Lehen Industria Iraultza: Gakoak eta Ondorioak

Geografia3,43 KB

Lehen Industria Iraultzaren Garrantzia

Lehen Industria Iraultzak goitik beherako aldaketa eragin zuen ondasunak ekoizteko moduan. Prozesu dinamikoa, bizkorra eta geldiezina izan zen. XVIII. mende erdialdera hasi zen (1750), eta 1870 arte iraun zuen. Britainia Handian izan zuen abiapuntua eta beste herrialde batzuetara hedatu zen XIX. mende hasieran.

Neolitikotik geroztik ekoizpen-egituretan gertatutako eraldaketarik handiena ekarri zuen. Tailerretatik fabriketara, ondasunak eskulanaren eta manufakturen bidez ekoitzi ordez, modu masiboan eta bitarteko mekanikoen bidez ekoizten hasi ziren, eskala handian.

Zer ziren Enclosure Acts legeak? Zer ondorio ekarri zituen?

Enclosure Acts legeen bidez lurrak hesituz joan ziren pixkanaka. Lurrak indibidualizatzea eta ekoizpena handitzea bilatzen zuten.

  • Jabe txikiek nekazari aberatsei saldu behar izan zizkieten lurrak.
  • Jornalari pobreek herri-lurretan bazkatu ohi zuten azienda (ganadua) eta, herri-lurrak desagertzearen ondorioz, hirira emigratu eta beste bizibide bat bilatu behar izan zuten.
  • Produktibitateak gora egin zuen. Landa-eremuko eskulan-soberakina fabriketara joan zen (nekazariak hirietako fabriketara joan ziren lanera → landa-exodoa).
  • Herri-lurren aprobetxamenduan oinarritutako nekazaritzaren ordez, ekonomia indibidualista ezarri zen, produktuak merkaturatzera bideratua.

XVIII. mendeko demografia-iraultza: eragileak eta ondorioak

Biztanleriaren hazkunde iraunkorra hasi zen Britainia Handian. Nekazaritza-ekoizpena handitzea, higienean eta medikuntzan egindako aurrerapenak, izurriak deuseztatzea eta ezkontza-adina aurreratzea izan ziren hazkunde horren eragile nagusiak. Ondorioz, gora egin zuten eskulanak eta kontsumoak.

Lehen Industria Iraultzan Ehungintza-industriaren bilakaera

Biztanleriaren hazkundea zela eta, nabarmen egin zuen gora oihalen eskariak eta, horrekin loturik, ehungintza-industriak. Artilea eta lihoa nahikoa ez zirenez, kotoizko produktuak lantzen hasi ziren. Abantaila hauek zituen kotoiak:

  • Lehengai ugaria eta merkea. Itsas merkataritza ingelesari esker, erraz garraiatu zen Ipar Amerika, Egipto eta Indiako lursail handietatik.
  • Domestic System bidez lantzen zuten kotoia, gremioetatik kanpo.

Eskala handiko ekoizpena bultzatu zuten, kostu baxuagoa eta kalitate hobea baitzuen. Horrek teknifikazio handia eskatzen zuen. Hori dela eta, iruteko makinak asmatu ziren. Makinak hobetu ahala, desagertuz joan ziren etxeko eta eskulangintzako irute-lanak. Ekoizpena handitu zen, kostuak merkatu ziren eta kalitatea hobetu zen.

Lurrun-makina eta lurrun-lokomotorak: garrantzia

1769an James Watt eskoziarrak lurrun-makina bat patentatu zuen. Goitik beherako aldaketa ekarri zuen gizakiaren lanera eta bizimodura. Ur-lurrunak bete zuen ordu arte gizakiaren eta animalien lan-indarrak betetzen zuen egitekoa.

Lurrun-makina lehorreko garraioari aplikatuta, lehen lurrun-lokomotorak eraiki zituzten. Trena garatzeko kapital-soberakinak behar izan ziren. Ahalmen handiko garraiobide merke eta bizkorra zen eta bolumen handiko produktuak garraiatzeko balio zuen. Trenek burdinbide-sarea eskatzen zuten eta horretarako diru-inbertsio handiak egin behar izan zituzten: lurrak erosi, azpiegiturak (zubiak, tunelak...), errailak, geltokiak...

Deskargatu

PDF Word HTML