Iberiar Penintsulako Herriak eta Erromanizazio Prozesua

Geografia2,7 KB

1. Erromatar aurreko herriak

Burdin Aroan zehar eta erromatarrak heldu arte (K.a. III. mendean), Iberiar Penintsulan bizi ziren herriak dira. Mediterraneo inguruan tribu iberiarrak bizi ziren; hauek kostaldean merkataritza-guneak zituzten feniziarren eta greziarren eragina izan zuten. Iberiarren ondoan, Andaluzia aldean, tartesoak bizi ziren, harik eta iberiarren menpe desagertu ziren arte.

Penintsularen erdialdean eta mendebaldean, Europatik etorritako hizkuntza indoeuroparra zuten tribu zeltak kokatu ziren. Jatorriz zeltak ere, ziur aski, zeltiberiarrak ziren, mesetaren ekialdean eta Ebroko haranean kokatutakoak. Zelten eraginpeko gunean iparraldeko beste tribu batzuk ere baziren:

  • Galaikoak
  • Asturiarrak
  • Kantabriarrak
  • Baskoiak

2. Baskoiak

Penintsularen iparraldean bizi zen erromatar aurreko herria izan zen, jatorri ezezaguna duena (ziur aski Paleolito garaian hor bizi ziren giza taldeen eboluziotik sortuko ziren), nahiz eta zelta eta iberiarren eragina izan zuten. Gutxi gorabehera Nafarroa Garaia osoa, Errioxa Beherea, Gipuzkoako ekialdeko kostaldea eta Aragoiko ekialdea hartzen zuten. Euskaraz hitz egingo zuten (protoeuskara), tribuetan antolatzen ziren eta, funtsean, abeltzaintzan oinarrituriko ekonomia zuten, nekazaritzarekin uztartua.

3. Erromanizazioa

Erromatarren bizimodua eta kultura nagusitzeko prozesuari deritzo; hau da, beren ohiturak, antolakuntza politikoa, ekonomia, erlijioa edota hizkuntza hedatzeari. Iberiar Penintsulan K.a. III. mendean hasitako prozesua izan zen, fase eta intentsitate desberdinekin gertatu zena zonaldeen arabera. Horretarako, honako neurriak hartu zituzten:

  • Beren ekonomia-eredua zabaldu zuten.
  • Hiri berriak sortu zituzten.
  • Garraiobide-sare zabala eraiki zuten (galtzadak, itsas portuak, zubiak...).
  • Beren administrazio-sistema eta kultura zabaldu zuten (latina, erlijioa, arte-estiloa, zuzenbidea...).

4. Andelos: Erromatar hiri-aztarnategia

Nafarroako Mendigorria aldean dagoen hiri erromatarraren aztarnategia da. Burdin Aroko herrixka baskoi baten gainean eraikitako hiri erromanizatua izan zen, gaur egungo Nafarroan zegoen hiri erromatar garrantzitsuenetakoa. Badirudi I. eta II. mendeetan izan zuela une gorena, garai horretakoak baitira topaturiko aztarna gehienak:

  • Termak eta mosaikoak.
  • Ur-sistemaren aztarnak (ubidea, urtegia eta akueduktoa).

Hiri erromatarren egitura klasikoa zuen, kardus eta dekumanus bideak agerian gelditu baitira.

Deskargatu

PDF Word HTML