Giza Nutrizioa: Digestio Aparatuaren Funtzioak eta Mekanismoak
Giza Nutrizioa
Gure gorputzeko zelula guztiek mantenugaien beharra dute bizi jardueraren oinarria osatzen duten erreakzio kimikoak (metabolismoa) egin ahal izateko.
Zelula ugariz osatutako organismoetan -gizakia, kasu- zelula guztiek ezin dituzte zuzenean mantenugaiak lortu, eta elikagaietan daudenak konplexuak direnez, organismoak erabili ahal izateko ezinbestean substantzia txikiagoetan eraldatu behar dira.
Bi arrazoi horiengatik, izaki zelulanitzek organo espezializatuak behar dituzte, mantenugaiak prestatu eta zelula guztietara banatzeko, batetik, eta jarduera zelularrean sorturiko hondakinak kanporatzeko, bestetik. Organo horiek aparatuetan biltzen dira. Hona hemen nutrizio-funtzioa egiteko behar diren lau aparatuak:
Digestio-aparatua. Aparatu honetan zehar barneratutako elikagaiak eraldatzen dira barne ingurunera eta odolera igarotzeko gai izateko.
Zirkulazio-aparatua. Barne ingurunera igaro diren mantenugaiak banatzeaz gain arnas gasak (CO2 eta O2) ere garraiatzen ditu.
Arnas-aparatua. Airetik O2-a jasotzen du eta gorputzetik CO2-a kanporatzen du.
Iraitz-aparatua. Organismoan sortu diren produktu kaltegarriak kanporatzen ditu eta gorputzaren likidoen oreka mantentzen du.
Digestio Aparatuaren Funtzioa
Gure gorputzaren zelula guztiek elikagaien materia eta energia behar dute. Gehienetan, elikagaiak makromolekula organikoak dira eta hartzen ditugun moduan ezin dira gure organismoan barneratu, ez larruazalean zehar ezta digestio aparatuaren paretetan zehar ere. Beraz, digestio aparatuaren funtzioa elikagaien makromolekulak molekula bakunagoetan bihurtzea da; modu honetan, digestio eta odol hodien paretak zeharka ditzakete eta odolean zehar zeluletara hel daitezke metabolismo zelularrean parte hartzeko.
%IMAGE%
%IMAGE%
Hortzetako osagaiak hauek dira:
- 8 ebakortz, ebakitzeko.
- 4 letagin edo betortz, urratzeko.
- 8 aurreko hagin, xehatzeko.
- 12 hagin, irintzeko.
Urdaila
Digestio-hodiaren zabalkuntza da. Bere horma muskularrak hiru geruza ditu, lodiera handiagoa izanik beheko atalean. Barruko aldean, urdail-horma mukosapeko geruza (submukosa) baskularizatuaz eta muki-mintzaz osatuta dago. Urdailaren barneko azalak tolestura sakonak ditu, elikagaien eta urdail-jariapenen arteko ukigunea gehitzeko.
Heste Meharra
6-7 metroko luzera duen hodia da. Heste meharraren lehenengo atalari, pankrea inguratzen duenari, duodeno deritzo; geratzen denetik, lehenengo bi bostenek jejunoa osatzen dute eta azkeneko hiru bostenek ileona eratzen dute. Heste meharraren horma lau geruzaz osatuta dago:
- Kanpoko serosa.
- Muskularra: longitudinala kanpoko aldean eta zirkularra barrualdean.
- Mukosapekoa: ehun konektiboz osatua. Bertan kokatzen dira odol- eta linfa-hodiak eta nerbio zuntzak.
- Muki-mintza: epitelioa du eta xurgapen-prozesua burutzen du.
Heste meharrak, barruko ukipena gehitzeko eta xurgapenaren eraginkortasuna handitzeko, honako mekanismoak ditu:
- Muki-mintzak 7 mm garai diren tolesturak dauzka, asko duodenoan eta jejunoan.
- Tolesturen eremuan behatz itxurako luzakinak daude, heste-biloak, 0,5 mmko garaierakoak.
- Bilo horiek estaltzen dituzten epitelio-zelulek, enterozitoek, mikrobiloz hornituriko mintza agertzen dute.
- Heste meharrean pankreak, behazunak eta heste meharreko guruinek jariatzen dituzte beren urinak edo jariakinak, hauek elikagaiekin nahastu ondoren hidrolizatuta eta prest geratuko dira xurgapena jasateko eta odolera igarotzeko.
Aho-barrunbea
Ahoan bi ekintza nagusi burutzen dira:
- Murtxikatze-prozesua: elikagaiak ebaki eta zehatu egiten dira, listuarekin nahasketa errazteko eta digestio-mekanikoa egiteko.
- Listuztatzea: prozesu honetan elikagaiak eta listua nahasten dira boloa ekoizteko. Listua listu-guruinetan ekoizten eta aho-barrunbera jariatzen da. Egunean 1000-1500 cm3 listu jariatzen dira.
Listuak hainbat funtzio ditu:
- Almidoia maltosa bihurtzen du amilasari esker. Amilasaren lana errazteko, ahoaren pH-a 6 eta 7,4 bitartekoa da.
- Elikadura boloaren garraioa errazten du.
- Bakterioak lisozimaren bidez suntsitzen dira.
Boloa eratu ondoren, irensketa prozesua hasten da. Horrela, eratutako boloa faringetik pasatuko da eta handik hestegorrira. Horretarako, laringea ixten da, boloa zintzurrestean sar ez dadin.
Hestegorria
Hestegorrian boloak aurrera egin behar du; horretarako muki jariakina ekoizten du mugimendua errazteko.
Bestalde, hestegorriaren muskulu leunak uzkurdura aktiboak egiten ditu boloa urdailera joan dadin. Mugimendu hauek peristaltiko izenez ezagutzen dira eta uzkurtze- eta erlaxazio-uhinak txandakatuz, elikadura boloa olatuak bezala aurrera garraiatzen dira.
Urdaila
Elikadura boloa urdailera iristen da eta bertan bataz beste 3 edo 4 ordu irauten du. Bertan barne-pareta estaltzen duten guruinek sortzen duten urin gastrikoarekin nahasten da. Sortutako nahasteak, elikadura boloa baino jariakorra den kimo deituriko masa osatzen du.
Urin gastrikoa beharrezkoa da janariaren digestioa burutzeko. Bere pH-a oso azidoa da eta bere osagai nagusienak hauek dira:
- Ura (98%) eta gatzak. Urak elikagaiak biguntzen ditu.
- Azido klorhidrikoa (HCl).
- Proteinak apurtzeko entzimak (pepsinogenoa batez ere).
- Urdaileko lipasari esker gantzak gantz azido eta glizerol bihurtzen dira. Lipasa honek emultsionatuta dauden gantzetan eragiten du soilik: esnea, gazta, maionesa...
Urdailean bakterioak igarotzea eragozten da bere pH azidoaren bidez. HCl-ak haragiaren fibrina eta ehun konektiboen kolagenoa biguntzen ditu. HCl-ari esker pepsinogenoa bere era aktibora pasatzen da (pH-ak 5,6 baino gutxiagokoa izan behar du), pepsina bihurtuz. Pepsinak kolagenoa apurtzen du eta proteina handiak aminoazido edo peptido bihurtzen ditu. HCl-aren efektuak murrizteko, urdaileko mukosak muki-jariakina ekoizten du, epitelioa babesteko eta HClaren eta entzimen erasoak eragozteko. Urdailean, uzkurdura peristaltikoak ere burutzen dira, eta urdailaren atal ezberdinen araberakoak dira.
Heste Meharra
Digestio prozesu gehienak heste meharrean gertatzen dira. Kimoak, pankrea urinaren eta behazunaren eragina jasotzeaz gain, heste meharreko mukosaren guruinek sorturiko heste urinaren eragina ere jasaten du hesteetan. Kimoa eta substantzia horien nahasteak kiloa osatzen du.
Pankrea-zelulek bikarbonatoa ekoizten dute, horrela pankrea-urinaren pH-a 8,2 izanik. Beraz, duodenoan sartzen denean kimo azidoaren neutralizazioa lortzen da.
Pankrea-urinak honako osagai entzimatikoak ere baditu:
- Pankreako lipasa. Gantzak degradatu egiten ditu.
- Entzima proteolitikoak. Proteinak eta peptidoak degradatu entzimak dira. Garrantzitsuenetariko bat tripsinogenoa da. Era ez eraginkorrean jariatzen da tripsinogenoa, eta duodenoan dagoen entzima espezifiko bati esker era eraginkorrean eraldatzen da (tripsina).
- Amilasa: honi esker almidoia maltosa bihurtzen da.
Heste meharreko guruinak ileonean daude, eta digestio kimikoa osatzen duten heste urina jariatzen dute heste meharreko hodira. Urin honen konposizioa horrelakoa da:
- Peptidasa: peptidoak aminoazido bihurtzen ditu.
- Maltasa: maltosa glukosa bihurtzen du.
- Sakarasa: sakarosa glukosa eta fruktosa bihurtzen ditu.
- Laktasa: esnearen karbohidratoa (laktosa) glukosa eta galaktosa bihurtzen du.
Heste meharrean mugimenduak sortzen dira kimoaren nahasketa eta propultsioa errazteko.
Mantenugaien Xurgapena
Digestioa jasan ondoren elikagaiak prest daude odolera igarotzeko. Xurgatze deritzon prozesuari esker mantenugaiek heste meharreko pareta zeharkatzen dute eta kapilarretara igarotzen dira odolean disolbatuz. Modu honetan garraiatzen dira gorputzaren zelula guztietara.
Era berean, heste biloak osatzen dituzten zelulen mintz plasmatikoak hodiaren argirantz zuzenduriko zatian, mikrobilo deituriko tolestura ugari ditu, azalera, eta horrekin batera, xurgapenaren eraginkortasuna handitzeko. Horri esker, xurgapen-azalera osoa 400 m2 ingurukoa da.
Bai karbohidratoak, bai aminoazidoak, xurgatuak izan ondoren, odola igaroko dira (porta benara joango dira) eta handik gibelera.
Heste meharreko pareta zeharkatu ondoren gantz azidoak glizerinarekin elkartzen dira, horrela eratutako gantzak hodi kiliferoetan biltzen dira eta hodi hauek elkartzean hodi linfatikoak osatzen dituzte gorputz osoan zehar. Zirkulazio sistema hau sistema linfatikoa da.
Heste meharrean egunero 7 litro hondakin mugitzen dira eta, hauek, sartutako 2 litro janarirekin bat egiten dute. Sortutako bolumenetik soilik 500-1000 cm3, igaroko dira heste lodira, gainerakoa berriro xurgatuko da. Uraren xurgapena eta garraioa pasiboa da eta bolumen gehiena duodenoan eta jejunoan xurgatuko da.
Heste Lodia
Elikagaiak balbula ileozekalean zehar heltzen dira heste lodira. Balbula hau ia itxirik egoten da, ileonaren bat-bateko hustea eragotziz. Bere egituragatik, elikagaiak ezin dira berriz pasa ileonera.
Kolonak ia ur guztia xurgatzen du gorotzak trinkotzeko. Kolonean bakterio sinbiotikoak garatzen dira. Horiek heste flora osatzen dute eta gure gorputzerako beharrezkoak diren zenbait bitamina sortzen dituzte (K bitamina adibidez). Bitamina horiek eta zenbait ioi ere kolonean xurgatzen dira.
Mugimendu geldoak ditu, ileonarenak bezalakoak, baina mugimendu peristaltiko bortitzak dira eta hauei esker aurrera joaten dira gorotzak.
Kolonean zelula kaliziformeak (guruin zelulabakarrak) agertzen dira eta hauek mukia jariatzen dute. Muki-jariakinak gorotzen bidea errazten eta kolonaren mukosa babesten dute.
Uzkia esfinter bikoitza da: barnekoa, muskulu leunezkoa, eta kanpokoa, muskulu eskeletikoa. Beraz, lehenengoa nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago eta bigarrena nerbio sistema zentralaren bidez kontrolatzen da.
Gorotzak ondestera iristean, bertako hormak zabaltzea egiten du. Estimulu hau bizkarrezur-muinera transmititzen da eta handik erreflexu eragilea abiatzen da, barne-esfinterra lasaitzeko eta muskulu abdominal batzuk uzkurtzeko, sabelustea efektiboa izan dadin. Nerbio-sistema autonomoaren erreflexua deusezta daiteke kanpoko esfinterra itxiz, kanpoko esfinterra nerbio-sistema zentralaren kontrolpean baitago. Orduan, sabelusteko gogoa desagertu egiten da.
Gorotzen pH-a 7-7,5 bitartekoa da. % 70-80 ura, % 7 bakterio hilak, % 5 gai inorganikoak, % 5 gantzak eta % 1 proteinak dira.
Kolonean gasak ere agertzen dira. Hauek irentsitako gasen, hestearen erreakzio kimikoen eta bakterioen hartziduraren ondorioz sortzen dira. Egunero 600 mL gas kanporatzen dira, baina zelulosa ugari duen dietak gasen kanporaketa areago dezake.
%IMAGE%