Frantziako Iraultzaren Eragina Euskal Herrian eta Espainian
Karlos IV.aren Erregealdia eta Erregimen Zaharraren Krisia
Karlos III.aren heriotzaren ondoren, bere seme Karlos IV.a izendatu zuten errege. Karlos IV.aren erregealdian larritu egin zen krisi ekonomikoa, politikoa eta soziala, eta Frantzian pil-pilean zeuden ideia liberal iraultzaileak zabaltzen hasi ziren. Horrek guztiak Erregimen Zaharraren gainbehera ekarri zuen.
Iraultzaren Eragina
Frantzian, 1789az geroztik, iraultzaren bidez finkatzen ari zen Erregimen Liberala. Neurri hauek aldarrikatu zituen erregimen berri hark:
- Herriaren burujabetasun nazionala
- Aginte banaketa
- Gizakiaren eta hiritarren eskubideak
- Estatu laikoa sortzea
Era berean, liberalismo ekonomikoan oinarritutako politika ekonomikoa sustatu zuen. Liberalismo politikoa eta ekonomikoa ezarri zenean, beraz, deuseztatu egin ziren absolutismoa, gizarte estamentala, jauntxoen erregimena, etab.
Frantziako Iraultzak modu zuzenean eragin zion Euskal Herriaren iparraldeari, indargabetu egin baitzituen Foruak. Frantzian, 1790ean ezarri zen antolaketa administratibo berrian, Behe Pirinioetako departamendua sortu zuten, eta departamendu horretan sartu zituzten Euskal Herrialdeak.
Frantziako Iraultzaren Ondorioak Espainian
Ideia iraultzaileak atseginez hartu zituzten intelektual eta burges ilustratuek, eta beldurrez, aldiz, talde pribilegiodunek. Ideia liberalak Espainian zabal ez zitezen, Karlos IV.ak ideologiari mugak ixteko agindu zuen. Kutsu iraultzaileko liburuak eta agerkariak saltzea debekatu zuen, intelektual susmagarriei jazartzeko baimena eman zion Inkisizioari eta, ikasleak atzerriko unibertsitateetara ikastera joatea galarazi zuen.
Bakartze neurri horiek indarrean jartzeko ardura Karlos IV.aren lehen ministro Floridablancak zuen, baina, blokeo ideologikoak eraginkortasun handirik ez zuela ikusita, kargutik kendu zuten, eta Aranda kondeak hartu zuen haren kargua. Frantziako Iraultza erradikalizatzen ari zen, eta, erradikalizatze horrek bultzatuta, Karlos IV.ak agintera eman zion Manuel Godoyri.
Konbentzio Gerra
1793an Luis XVI.a hil zutenean, Karlos IV.ak Frantziari gerra deklaratu behar izan zion, Britainia Handiarekin eta Portugalekin bat eginda. Azkenik, Frantziak eta Espainiak Basileako Bake Hitzarmena sinatu zuten 1795ean.