Hirigintzaren Oinarriak: Definizioak eta Kontzeptuak
Alde Zaharra
Alde zaharra jatorritik XIX. mendearen erdialdean, industrializazioa hasi arte, urbanizatutako hiriaren zatia da. Gaur egungo hirietan espazio txikia hartzen du, baina kultura-ondare handia dauka. Horregatik, asko multzo historiko eta artistiko eta ondare aitortuak dira.
Zabalgunea
XIX. mendearen erditik XX. mendearen lehen herena bitartean egindako hirien zabalkuntzak hartzen duen espazioa da. Industrializazioaren eraginez, hirietan sortu zen hazkunde demografikoak alde zaharra gainditu eta espazio berriak sortu ziren:
- Plano erregularra, zerbitzu eta kalitate oneko eraikinak dituen zabalgune burgesa.
- Plano irregularra, zerbitzu falta eta kalitate eskaseko etxebizitzak dituzten industria eta langileen auzoak.
- Azkenik, hasieran langileentzat eta gero klase ertainentzat diseinatutako etxebizitza bakarreko lorategi-auzoak.
CBD (Central Business District)
Hiri handi eta metropoli-inguruetan dauden inguru zentralak dira. Eremu hauetan, banku, finantza eta merkataritza-jarduerak pilatzen dira, etxebizitza presentzia oso eskasa izanik. XIX. mendeko zabalgune burgesetan kokatu ohi dira.
Hiri-Hierarkia
Hiri desberdinek dituzten tamaina demografikoa, funtzioa eta eragin-eremua kontuan hartuta, hiri-sisteman ematen den hirien antolakuntza hierarkikoa da. Handitik txikira, kategoria desberdin hauek bereiz daitezke:
- Estatuko metropoliak
- Eskualdeko metropoliak
- Bigarren mailako eskualdeko metropoliak
- Tarteko hiriak
- Hiri txikiak
Metropoli-Ingurua
Hiri nagusi baten hazkundeak inguruko udalerriekin elkartzean sortutako hiri-aglomerazioa da. Hiri nagusiaren eta inguruko udalerrien artean dependentzia administratibo bat gertatzen da, eta lotura ekonomiko eta sozial handia dute. Hori dela eta, funtsezkoa da garraioen eta komunikazioen sareak harremanak bermatzeko.
Konurbazioa
Etenik gabeko hiri-aglomerazioa da, bi hiri edo gehiago hazi eta lotu egin direlako sortzen dena. Independenteak dira bata bestearengandik.
Urbanizazio Barreiatua (Lausoa)
Biztanleak eta jarduera ekonomikoak hiri ertain eta txikietara hedatzen direnean eta inguru urbanizatua espazio zabalagoetara hedatzen denean gertatzen da. Normalean, dentsitate gutxiko urbanizazioa da eta landa-eremuan zabaltzen da.
Pendulu-Mugimenduak
Biztanleriaren ohiko mugimenduak dira, normalean bizilekutik lanera egiten direnak, hau da, periferiatik hirigunera. Etxebizitzak merkeagoak diren eta ingurumen-baldintza hobeagoak dauden landa-eremuetara eramaten direlako gertatzen da.
Hiri Antolaketako Plan Orokorra
Autarkiaren aldian, 1939-1969 bitartean, hiri-hazkundea antolatzeko erabili zen plangintza-modu bat da. Plan honen bidez, hiria funtzio desberdinak betetzen zituen inguruetan banatzen zen: administraziokoak, egoitzak eta industriak. Horrez gain, bakoitzerako ekipamenduak eta beharrezko zerbitzuak finkatzen zituen.