Hirugarren Karlistaldia: Gatazka eta Erresistentzia

Historia2,42 KB

Hirugarren Karlistaldia

Testuingurua eta Karlismoaren Gorakada

1868ko iraultzan, Espainiako koroa erregerik gabe gelditu zenez, karlistentzat aukera paregabea izan zen euren ideologia eta hautagaia plazaratzeko. Azkenean, Espainiako kongresuak Saboiako Amadeo aukeratu zuen, baina hau atzerritarra zenez eta gainera bere aitak Aita Santuari baimenik eskatu gabe Estatu Pontifizioak Italian integratu zituenez, karlistek ez zuten inoiz erregetzat onartu. Haren porrotaren ostean ezarri zen Lehen Errepublikaren eraginez, karlismoak jarraitzaileak irabazi zituen, errepublikari beldurrez liberal moderatu ugari karlismora hurbiltzen hasi baitziren. Mugimendu karlista osatzen zutenen arabera, erlijioa zen gizarte-iraultzari erantzunik onena eta mugimendu iraultzailea geldiarazteko tresnarik egokiena.

Euskal Lurraldeak eta Lehen Gatazkak

Euskal lurraldeetan neokarlismoak garrantzi handia izan zuen eta Seiurteko Demokratikoko hauteskundeetan garaipen garrantzitsuak lortu zituen. Gobernuaren joera aurrerakoiarekin zerikusi gutxi zuten foru-aldundietatik, euskal jauntxoen ardura nagusia ordenari eustea izan zen. Aldundi horiei neutralak izatea interesatzen zitzaien, mugimendu iraultzaileak babestu gabe. Hala ere, botere hutsunea gertatu zenean, galdutako ordena berrezartzeko aukera ikusi zuten karlistek. Aldi berean, karlismoa Elizaren beso armatua bihurtu zen. Karlos VII.a tronurako hautagaia zela, karlistak berriro ere borrokan hasi ziren. 1870ean mugaz haraindi deitu eta bildutako boluntario karlistak Nafarroan sartu ziren, Karlos VII.a errege aldarrikatuz. Gudaroste liberalak saiakera horren jakitun ziren eta izugarrizko jipoia eman zieten karlistei Orokietan. Bizkaiko karlistek armada liberalarekin negoziatu zuten errendizioa, Zornotzako Hitzarmenean, foruak mantentzearen truke.

Santa Kruz Apaiza eta Gatazka Gipuzkoan

Gipuzkoan, ordea, mendira ateratzen ziren gudu talde txikiak geroz eta ugariagoak ziren. Horietatik ezagunena Santa Kruz apaizak gidatzen zuena izan zen. Santa Kruzek hankaz gora jarri zituen militar liberalen taktika guztiak, lurraldearen ezagutzari eta nekazaritza-eremuko biztanleen kolaborazioari esker, liberalak gotortutako hiribilduetan babestera derrigortuz. Baina ez zenez makurtzen jeneral karlisten aginduetara, hauek ere legez kanpo jarri zuten eta atzerrira alde egin behar izan zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML