Lehen Karlistaldia: Euskal Herria gerraren epizentro
Gatazkaren testuingurua eta Karlismoaren oinarriak
Gerraren epizentroa euskal lurraldeetan kokatu zen, baina gatazkak Kataluniako, Aragoiko eta Valentziako mendialdean ere hedatu ziren. Gatazka odoltsua izan zen: ia 200.000 pertsona hil ziren, herrialdean hamahiru milioi pertsona bizi ziren garaian.
Karlismoak Euskal Herrian ospe handia izan zuen, hainbat arrazoirengatik. Alderdi horiek Euskal Herriaren barne eraketarekin bat zetozen, eta liberalen legeria-kodeen aurkakoak ziren:
- Erlijioaren defentsa gizarte-ordenan sartzen zelako.
- Foruzaletasuna tradizioaren adierazpen modura defendatzen zelako.
- Jaunen lurraren jabetzaren egitura ordena ekonomikoan txertatzen zelako.
- Legitimismo absolutista onartuta zegoelako atal politikoan (euskal foruak errege absolutistekin egindako itunei esker mantendu zirelako).
Edozein modutan, liberalen nukleo garrantzitsuak zeuden euskal lurraldeetan, gehienbat hiriburuetan, baina baita merkataritzan edota industrian jarduten zuten udalerrietan ere, Irunen eta Eibarren esaterako.
Zumalakarregi eta gerraren hasiera
Lehen Karlistaldia sorpresen eta gerrillen borroka gisa hasi zen, eta Tomas Zumalakarregi lider karlistak estrategiaren maisua zela erakutsi zuen. Lurraldearen ezagutza funtsezkoa izan zen karlistek hasiera batean izan zuten arrakasta militarrean. Euskal geografia zaila gotorlekua izan zen euskal karlistentzat, eta aterpea Gaztelako eta Kantabriako karlistentzat, haien probintzietatik kanporatu egin zituzten eta.
Bilboko setioa eta gerraren bilakaera
Gerra aurrera zihoala, euskal lurraldeko hiriburuak eta Arabar Errioxa izan ezik, Don Karlosen menpe geratu ziren. Zumalakarregik hala eskatuta, Don Karlosek foruak zin egin zituen, eta hainbat ekintza politiko burutu zituen:
- Legeak eman.
- Zigor-kodea aldarrikatu.
- Oñatiko Unibertsitatea planeatu.
Hala ere, karlistek Bilbo konkistatzea zuten helburu, nazioarteko aitorpena lortzeko. Ekintza horretan, Zumalakarregi karlisten buruzagia hil egin zen, eta, handik gutxira, Espartero liberalak Bilboko setioa apurtzea lortu zuen.
Gerrak aurrera egin zuen. Matxinatu karlistek liberalen lurraldean espedizioak eginda egoera mesedegarria sortzen ahalegindu ziren arren, batailoietan moralak nabarmen egin zuen behera. Edozein modutan, karlistek euskal lurraldearen zati handi bat okupatzen zuten, eta nekez egiten zuten atzera, armada liberalari izugarrizko desgastea eraginez.