Hirien Sistema Espainian: Egitura eta Bilakaera
Hirien Sistema: Sarrera eta Ezaugarriak
Aurrean daukagun mapa mapa koropletikoa da, koloreen bidez fenomeno geografikoak adierazten dituena, kolorearen intentsitatearen arabera. Mapa irudi bat dela ere esan dezakegu, irudien bidez metropoliak adierazten direlako, eta mapa lineal bat ere, hirien arteko loturak eta lotura ahulak nabarmentzen direlako.
Hiri-sistemak modu hierarkikoan antolatzen dira; beraz, sistema bakoitzak sistema txikiagoak edo azpisistemak ditu.
Hirien sistemek, gainera, neurri eta egokitzapen desberdinak dituztenez, lurralde handiago edo txikiagoetan eragiten dute. Badira estatu osoan eragiten duten hiri batzuk, herrialdeetan eragina dutenak eta baita eskualdeetan eragiten dutenak ere.
Hirien neurriak eta hierarkia
Hiri-sistemak modu hierarkikoan antolatzen dira, eta kasu gehienetan pisu demografiko handiena duten hiriek biltzen dituzte hiri-funtzio gehienak, funtzio nagusiak ere barne.
Hiri bakoitzak betetzen dituen funtzioen arabera, honako hierarkia funtzionala sortzen da:
Metropoli nazionalak
Madril eta Bartzelona daude Espainiako hiri-sistemaren gailurrean, eta Europako hiri nagusienetarikoak dira. Nazioko lurralde osoan dute eragina, eta enpresen erabakien zentro nagusiak dira. Gainera, garraio-sare trinko baten ardatzak dira, eta garraio-sare horri esker, oso modu bizkorrean komunikatu daitezke Espainiako eta mundu osoko gainerako hiri-sistemekin.
Eskualdeko metropoliak
Valentzia, Sevilla, Malaga, Bilbo eta Zaragoza dira. 500.000 eta 1.500.000 biztanle arteko populazioa dute, eta oso harreman estuak dituzte metropoli nazionalekin. Horrez gainera, merkataritza- eta finantza- eta industria-gune garrantzitsuak eta zerbitzuak biltzen dituztenez, beren eskualdeko eremu zabaletan eragiten dute.
Eskualdeko azpimetropoliak
Kategoria honetan sartzen dira, guztira, 22 hiri-eremu, 200.000 eta 500.000 biztanle bitarteko populazioa dutenak. Beren probintzietako zerbitzu-zentro gisa jokatzen dute: Murtzia, Alacant, Santander, Oviedo eta Coruña horrelako hirien adibide batzuk dira.
Hiri ertainak
20.000 eta 50.000 biztanle bitarteko populazioa dute, eta probintziako hiriburuak dira gehienak. Hiri horien funtziorik adierazgarrienak merkataritzakoak dira, eta probintzia-esparruko zerbitzuak emateari dagozkionak. Batzuek espezializazio industrial jakin batzuk dituzten arren, edo portu garrantzitsuak edo unibertsitate garrantzitsuak dituzten arren, adibidez, horrek hirien eragin-eremua areagotzen du.
Hiri txikiak
Biztanle kopurua 10.000 eta 50.000 lagun bitartekoa izaten da. Oso funtzio murritzak izaten dituzte, eta beren eskualdeko garraio-korapilo gisa jokatzen dute. Adibidez: Durango.
Banaketa espaziala: hiri-ardatzak eta eskualdeko azpisistemak
Espainiako hiri-aglomerazioen banaketa espazialak desberdintasun argiak erakusten ditu penintsulako erdialdearen eta kostaldeko eremuen artean, funtzio ekonomikoak ugariagoak eta zabalagoak baitira kostaldeko eremuetan barnealdekoetan baino. Hala, hiri-eraztun bat ikusten da penintsulako periferian, eta Madril, berriz, dentsitate gutxiko espazio zentral batez inguratuta ageri da.
Barnealde-kostalde disimetria horren ondoan, gune jendeztatuen metaketa gertatzen da, herrialdekoak edo nazioartekoak diren zenbait ardatzen inguruan. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Galiziako ardatz atlantikoa.
- Kantabriar ardatza.
- Mediterraneo ekialdeko arkua edo Levanteko ardatza.
- Ebroren ibarra.
- Andaluziako hiri-azpisistema.
Espainiako hiri-sistemaren bilakaera
Hiri-sistema bat ez da sistema estatikoa. Prozesu ekonomikoek eta administrazio-erabaki politikoek zenbait hiriren hazkundea bultzatzen dute, eta beste batzuenak moteltzen.