Koloniak: Tokiko boterearen ahulezia aprobetxatuz, metropoliek kontrolpean hartutako herrialdeak. Kontrola erabatekoa izan zen, ekonomia, politika eta kultura esparruetan.
Afrikako eremu askotan finkatu zen eredu hori; Belgikak egin zuen Kongon eta Frantziak, berriz, Indotxinan (Asian).
Protektoratua: Lurralde horietan metropoliak ez zuen tokiko politikan parte hartu; bakarrik ekonomia ustiatzera eta atzerri gaietara mugatzen zuen bere jarduna.
Eredu hau batez ere Asian eman zen (Indiako britainiarren protektoratua, adibidez).
Afrikan, Frantziak eta Espainiak protektoratu bana ezarri zuten Marokon.
Agindupeko lurrak: Britainiar Inperioko lurraldeak, ia osorik jatorri europarreko biztanleek okupatuak. Lurraldeek autonomia zabala eta erakunde propioak zituzten.
Australian eta Zeelanda Berrian eman zen eredu hau.
Afrikako Kolonizazioa
1885ean, Alemaniak Berlingo Biltzarra antolatu zuen, Europako potentzien artean Afrika modu baketsuan nola banatu erabakitzeko; guztiek interes gatazkak baitzituzten kontinentean.
Alemania (bateratze berantiarraren ondorioz) banaketa horretan atzean geratzeko beldur zen.
Britainiar Inperioak Egiptotik Lurmutur Hiriraino kolonia sare zabala sortzea zuen helburu; beste potentziek hori geldiarazi nahi zuten.
Frantziak Sahara aldea eta ondoko herrialdeak zituen mendean.
Portugalek Afrika barnealdeko lurralde zabalak kontrolatzen zituen, bere antzinako kolonietako portuetatik haietara sartuta.
Espainiak, Italiak eta Belgikak beren lurraldeak finkatzea zuten helburu.
Asiako Kolonizazioa
Indiako penintsula britainiarrek kolonizatu zuten osorik, eta koroaren harribitxitzat hartu zuten.
Frantziak Indotxina kontrolatu zuen eta Herbehereak Indonesia artxipelago handiarekin geratu zen.
Txinak herrialde independentea izaten jarraitu zuen; enperadore eta antzinako erakundeenpean, baina Europako eta Estatu Batuetako inperialismoaren presioa nabarituz.
Britainiarrek, txinatar agintariek erakutsitako opio kontsumoarekiko tolerantziaz baliatu ziren onura handiak ateratzeko, nahiz eta herritarren osasuna kaltetu. Txinatarrak horren kontra altxatu ziren Opioaren Gerretan (1839-1842), baina britainiarrek garaipena lortu zuten. Nankingeko Hitzarmena sinatu zen eta, ondorioz, 1842an Hong Kong britainiarra izatera pasatu zen, 1997ra arte.