Gerra Hotza: Liskarretatik Negoziaziora (1960-1980)

Historia2,5 KB

Liskarretatik negoziaziora (1960-1980)

Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, bestelako ibilbide bat hartu zuen Gerra Hotzak, armamentuen karreraren eta arma nuklearren gorakadaren ondorioz. Hainbat konferentzia egin ziren desarmatzeari buruz, bi potentziak ikaraz baitzeuden gerra nuklear batek gizadiaren amaiera ekarriko ote zuen.

Gertaera nagusiak

  • Kubako Iraultza: 1959an, Fidel Castrok gidatutako iraultzak Batistaren Estatu Batuen aldeko erregimena desagerrarazi zuen. Kubatar agintari berriak sobietar blokera hurbildu ziren pixkanaka.
  • Berlingo Harresia: 1961eko abuztuaren 13an, Alemaniako Errepublika Demokratikoko agintariak harresi bat eraikitzen hasi ziren Berlinen erdialdean. Helburua Ekialdeko Alemaniako biztanleriak Mendebaldera ihes egitea eragoztea zen.
  • Misilen krisia: Kubako Gobernua Sobiet Batasunera hurbildu zenez, Estatu Batuek blokeo bat ezarri zioten Kubari. Khrustxevek Kuban misilak jartzea erabaki zuen 1962ko urrian. Estatu Batuei ezin onartzekoa iruditu zitzaien, eta Kennedy presidenteak ultimatum bat igorri zuen. Sobietarrak erretiratu egin ziren eta halaxe bukatu zen krisia.

Bakezko koexistentzia

  • Telefono gorria ezarri zen, Etxe Zuriaren eta Kremlinaren artean.
  • 1968ko Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna.
  • Arma Estrategikoen Mugatzeari Buruzko Elkarrizketen Ituna (SALT).

Eskualdeko gatazkak

Hegoamerikan, Estatu Batuek komunismoaren aurrerabidea oztopatu nahian, Aurrerapenerako Aliantza sortu zuten. Zuzeneko ekimen militarrak ere egin zituzten, hala nola Guatemalan (1954) eta Dominikar Errepublikan (1965). Nikaraguan (1979) iraultza sandinista izan zen garaile; laster hurbildu zitzaion Kubari eta Sobiet Batasunari.

Vietnameko Gerran, 1961ean, Estatu Batuek Hego Vietnamen alde egin zuten Vietcongen gerrillaren kontra, zeina Ipar Vietnamek eta Sobiet Batasunak babesten baitzuten. Urte askoko gerra latz baten ondoren, giza bizitza eta armamentu kostu handia izan zuelarik, Estatu Batuak erretiratu egin ziren 1973an.

Iranen, iraultza islamiarrak Reza Shah Pahlaviren mendebaldearen aldeko erregimena eraitsi zuen 1979an. Estatu islamiar bat ezarri zuten, iparramerikarren kontrakoa erabat. Urte hartan bertan, Sobiet Batasunak Afganistan inbaditu zuen. Ekialde Hurbileko gatazka Gerra Hotzari erantsi zitzaion: sobietarrek arabiarren alde egin zuten, eta Estatu Batuak izan ziren Israelen defendatzaile nagusiak.

Deskargatu

PDF Word HTML