Giza Eskubideak: Oinarriak, Ezaugarriak eta Babesa
Zer dira giza eskubideak?
Hasteko, giza eskubideak gizon-emakume guztioi gizaki hutsa izateagatik eta jaio garen momentutik hiltzen garen momentura arte ematen edo aitortzen zaizkigun zenbait oinarrizko balore edo ahalmenak dira. Hauek norberaren estatusa, sexua, joera sexuala, etnia edo herritartasuna edozein izanda ere baditugu. Berdin du pertsona on bat edo genozidioak burutu dituen bat izan, honek ere giza eskubideak ditu eta errespetatu behar dira. Orain azalduko dudan bezala, giza eskubide hauek ukaezinak dira eta ezin da hauen kontrako legerik ezarri.
Giza eskubideen lau ezaugarri nagusiak
Giza eskubide hauek lau ezaugarri nagusi dituzte:
- Unibertsalak: Gizon-emakume guztiei berdin aplikatu behar zaizkie.
- Ukaezinak: Inork ezin baitizaieke uko egin, ez eta inori eman ere.
- Preskribaezinak: Ez dira inoiz desagertzen, ezta iraungitzen ere.
- Hautsezinak: Inork ezin dizkigu kendu.
Gaur egungo egoera eta eskubideen urraketak
Gaur egun, gizon-emakume guztiok eskubide berberak izan arren, leku askotan eskubide hauek ez dira beti errespetatzen. Demokraziarik ez duten herrialdeetan gertatzen da hori, batez ere. Izan ere, milioika pertsonak ez dute ezer jaten, ez dute etxebizitza duinik, ezta osasun-zerbitzurik ere; eta tratu txarrak ematea edo torturatzea erabat ohikoa da beste askotan. Zenbait lekutan herritarrei ez zaie askatasuna aitortzen, eta ez zaie uzten ez norberaren ideiak adierazten, ez erabaki politikoetan parte hartzen. Milioika eta milioika haurrek nekez ase ditzakete oinarrizko beharrak, besteak beste, arreta pertsonala eta hezkuntza jasotzea. Gainera, oraindik leku askotan emakumezkoek ez dituzte gizonezkoen eskubide berak.
Eskubideetatik legeetara: hausnarketa bat
Azkenik, nire ustez, giza eskubideak eskubide huts izatetik lege bihurtu behar lirateke. Izan ere, azaldu dudan bezala, leku asko eta askotan oraindik ez dira eskubide hauek errespetatzen. Errespetatuak izateko, lege gisa ezarriko nituzke; horrela, eskubide hauek errespetatzen ez dituenak espetxe-zigor handi bat jasoko luke, eta horrela arazo gutxiago egongo lirateke munduan zehar.
Babeserako erakundeak eta organismoak
Baina badira giza eskubideak aldezteko eta babesteko hainbat organismo, eta laguntza eskatzera jo dezakegu. Espainian, Konstituzioak zaintzen ditu gure giza eskubideak, eta legeak babestu egiten du eskubideok urratu izana salatzen duen oro. Azkenik, badugu Nazioarteko Zigor Auzitegia ere, mundu mailakoa, giza eskubideen urraketa larrienak salatzeko, hala nola genozidioak eta gerra-krimenak.