Gizarte-langintzaren Teoria Filosofikoak: Ikuspegi Nagusiak
Gizarte-langintzan eragin duten teoria filosofikoak
1 Funtzionalismoa
Objektibotasuna eta naturaren oreka aldarrikatzen ditu. Multzo baten barruan, elementu bakoitzak funtzio bat betetzen du. Elementu batek huts egiten badu, patologia bat agertzen da, eta konpondu beharra dago.
Gizarte-langintzaren barruan, enpirismoaren nagusitasuna ematen da. Hau da, datuen araberako egoeraren interpretazio objektibo eta koherentea. Halaber, testuingurua eta subjektibotasuna baztertzen dira. Gizarte-langileak subjektuari ematen dio zentralitatea. Arazoan zuzenean zentratzen da; arazoak banan-banan eta sortzen diren heinean konpondu behar dira. Azkenik, testuingurua eta erabiltzaileak beharrizan horretaz duen pertzepzioa ez dira kontuan hartzen.
2 Marxismoa
Historiaren ikuspegi dialektikoa garatzen du, gatazkan oinarritua. Honen arabera, gizarte-harremanak produkzio-bitartekoen jabetzek baldintzaturik daude. Produkzio-bitartekoen jabetzak klase-borroka sortzen du. Zapalduen kontzientzia piztu behar da euren alienazio-egoeraz jabe daitezen.
Gizarte-langintzaren barruan, funtzionalismoaren patologia eta egokitzapen kontzeptuekin ez dago ados. Aldiz, ikuspuntu marxistatik gatazka ezinbestekoa da, gizartearen egituraketaren ondorio baita. Konponbiderako, gizartearen aldaketa estrukturala aldarrikatzen du.
Gizarte-langilea betebeharren eta baliabideen arteko bitartekari bihurtzen da, bi klase nagusien artean. Baina lan hori egitean klase menperatzailearen morroi bihurtzen da, azpiko arazoak estaltzen laguntzen duelako. Zeregina, menderakuntza azaltzea izango litzateke.
3 Teoria konprentsiboak
Hauek ikuspuntu subjektiboa txertatu nahi diote zientziari: ez dago naturaren ordena zurrunik. Subjektibotasunak kontraesanak sortzen ditu; ez da nahikoa jarduerak deskribatzea, ulertu ere egin behar dira. Bere barruan bi ildo daude: interpretatiboak eta humanismoa.
Gizarte-langintzaren barruan, gizakiek hausnarketarako ahalmena dutela onartzen da. Hori dela eta, jakin behar da gizaki bakoitzak bere burua eta bere ingurua nola definitzen dituen. Baina gizarte-langilearen subjektibitateak ere hartuko du parte.
Teoria hauetan gizarte-langintza arte gisa jotzen da. Erabiltzailea da bere arazoa konpontzeko giltza duena; gizarte-langilearen papera erabiltzailea ulertzea eta laguntzea da. Bien artean arazoaren hausnarketa egin eta ulertu ondoren, konpontzen ahalegintzen dira.