Larramendi, Kardaberaz eta Mendiburu: XVIII. Mendeko Euskal Idazleak

Hizkuntza eta literatura2,4 KB

Manuel Larramendi eta bere ondarea

Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín

Manuel Larramendiren lanik erraldoiena da, bi tomotan argitaratua. Hiztegian, gaztelaniazko hitza dator lehenik, euskarazko ordaina ondoren, eta latinezkoa azkenik. Batzuetan, euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak (hitz berriak) asmatzen ditu; dena, ordea, ez da asmatua.

Larramendik ez zuen euskaraz lan luzerik taxutu. Hala ere, beste lanetan utzi dizkigun euskarazko zatiek gure hizkuntzan ere idazle handia izan zitekeela frogatzen digute.

Larramendiren eragina

Andoaindarraren lan teorikoek uste izan den baino zabalkunde handiagoa izan zuten. Nabariki, Kardaberaz eta Mendiburu bere ordenakide batzuei eragin zien arren, Iparralderaino ere iritsi zen Aita Manuelen itzala, J. Egiategiz hitz egitean ikusi genuen bezala. Hurrengo mende osoan ere idazle askok aitortuko diote berarekiko zuten zorra.

Agustin Kardaberaz (1703-1770)

Hernaniko semea, jesuiten ikasketak burutu ondoren Bilbo, Oñati eta Loiolako egoitzetan bizi izan zen. Irakaskuntzan jardun zuen batzuetan, baina, batez ere, herriz herri aritu zen sermoigintzan. Osasun aldetik makaldu zenean, Loiolako komentutik ia irten gabe egon zen hamabi bat urtez, eta orduan idatzi zituen bere euskarazko libururik gehienak.

Espainiako erregeak jesuitak bere erreinuetatik egotzi zituenean, Kardaberazek eta beste askok Italiara jo behar izan zuten, Aita Santuaren estatuetara. Hara iritsi eta laster hil zen.

Kardaberazen lanak

  • Moldatutako lan gehienek erlijio-gaia darabilte. Dozenatik gora liburu erlijioso utzi zizkigun, gipuzkeraz eskuarki, baina bizkaieraz ere bai.
  • Badu, hala ere, lan bitxi bat: Euskeraren berri onak. Apaizei eta eskoletako maisuei eskainia da, euskaraz ondo irakurri, idatzi eta hitz egiteko erregelak ikas ditzaten. Lan honetan, Larramendiren eragina garbi nabaritzen zaio.

Sebastian Mendiburu (1709-1782)

Oiartzuar hau Nafarroan eta Gipuzkoan aritu zen hogeita hamar bat urtez sermoigintzan. Kardaberaz bezala, 1767an Italiara atzerriratua izan zen. Euskaraz, garai hartako hizlari dotoreentzat zuten, bere etorri eta mintzamolde garbiagatik. Goi-nafarreraz idatzi zuen, eta bere liburu guztietan erlijio-gaia erabili zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML