Gizartearen hiru kezka nagusi
Jaiotza tasa eta erronkak
Askotan entzuten da Europan gero eta ume gutxiago jaiotzen dela, eta egoera honek horrela jarraitzen badu, urte batzuen buruan jende nagusi gehiago egongo dela ume baino. Hau horrela bada, nagusi guztiek beren pentsioa kobratzeko arazo handiak izango dituzte. Hori dela eta, gobernuek laguntza gehiago eman nahi diete umeak eduki nahi dituztenei. Hala ere, momentuz ez dira nahikoak izan arazoari aurre egiteko.
Bestalde, azken urteotan gizartea nabarmen aldatu da. Gure gurasoen garaian amek normalean ez zuten etxetik kanpo lanik egiten, etxean egoten ziren umeak zaintzen. Egia da, lehen jendea gutxiagorekin bizi zela zoriontsu, agian orain bizi garen baino hobeto. Gaur egungo gizartea, berriz, oso materialista da, eta askotan onartzen ez dugun arren, gu geu ere materialista bihurtu gara.
Oraingo bikoteek, ezkontzen direnerako, etxea eduki nahi dute; gutxienez, kotxe bat, eta askotan bat baino gehiago; astebururo otorduren bat etxetik kanpo egin, urtean bidaia luze bat... eta hauek guztiak lortu ahal izateko bikotekide biek egin behar dute lan.
Halaber, oraindik emakumeen lan baldintzek nahiko txarrak izaten jarraitzen dute, eta sarritan lantegi berean eta lanpostu berean emakumeak gizonak baino gutxiago irabazten du. Emakume askok badaki ume bat edukiz gero lana galduko duela edo lanpostua aldatu diezaioketela. Beraz, emakumeok ama izan aurretik asko pentsatu behar dugu, agian, urte askotako ahaleginaren bidez lortutako lana gal dezakegulako.
Horretaz gain, nahiz eta egoera asko aldatu, gaur egungo gizonek emakumeok baino lan gutxiago egiten dute etxean, eta umeen eta etxeko lanen ardurak emakumeon gain egoten jarraitzen du.
Bukatzeko, esango nuke agian egia dela emakumeok gero eta erosoago bizi garela. Izan ere, lehengo emakumeek ezkontzea eta umeak edukitzea baino ez zuten pentsatzen, guk, behintzat, aukera dezakegu umerik eduki nahi dugun ala ez, eta horretarako ez dugu derrigorrez gizonezkorik behar gure ondoan.
Gaur egungo egoera ekonomikoa
Gaur egungo egoera ez da oso ona, Euskal Herrian batez ere. Gero eta lantoki gehiago pikutara doaz, eta ondorioz langabezia igotzen ari da. Zergatik ote den ez dago oso argi. Batzuen ustez teknologiak du errua, langile askoren lana makina batek egiten baitu. Baina mundua aurrerapenez josita dago, eta pixkanaka makinek dena egin ahal izango dute.
Bestalde, ikasketak ditugu. Gazteok gero eta gehiago ikasten dugu, eta lizentziatu asko dago, baina non egin behar dugu lan? Hementxe dago arazorik larriena. Gazteok, ikasi ondoren eta titulu on bat lortu ondoren, ez dugu irtenbiderik. Beti egongo da norbait zuk baino titulu gehiago dituena eta lanpostua kenduko dizuna. Argi dut, azkenean, bizi guztia emango dugula ikasten, zu baino hoberik ez aurkitzeko. Gainera, ikasketekin batera esperientzia lortzea ez da batere erraza, nahiz eta hemen % 65ek badaukatela esan. Asko mugitu beharra dago lantoki batean praktikak egiteko. Gauza jakina da horrelakoetan lan guztia nork egiten duen; esplotazio bat besterik ez baita, eta soldatarik gabe gainera.
Oraingoz ikusten den irtenbide bakarra lan banaketa da. Baina honekin ez dut esan nahi lan bakarra dutenek lanorduak murriztu behar dituztenik, baizik eta bat baino gehiago dutenek besteentzat ere zer edo zer utzi beharko dutela. Gizon-emakume asko aberastu da honen bidez, eta ez dago eskubiderik. Medikuak, adibidez: beren lana dute, soldata on bat jasoz, eta gainera kontsulta bat jartzen dute etxean. Esan beharrik ez dago azken hau kontsulta pribatu oso garestia baita. Baina ez medikuak soilik, abokatuak, psikologoak eta beste askok ere bai. Nire ustez, hauetako askok eman diezaiokete edozein gazteri lana. Baina guzti hau oso zaila da, beraientzat bizimodu aldaketa bat izango delako, eta ez zaizkie ondorioak gustatzen.
Beste arazoetako bat gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna da. Emakumeek beti dute soldata baxuagoa, nahiz eta lan gehiago edo berdina egin. Zergatik ote da hori? Matxismoa ote da? Nik behintzat ez dut erantzunik, baina aldatuko delako itxaropena, bai.
Ikusten denez, gauza asko dago aldatzeko eta hobetzeko, baina egoera hau noiz hobetuko den ez jakitea da larriena. Beharbada mende honetan bertan, bestela hurrengora arte itxaron beharko dugu, baina orduan ere izango da beste buruhausteren bat.
Energia nuklearra: alde onak eta txarrak
Gaur egun, gero eta jende gehiago dago energia nuklearraren kontra. Baina, egia esan, honekin ez dut ezer berririk esaten. Gainera, aurten, 2011n alegia, Japonian gertatutako hondamendi nuklearrarekin are gehiago. Gertatutako ondorioak anitzak izan dira eta agerian daude. Energia nuklearra 1897an aurkitu zuen ikerlari talde batek. Urteen poderioz hobetuz joan da, baina berriro ere energia nuklearraren auzia kalean dago.
Alde onak
- Energia mota oso merkea da eta kopuru handietan sortzen da.
- "Adituek" diote energia berriztagarrien teknologia ez dagoela oso garatuta eta ez dela posible behar den hainbeste energia ekoiztea gizartearen beharrak asetzeko.
- Aldaketa klimatikoa dela medio, ezinbestekoa da karbono dioxidoa (CO2) gutxitzeko eta Kiotoko helburuak betetzeko.
Alde txarrak
- Arazo nagusiena, inongo zalantzarik gabe, hondakinak dira. Horiek oso erradiaktiboak eta kutsakorrak dira.
- Edukiontzi bereziak behar dira hondakinak gordetzeko, garraiatzeko eta gordetzeko (eraikuntza bereziak).
- Urteen poderioz, edukiontziak herdoildu eta hondatzen dira, kutsadura arriskuarekin.
- Nahiz eta hondakinak eraikuntza berezitan gordeta egon, kutsadurak lasai asko igarotzen du eraikin horien hormak.
- Energia sortzeko erabiltzen diren makinek ura erabili ohi dute hozteko, eta, ondoren, ur hori ibaira botatzen da.
Hori guztia esan eta gero, argi geratzen da energia mota honek zoritxar asko dakarrela. Gainera, hondamendi nuklear bat gertatzen denean jasaten diren ondorioak oso latzak izaten dira. Beste alde batetik, gaur egungo gizartea oso kontsumista da, eta horrek duen inportantzia izugarria da. Adibidez, Japonian, Tokioko kaleak kartel argitsuez josita daude, eta noski, horrek dakarren energia beharra izugarria da. Honekin esan nahi dudana zera da: gutxi batzuen diru gosearen erruz hondamendi bat gertatzen denean ondorioak denok jasan behar ditugula.