familiek diru gehiago izango dute gastatzeko, eta bizi-kalitatea eta ongizatea hobeak izango dira.

BPGd (Barne Produktu Gordina)

BPGd herrialde batean denboraldi batean (urtebete izan ohi da) ekoizten diren azken ondasun eta zerbitzuen balioa da, dirutan neurtuta.

BPGd-aren Ezaugarriak

  • Moneta bat erabiltzen da neurtzeko.
  • Aitortutako jarduerak soilik hartzen ditu kontuan.
  • Azken ondasunen balioak soilik adierazten ditu.
  • Herrialde bateko mugen barruan ekoizten denaren balioa neurtzen du.
  • Aldi batean ekoitzitakoa neurtzen du (oro har, urtebetean ekoitzitakoa).

BPGd Nominala eta Erreala: Aldea eta Deflaktatzea

Ondasun eta zerbitzu baten diru-balioa aldatu egiten da denborarekin. Orain arte aztertu dugun BPGd-a BPGd nominala da, eta azken ondasun eta zerbitzuak dagokion urtean zuten prezioaz biderkatuta kalkulatzen da.

Ekonomian inflazio-prozesuak izan ohi direnez, inflazioaren eragina kendu beharko da zenbait aldiren arteko alderaketa baliozkoak egin ahal izateko. Bi alditako BPGd-a alderatzerakoan, ekoitzitako kopurua, prezioa edo biak alda daitezke. Kopurua aldatzen ez bada eta prezioek gora egiten badute, BPGd-a handitu egiten da, baina horrek ez du esan nahi ondasunen eta zerbitzuen balio erreala handitzen denik.

Horrelako arazorik ez izateko, ekonomilariek beste adierazle bat kalkulatzen dute: BPGd erreala. BPGd nominala ez bezala, oinarri edo erreferentzia moduan erabiltzen den urteko prezioez biderkatzen da. Horrela, prezioen igoeraren eragina kentzen da.

Nominaletik errealera pasatzeari deflaktatzea deritzo. Deflaktatzea inflazioak magnitude edo balio batean duen eragina kentzea da.

Deskargatu

PDF Word HTML