Giza Funtzioak: Digestioa, Gas Trukaketa eta Zirkulazioa

Biologia3,62 KB

Giza Gorputzaren Funtzio Nagusiak

Digestio Aparatua

Aparatu hau gorputz osoa zeharkatzen duen hodi moduko bat da. Bi irekigune ditu: bata aurrealdean, ahoan, eta bestea atzealdean, uzkian. Nahiz eta barruan egon, kanpoko organoa dela esan daiteke, gorputzeko barne-ingurunetik isolatuta dagoelako. Digestio-aparatua antzekoa da animalia guztietan. Aldaketarik handiena ornogabeen artean dago.

Digestioa digestio-urinek, entzima desberdinei esker, burutzen da. Digestio-urinak hodiaren paretan sakabanatuta edo hoditik aparte dauden guruinek jariatzen dituzte. Azken horien artean, listu-guruinak, gibela eta pankreasa ditugu.

Ornodunen eredua nahiko orokorra da. Zati hauek ditu:

  • Ahoa eta aho-barrunbea: Hemen mingaina, hortzak eta listu-guruinak daude.
  • Faringea: Janariaren pasabidea da.
  • Hestegorria.
  • Urdaila: Janaria biltzen den tokia.

Urdailaren hasieran kardia izeneko balbula bat dago, eta bukaeran piloroa. Horien ondoren hestea dator.

Lehen zatia heste meharra da. Hodi hau estua da eta luzera desberdina du espezie bakoitzean, bere elikadura motaren araberakoa. Pertsonen heste meharrak 6 m inguruko luzera du. Hiru zatitan bana daiteke: duodenoa, jejunuma eta ileona.

Ondoren, balbula ileozekalaren ostean, heste lodia dator. Hau ere hiru zatitan bana daiteke:

  • Zati itsua (substantziak biltzen dituena).
  • Kolona.
  • Ondestea.

Eta azkenik, uzkia dugu.

Gas Trukaketa

Gas-trukaketa birika-albeoloetan eta zeluletan gertatzen da. Bi kasuetan, gas-molekulak presio handiena dagoen lekuetatik txikienetara pasatzen dira difusioz. Airea gas-nahaste bat denez, aire horren osagai bakoitzak presio bat egingo du. Presio horri presio partziala esaten zaio.

Albeoloetan, arnasbidetik datorren airea eta oxigeno gutxi eta CO2 asko daramaten odol-kapilarrak jartzen dira kontaktuan. Gas-trukaketa odol-kapilarretan eta albeoloen mintz meheetan zehar gertatuko da difusioz: oxigenoa albeolo-barrunbetik kapilarretara igaroko da, kapilarretan oxigenoak presio partzial txikiagoa duelako; eta CO2-a kapilarretatik albeoloetara pasatuko da, azken horietan presio partziala txikiagoa delako.

Ehunetan alderantziz gertatuko da. Odol-kapilarretako oxigeno-presioa ehunetakoa baino handiagoa da, eta CO2-arena txikiagoa; beraz, oxigenoa ehunetara pasatuko da difusioz eta CO2-a kapilarretara.

Zirkulazioa

Odolak hodi barrutik zirkulatzen du, bihotzaren uzkurdurek eraginda. Odol-hodi mota desberdinak daude: arteriak, benak eta kapilarrak.

  • Arteriek gorputz osora zabaltzen dute bihotzetik datorren odola.
  • Benek, ordea, gorputz osoko odola bildu eta bihotzera eramaten dute.
  • Kapilarrak diametro mikroskopikoko odol-hodiak dira, eta arteriolak eta benulak elkartzen dituzte.

Kapilarren paretak duen ehun bakarra endotelioa da, geruza bakarreko epitelioa; horri esker, odolaren eta ehunen arteko substantzia-trukaketa egin daiteke. Arterien eta benen paretan, endotelioaz gain, ehun konjuntiboz eta muskularrez osatutako geruzak daude. Arterien pareta benena baino lodiagoa da, odola bertatik presio handiagoz pasatzen delako.

Bihotzak bi ganbara mota ditu:

  • Aurikula (odola jaso).
  • Bentrikuluak (odola gorputz osora pasatu).

Deskargatu

PDF Word HTML