La Mona Lisa: Leonardo da Vinciren maisulana

Arteak eta humanitateak2,83 KB

La Mona Lisa edo La Gioconda (Leonardo da Vinci, 1503-1506)

Deskribapen (pre)ikonografikoa

Erretratu figuratiboa da. Emakumezko bat aulki batean eserita ageri da, ezkerreko besoa aulkiaren gainean eta eskuineko eskua beste eskuaren gainean duelarik. Atzealdean paisaia bat ageri da (lakuak, mendiak eta behe-lainoa), obrari sakontasuna emanez. Horizonte-lerroa ez dator bat: gure eskuinaldean altuagoa da eta ezkerraldean baxuagoa.

Ezaugarri teknikoak

  • Euskarria: ohola.
  • Materiala: olioa.
  • Lan-teknika: pintzelaz margotua.
  • Konposizioa: piramide erakoa, erpina buruan duelarik.
  • Bolumena eta espazioa: sfumato teknika erabili du autoreak ertzak lausotzeko (adibidez, sorbaldetako oihalean hauteman daiteke). Mahukan, aldiz, ingerada ongi definitua dago.
  • Lerroa: orokorrean ez da lerrorik nabari, soilik mahuketako ingerada finak.
  • Argia: aurpegian kontzentratzen da eta itzal leun bat sortzen du ezkerraldean (gure eskuinaldean). Aurpegian belo fin bat darama, kastitatearen ikurra.
  • Kolorea: tonu hotzak erabili ditu paisaian (urdinak, zilarkarak) eta tonu zurbilak, arrosak eta grisak figuran.
  • Espresioa: irribarretsua eta nostalgikoa da bere espresioa, alde batetik ala bestetik begiratuta aldatzen dena. Anatomia eta proportzioak naturalak dira. Jantziak ilunak dira; modu honetan, autoreak arropa ez den beste elementu batzuei eman nahi izan zien garrantzia.

Iruzkina: Estiloa, egilea eta testuinguru historikoa

La Gioconda edo La Mona Lisa historiako artelan ezagunenetarikoa da, Leonardo da Vincik margotua 1503 eta 1506 urteen artean. Errenazimendu Garbia deritzogun garaian kokatzen da, Cinquecentoan hain zuzen ere (XVI. mendearen lehen herenean). Garai honetako artista nagusiak Leonardo da Vinci, Michelangelo eta Rafael izan ziren.

Leonardo da Vinci Errenazimenduko adibide gorenetako bat izan zen. Bere ustez, edertasuna izadian aurki zitekeen eta garrantzi handia eman zion argiari, itzalari, bolumenari eta aireko perspektibari bere pinturan. Gainera, sfumato edo ertz lausotuen teknika erabili zuen, irudiaren batasuna indartuz. Irudi-batasuna indartzearren, piramide-konposizio simetriko ezagunak bideratu zituen ere. Leonardoren arabera, garrantzitsua zen gizakiaren emozioak aurpegiaren espresioaren bitartez azaltzea. Decorum delakoaren teoria ere plazaratu zuen: haren arabera, adina eta gizarte-maila kontuan harturik aurkeztu behar ziren pertsonaien keinuak, jantziak eta giroa.

La Gioconda edo La Mona Lisa-rekin batera, Leonardo da Vinciren lan ezagunenak Azken Afaria eta Santa Anako Ama Birjina dira.

Deskargatu

PDF Word HTML