II. Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian: Estatutu Proiektuak
II. Errepublika Euskal Herrian (1931-1939)
1. Autonomiaren eta Foralismoaren arteko Desberdintasunak
Autonomia Estatuak emandakoa da eta berdin ezartzen zen lurralde osoan. Eskubide foralekin, aldiz, euskal gizartean zeuden berezitasun batzuk onartzen ziren, eta desberdinak ziren lurraldearen arabera.
2. Estatutua Lortzea Oztopatu Zuten Faktoreak
Nahiz eta II. Errepublikak autonomia estatutua lortzeko aukera eskaini, lan zaila zen zenbait arrazoirengatik:
- EAJk Donostiako Itunean parte hartu ez izana.
- EAJk estrategia okerra erabili izana.
3. Autonomia Proiektuak
3.1. 1. Proiektua: Eusko Ikaskuntzak Egindakoa
EAJko buruak, Jose Antonio Agirrek, autonomiaren aldeko udal mugimendua bultzatu zuen. Bertan, alkate eta zinegotzi nazionalistek aurreproiektu bat eskatu zioten Eusko Ikaskuntzari. Honako ezaugarriak zituen:
- Konstituzioaren mugak gainditzen zituen.
- Euskal estatua Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroak osatuko zuten.
- Barne egitura konfederala izango zen.
- Herrialde bakoitzak ordezkari kopuru bera izango zuen parlamentuan eta gobernuan.
- Autonomiaren eskumenak oso zabalak ziren.
- Elebitasuna egongo zen administrazioan eta irakaskuntzan.
- Kontzertu Ekonomikoak finantzabide nagusi gisa ezarri ziren.
- Botoa emateko urtebeteko erresidentzia eskatzen zitzaien euskaldunen seme-alabei eta kanpotarrei.
3.2. 2. Proiektua: Lizarrako Estatutua
1931ko ekainaren 14an, karlistak eta alkate nazionalistak elkartu ziren Eusko Ikaskuntzaren proiektua aztertzeko. Ez zuten aliaturik izan ezkerrekoak zirelako eta gobernua eskuinekoa zelako. Aurreko proiektuarekiko zenbait berrikuntza egin zituzten:
- Foruak berriz ezartzeko eskaria egin zuten.
- Espainiarekiko konfederala zen euskal erkidegoa.
- Aldundiak indartu zituzten.
- Immigranteen eskubide politikoak mugatu egin ziren.
- Euskal lurraldeak autonomoak ziren Eliza eta Estatu arteko harremanetan.
Ondorioak: Eskuineko proiektua zen, ez zen demokratikoa, Espainiar Konstituzioaren aurkakoa zen, Ezkerraren oposizioa handia zen eta ezkerreko euskal alderdien laguntza ere ez zuten.
3.3. 3. Proiektua: Batzorde Gestoreek Egindakoa
Indalecio Prietok indargabetuta zeuden diputazioetako batzorde gestoreei Estatutu berria egiteko ardura eman zien; ondoren, udalek onartu beharko zuten eta herriak erreferendum baten bidez berretsi. Proiektu hau egiteko Eusko Ikaskuntzak egindakoa hartu zuten oinarritzat. Ezaugarriak:
- Euskal autonomiaren ahalmenak murrizten zituen.
- Estatu hitza kendu zuten eta horren ordez Euskal Herria jarri zuten autonomia gisa.
- Aurrekoa baino demokratikoagoa zen.
- Euskal Herriko egitura konfederala desagertu zen.
- Goi Mailako Auzitegi bat sortu zen.
- Neurri hauek Konstituzioak ezarritakoa betetzen zuten.
3.4. 4. Proiektua: 1936ko Estatutua
Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituen eta estatutu bat egin zuten Indalecio Prieto eta Jose Antonio Agirreren artean. Estatutu hau indarrean jarri zenean, Araba, Nafarroa eta ia Gipuzkoa osoa nazionalen menpe zeuden. Beraz, Bizkaian eta Gipuzkoako zati txiki batean bakarrik jarri zen indarrean. Berritasunak:
- Eskumen gutxiago zituen, oso laburra zen.
- Garrantzi handiko gai batzuk zehaztu gabe utzi zituen.
- Ez ziren aipatzen ez eskubide historikoak, ez foruak, ez Nafarroa euskal lurraldean sartzeko aukera.
- Ez zegoen aipatuta ez soldadutza, ez lana, ezta jabetasuna ere.
1936ko urrian, Gernikan bilduta, Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratu zuten euskal zinegotziek, eta historiako lehen euskal gobernua osatu zuten EAJk eta Fronte Popularrak. Gerrak urtebete iraun zuen Euskal Herrian, eta Bilbo errenditu zenean, Agirre eta bere gobernua Kataluniara joan ziren. Azkenik, Franco hil zenean, Espainiara itzuli eta 1977an aldi demokratikoa hasi zen.
Gerra Zibila Euskal Herrian (1936-1937)
1936ko uztailaren 18an, euskal eremuetan, alde batetik, Araba eta Nafarroa alderdi nazionalean zeuden, eta bestetik, Bizkaia eta Gipuzkoa Errepublikaren alde. Araba eta Nafarroa laster bereganatu zituzten nazionalek. Gipuzkoan altxamendu bat izan zen, baina ezkerrekoek eta Guardia Zibilak erraz menperatu zuten. Bizkaian, berriz, ez zen borrokarik egon.
Gerra hasi zenean, Gipuzkoako Defentsa Batzarra sortu zen (CNT, EAJ eta Fronte Popularra). Abuztuaren amaieran, Beorlegi koronelak, Nafarroako boluntarioen eta Gipuzkoako iheslarien agintaritzan, Irun hartu zuen, eta irailaren 13an, Donostia hartzearekin batera, Gipuzkoa nazionalen esku gelditu zen.
1936ko abuztuaren 12an, Bizkaiko Defentsa Batzarra eratu zen, eta lehendakaria aukeratu zutenean, Euskal Armada edo Euzko Gudarostea eratu zen. Azaroan, Bilerlen erasotzea erabaki zuten, baina porrot egin, eta ondorioz, Bizkaian defentsa gerrikoa prestatu behar izan zuten. Bitartean, Mola Jeneralak Bizkaia konkistatzea erabaki zuen Nafarroan. Mola hegazkin istripu batean hil zen, eta Dávilak hartu zuen bere lekua. 1937ko ekainaren 19an, Bilbo osoa hartu zuten, eta denbora gutxian Bizkaiko gainerako herriak. Gerra Zibilak gutxi iraun zuen Euskal Herrian, eta Errepublikanoen porrota garbia izan zen.
Euskal Gobernuaren Osaketa
Gipuzkoa erori ondoren, EAJri Errepublikaren gobernuan sartu eta Madrilen zenbait puntu negoziatzeko aukera eman zitzaion. 1936ko urrian, EAJk lehen euskal gobernu autonomoa zuzendu zuen, Jose Antonio Agirre lehendakari zela, eta bertan kide nazionalistak eta Fronte Popularrekoak sartu zituen. Euskal Herriari autonomia handiarekin jarduteko aukera eman zion.
Estatuko Herri Auzitegia sortu zuten, matxinatuen delituak eta gerrarekin loturikoak epaitzeko. Dena den, lehen euskal gobernuaren eragina eskasa izan zen, lurraldeari eta denborari dagokionez.
Ondorioak
Francoren garaipenak arlo guztietan izan zuen eragina:
Politika
- Errepublikak ezarri zuen legedia guztia debekatu zuten.
- Demokrazia kendu eta sistema autoritarioa ezarri zuten.
Gizartea
- Jende asko zigortu zuten lanpostutik botaz.
- Garaituak kontzentrazio esparruetan edo espetxeetan sartu zituzten.
- Jende asko fusilatu eta inolako kontrolik gabe hil zuten, baita haien familiak ere.
- Gaztelania hizkuntza bakarra ezarri zen, euskara debekatuz.
Ekonomia
- Francok zigor bereziak ezarri zizkien Errepublikaren alde borrokatu zuten euskal probintziei, Kontzertu Ekonomikoak kenduta.