Hirugarren sektorea: Zerbitzuen ekonomiaren gakoak
Hirugarren sektorearen definizioa eta garrantzia
Hirugarren sektorea ekonomiako hiru sektoreetako bat da. Lehen eta bigarren sektoreen aldean, ordea, ez du ondasun materialik ekoizten; aitzitik, herritarrei zerbitzuak ematen dizkie. Gaur egun, ekonomiako sektore nagusia izatera iritsi da.
Munduko ia herrialde guztietan, garapen maila edozein izanda ere, jende gehiago ari da hirugarren edo zerbitzuen sektorean. Sektore honen ezaugarri nagusietako bat era askotako jarduerez osatuta egotea da: osasuna, hezkuntza, merkataritza, garraioa, komunikabideak, turismoa, aisia, kultura eta kirolak.
Iraultza eta laugarren sektorea
Hirugarren sektorearen hedapenik handiena informazio gizartearen bidez lortu da. Teknika eta zientzia ederki garatu dira, ekonomia mundu mailan dago antolatuta eta trukaketak izugarri hazi dira. Hori dela eta, gaur egun hirugarren sektoreko iraultzaz mintzatzen gara.
Teknikarekin eta zientziarekin lotuta dauden jardueren multzoa goi mailako hirugarren sektorearen edo laugarren sektorearen barruan dago.
Zerbitzuen eskariaren arrazoiak
- Bizi-itxaropena handitu denez: adinekoak eta mendekoak zaintzeko zerbitzuak eman behar dira.
- Emakumea lan munduan sartu denez: premiazkoa da haur-eskolak eta etxeko lanak errazteko zerbitzuak sortzea.
- Lanaldia murriztu eta oporrak orokortu direnez: astialdiari lotutako jarduera-eskaintza zabal-zabala da.
Hirugarren sektorearen ezaugarri nagusiak
Gaur egun, hirugarren sektoreak ezaugarri hauek ditu:
- Heterogeneotasuna: Era askotakoak dira, bai zerbitzu motari begira, bai langileen prestakuntzari begira, bai eta enpresen tamainari begira ere.
- Ukiezinak eta materiagabeak: Langileek zerbitzua ematerakoan egiten duten ahalegina eskaintzen eta balioesten da.
- Biltegiratu ezinak: Jarduerak ezin dira biltegiratu; zerbitzuak behar direnean ematen dira.
- Hurbiltasuna: Kontsumitzailearengandik gertu daude, zerbitzua emateko ezinbestekoa baita eskaintzak eta eskariak zuzeneko harremana izatea.
- Mekanizazio maila: Apal samarra da. Zerbitzu asko ezin dituzte makinek egin eta ezin dira estandarizatu.
- Hedapena eta banaketa: Jarduerak munduko herrialde guztietan hedatzen ari dira, baina ez daude berdin banatuta.