Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak: Arrazoia eta Aurrerapena

Filosofia eta etika2,64 KB

Ilustrazioaren Aroa eta Testuingurua

Ilustrazioaren Aroa Ingalaterrako Glorious Revolution (1688) izeneko iraultzarekin hasi eta Frantziako Iraultzarekin (1789) amaitzen da. Ilustratuek arrazoi autonomoaren alde egiten dute eta autoritateari nahiz naturaz gaindikoari eraso egiten diete.

Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak

Hona hemen Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak:

Arrazoi-eredu berria

Honen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Arrazoi enpirikoa eta analitikoa: Enpirismoaren eta zientziaren garapenari esker, esperientziatik abiatzen den arrazoiaren erabilera sustatzen da.
  • Arrazoi kritikoa: Filosofia arrazoimen kritikoaren jardueratzat hartzen dute. Inkonformistak dira eta kritika unibertsala egiten diete absolutismoari, erlijioari, pribilegioei eta ohiturei. Askatasuna aldarrikatzen dute arlo guztietan.
  • Arrazoi autonomoa: Arrazoia da gizakiaren gidari bakarra, ezagutza-arloan ez ezik, baita beste arlo guztietan ere (publikoa nahiz pribatua). Hau da, nork bere kabuz pentsatzeko eta zalantzan jartzeko gaitasuna izatea, eta ondoren erabakiak hartzea.

Aurrerapena eta Ongizatea

Ilustratuen ustez, arrazoiaren bidez natura menderatu eta gizadiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor daitezke. Aurrerapena lortzeko, kultura hedatzen (entziklopedia eta hiztegiekin) eta pedagogia nahiz hezkuntza-jarduerak antolatzen ahalegintzen dira.

Erlijio Arrazoiduna (Deismoa)

Ilustratuek erlijioaren interpretazio arrazionala egiten dute: gizakiak ezin du Jainkoa ezagutu, eta Jainkoa berbera da erlijio guztietan. Ez dute Errebelazioa onartzen, ezta mirariak ere, irrazionalak direlako.

Askatasuna eta Kant

Immanuel Kanten ustez, pentsamendu askea eta adierazpen-askatasuna ezinbesteko baldintzak dira arrazoiaren erabilera publikoa ahalbidetzeko. Arrazoiaren erabilera publikoa kritikaren jarduera ahalbidetzen duen askatasuna da.

Bestalde, Kantek erlijio-inposizioari "tutoretzarik kaltegarriena eta duingabeena" deitzen dio. Gainera, haren ustez, erregeak (kasu honetan Frederiko II.ak) herritarren erabakiak errespetatu behar ditu erlijio-kontuetan, eta legeak hobetzeko proposamen arrazoituak onartu behar ditu.

Burgesiaren Balioak Nagusi

Burgesiaren balioek zientzian eta teknikan oinarritutako jakintza erabilgarria defendatzen dute. Balio horietako gehienak indarrean daude gaur egun:

  • Jabetza pribatua
  • Garapen pertsonala
  • Lana
  • Arrazoi esperimentala
  • Banakoaren duintasuna

Deskargatu

PDF Word HTML