Hizkuntzaren Funtzioak, Ezagutza eta Alderdiak
Hizkuntzaren funtzioak
Hizkuntzak 3 funtzio nagusi ditu:
- Adierazlea: Hizkuntza-zeinuak sinboloak dira, eta gauzak zertan diren adierazteko erabiltzen ditugu.
- Adierazkorra: Hizkuntza-zeinuak sintomak dira, eta hiztunaren barne-egoeraren berri ematen dute.
- Deitzailea: Hizkuntza-zeinuak solaskideari bidalitako seinaleak dira, eta solaskideak nolabait erreakzionatzea bilatzen dute.
Hizkuntzaren hiru funtzio horiei esker gertatzen da komunikazioa gizakion artean, eta komunikazio horren bidez sortzen da guztion mundu hori, hain zuzen ere.
Ezagutza eta hizkuntza
Hizkuntza estu-estu lotuta dago ezagutzarekin, bai ezagutze-prozesuarekin, bai jarduera horren emaitzarekin ere: ezaupideekin, alegia.
Ezaupideei dagokienez, ohar gaitezen: hizkuntzaren bidez geureganatzen ditugu ezaupideak, hizkuntzari esker gordetzen ditugu eta komunikatzeko gaitasuna dugulako ematen diogu elkarri ezaupideen berri.
Ezagutzaren eta hizkuntzaren arteko hiru lotura horiek garrantzi handia dute, baina ez dira bakarrak. Bada ezagutzarekin lotuta dagoen beste alderdi bat ere, denen artean garrantzitsuena, lotura nagusia: ezagutza hizkuntzaren bidez eratzen da.
Hizkuntzaren alderdiak
Gizakiok hitzaren bidez komunikatzen gara nagusiki. Hitzak koderen baten zati dira beti, eta nahi beste mezu sortzeko aukera ematen digute. Hizkuntza guztiek hiru alderdi izaten dituzte:
- Alderdi sintaktikoa: Zeinuen arteko loturari buruzkoa da. Sintaxi-arauak adierazten digute nola kokatu behar diren hitzak eta perpausak, mezua aditzera eraman ahal izateko.
- Alderdi semantikoa: Zeinuen eta zeinu horien esanahien arteko loturari dagokio. Hizkuntza bakoitzeko hiztegietan hitz bakoitzaren ondoan haren esanahiak agertzen dira, eta esanahi horiek hizkuntza-komunitate bakoitzeko erabiletatik ateratzen dira.
- Alderdi pragmatikoa: Zeinuen eta zeinu horien erabiltzaileen arteko loturari buruzkoa da. Hizkuntzari dagokienez, zeinuen erabiltzaileak hiztunak dira; zeinuak, hitzak eta alderdi pragmatikoa hiztunen asmoa eta komunikazioa gertatzen den testuingurua dira.