Hiri Bilakaera eta Hirigintza Ereduak: Alde Zaharra, Zabalgunea, Aldiriak

Geografia4,67 KB

Alde Zaharra: Hiri Antzinakoa

Hiriaren parterik antzinakoena da. Alde Zaharrak antzinako hiriguneak ziren, eta bertan biltzen ziren hiriek zituzten betekizun guztiak: erresidentzialak, politikoak, ekonomikoak, administratiboak, militarrak, erlijiosoak eta kulturalak.

1850etik aurrera, Industria Iraultzak bultzaturiko hazkundearekin, Alde Zaharrak txiki gelditu ziren, eta zona berriak okupatu ziren kanpoan: zabalgunea eta aldiriak. Hiri-betekizun asko espazio berrietara lekualdatu ziren, eta Alde Zaharrek iraganeko garrantzia galdu zuten. Gaur egun, ezaugarri nagusiak hauek dira: betekizun erresidentzial baxua, merkataritza eta ostalaritza txikia, eta betekizun historiko-turistikoa.

Bertan gordetzen da iraganeko herentzia, sorreratik XIX. mendearen erdialdera arteko ondare diren hainbat elementu historiko, arkitektoniko eta kulturali leku egiten baitiete. Nahiz eta kasu askotan suntsituak eta berreraikiak izan, antzinako ezaugarriak ere mantentzen dituzte:

  • Kale estu eta okerrak
  • Bilbe itxia
  • Harresi zaharren aztarnak
  • Katedralak
  • Hiri-plano tipikoak (batzuetan irregularrak, planifikatuak, geometrikoak…)
  • Harresiz kanpoko zabalgune zaharrak

Zabalgunea: Hiri Hedapena

Alde Zaharraren ondoan hedatu zen parte berria da, ikuspegi arkitektoniko modernoekin eraikia. Zabalguneak indar ekonomiko-administratibo handia hartu zuen eta, laster, hiriaren erdigune berri bihurtu zen. Klase sozial protagonista burgesia aberatsa izan zen.

Aldez aurretik egindako plangintzari jarraitu zioten:

  • Lurraren Antolaketa

    Plano ortogonala du, espazioa koadrikulatan antolatuz kale zabal elkartuekin. Trafikoa arintzeko sistema erradiala ere txertatzen da, plaza nagusiaren inguruan kale diagonalak eratuz.

  • Garraioen eta Kaleen Ordenamendua

    Hiriko aldeetatik hobekien komunikatuta dagoena da, geltoki garrantzitsuenekin. Kaleak zabalera handiagokoak dira, ondo zolatuta eta azpiegiturekin. Trafikoaren antolaketarako kaleak hierarkizatu egingo dira: etorbide zabalak edo arteria nagusiak, bigarren eta hirugarren mailako kaleak trafiko txikiagorako…

  • Eraikin Eder eta Monumentalak

    Etxebizitzak eta negozio zein administrazio eraikinak, arkitektura garaikidearen lekuko izanik.

  • Espazio Publiko Irekien eta Kulturaren Balorazioa

    Plazak, parkeak, solasguneak, antzokiak… zabalguneko hirigintzaren ikuspegi berriak islatuz.

Zabalgunearen Hiri Betekizunak

Zabalgunea erdigune nagusia bihurtzen da, hiri-betekizun ekonomiko, politiko, administratibo, erresidentzial eta kultural garrantzitsuekin, bertara lekualdatu edo bertan eraikitzen baitira:

  • Banketxe eta egoitza nagusiak
  • Udaletxe eta aldundi jauregiak

Hauetariko gehienak zabalgunearen ardatz edo kale nagusian bilduko dira, hiriko Negozio Barruti Nagusia osatuz.

Aldiriak: Hiri Kanpoaldea

Aldiriak hiriaren kanpoaldea dira. Hasieran, Alde Zaharra eta Zabalgunea inguratzen zituzten baserri eta auzo ruralak ziren. XIX. mendetik aurrera eraldatzen joan dira, lantegi industrial berriak eta langile auzoak eraikiz.

Langile auzoak txabola eta barrakoi auzoak izan ziren hasieran. Etxebizitza blokeak geroago eraiki ziren, desarrollismoaren garaian (1955etik aurrera). Garai honetan tipikoak dira babes ofizialeko etxebizitzen blokeak, enpresek langileentzat egindako etxeak, eta etxe adosatu edo bifamiliarrak.

Aldirietan, burgesia ertain eta txikiaren lorategi-auzoak ere eraiki ziren.

Aldirien Hiri Betekizunak

Aldirietan betekizun ekonomikoa eta erresidentziala izaten dira nagusi. Hauekin batera, merkataritza eta ostalaritza txikia ere aurki daitezke kale nagusietan. Beste gune batzuetan, taberna ugari eta tailerrak daude.

Industrializazio Osteko Hiria

XX. mendearen azken laurdenean, 1975eko krisi industrialarekin, urbanizazio prozesua gelditu egin zen. Hurrengo hamarkadetan, hirigintza birmoldatu egin zen, zerbitzuetara zuzenduz.

Hauek dira industrializazio osteko hirigintzaren ezaugarriak:

  • Goi-mailako zerbitzugune berri baten eraikuntza Zabalgunearen ondoan, adibidez: Iberdrola dorrea, Guggenheim museoa…
  • Beste aldiri edo eremu berrien eraikuntza, bai teknologia berrietarako, bai azalera handiko merkataritza jardueretarako, adibidez: Max Center.
  • Aldirietako langile auzoen urbanizazioa, industriak hustutako espazioetan parkeak eta aisialdirako lekuak sortuz, adibidez: Etxebarria parkea.
  • Alde Zaharraren berriztapenak.
  • Trafikoaren eta irisgarritasunaren ikuspegi berriak, adibidez: bidegorriak, oinezkoentzako kaleak…

Deskargatu

PDF Word HTML