Frankismoa Euskal Herrian (1939-1975): Ezaugarriak eta Oposizioa

Historia5,92 KB

Diktadura Euskal Herrian (1939-1975)

Lehen frankismoaren ezaugarriak: homogeneotasuna ezarri zen aspektu politikoetan, sozialetan, ekonomikoetan eta kulturaletan. Gerraren ondorengo egoeran nabarmenak izan ziren arazo ekonomikoak, gosea eta eguneroko bizitzan izaten ziren zailtasunak, Espainiako lurralde guztian izan ziren arazo berberak.

Ekonomia: Autarkia eta krisia

Ekonomiaren aldetik, Espainiaren nazioarteko isolamenduaren ondorioz sortutako politika autarkikoaren eraginez, egoera ekonomikoa ez zen 1950era arte hobetu. Gerra osteko krisiaren ondorioz, populazioaren gehiengoak zailtasun hauek pairatu zituen:

  • Hornidura zailtasunak.
  • Oinarrizko produktuen salneurrien gorakada.
  • Soldata baxuak eta gosea.

Zailtasun ekonomikoek aukera gutxi uzten zioten populazioari. Horren kezkarik handiena norberaren eta familiaren biziraupena zen.

Politika eta errepresioa

Euskal Herrian erregimen frankista ezartzea, erabat zentralizatua zegoen estatu baten barnean, Espainiako gainerako eskualdeetan bezala gertatu zen: heriotza zigorrak, erbesteratzeak, kartzelaratzeak eta isunak ezarri zitzaizkien ezkertiarrak ziren guztiei. Errepresio hori, frankismoaren lehen hamarkadan bereziki gogorra izan zen eta oposizioaren ekimenak zaildu egin zituen. Nazionalismoaren aurkako errepresioa Euskal Herrian oso gogorra izan zen.

Kultura eta euskararen debekua

Errepresioak irakaskuntzaren munduari ere eragin zion. Oinarrizko Hezkuntzako irakasle euskaldunak modu bereziki gogorrean jazarriak izan ziren. Komunikabideei dagokienez, erregimenaren aurkako taldeenak izan ziren guztiak itxi egin zituzten eta horien ondasunak Mugimenduaren Prentsaren esku jarri zituzten. Antzeko zerbait gertatu zen irratiarekin; Radio Nacional de España bakarrik onartzen zen. Gainera, euskara hizkuntza debekatu zen, euskal nazionalismoarekin amaitzeko.

Barne tentsioak eta Begoñako atentatua (1942)

Frankismoaren barne arazoak, lehenengo unetik, uste zutena baino handiagoak izan ziren eta hau nabarmen gelditu zen 1942an, Bilboko Begoñako basilikan ekimen karlista baten aurka izan zen falangisten atentatuan.

Oposizioa: 40ko hamarkada

Erbesteko nahiz barneko oposizio antifrankista diktaduraren sendotzea oztopatzen eta erregimen demokratikoa berriz ezartzen saiatu zen. Euskal Herriaren kasuan, autonomiaren berrezarpenaren bidetik joan behar zuen, edo bestela, beste autogobernu moduren batetik. Jaurlaritzak oposizioaren ia alderdi gehienak biltzen zituen. Jose Antonio Agirre lehendakariaren nortasuna erabakigarria izan zen; horrek 1960an hil zen arte erbesteko errepublikar politika espainiarraren osotasunean ere eragina izan zuen. Eusko Jaurlaritzaren ospea Gerra Zibilaren amaiera ondoko uneetan eraiki zen, errefuxiatuei zuzendutako laguntza lana abiaraztea lortu zuenean. Gerra Zibila bukatu zenetik, erbesteratuen kopuruak behera egin zuen.

Gatazkarik handiena Indalecio Prietoren aldeko sozialista euskaldunek Eusko Jaurlaritzarekin zituzten harremanak eten zituztenean izan zen, Santiago Aznar kontseilariak Euskadiko Komite Sozialista Zentrala sortzen zuen bitartean.

1945ean, Euskal Herriko ia alderdi eta sindikatu guztiek Baionako Ituna sinatu zuten. Itun horretan Errepublikaren, Estatutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde azaltzen ziren.

1946an, Frantziak, Britainia Handiak eta AEBek Francoren erregimena gaitzetsi zuten. Oposizio euskaldunak 1945etik aurrera ekintzarik garrantzitsuenak burutu zituen. 1947ko erreferendum frankistan egindako abstentzioaren aldeko kanpainaz eta zenbait propaganda ekintzez gain, estrategia horren gorengo unea 1947ko eta 1951ko greba orokorrak izan ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan barneko ekintza klandestinoak oinarrizkoak izan ziren, Eusko Jaurlaritzaren kontsignei jarraituz. Langileen erosteko ahalmenaren jaitsieraren aurrean sortu zen greba. Erregimenak grebalarien aurka errepresio gogorra eginez erantzun zuen. Dena den, greba ez zen erregimena larritasunean jartzeko modukoa izan.

Oposizioa: 50eko hamarkadako krisia

Ia hamabost urteko diktaduraren ondoren, errepublikar aldia bizi izan zuten militante antifrankistak nekeak jota zeuden. Lehenago politika munduan nabarmendu ziren zenbait erbesteratu, agintari frankisten eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin, barnera itzuli ziren, eta bizitza sozialean nahiz profesionalean modu arrunt samarrean txertatzeko aukera izan zuten. Horrek argi eta garbi erakusten du 1950eko hamarkadan oposizioak jasan zuen krisia.

Francok AEBekin eta Vatikanoarekin egin zituen hitzarmenekin eta Espainiaren NBEan sarrerarekin erregimenaren nazioarteko isolamenduarekin amaitu zuten. Horiek lehendakaria, EAJ eta Eusko Jaurlaritza eskuak lotuta utzi zituzten, eta aukera bakarra zen euskal erakundeak erbestean bizirik mantentzea eta diktaduraren bukaera ekarriko zuten garai hobearen zain egotea. 1951n Eusko Jaurlaritza Parisen zuen egoitza uztera behartu zuten eta gobernu frankistaren jabetza izatera pasa zen.

Oposizioaren zatiketa gertatu zen, Indalecio Prietok abiarazitako estrategiaren eraginez: diktadura deuseztatzeko asmoz, ezkerreko errepublikar sozialisten eta Francoren aurkakoak ziren monarkiko demokraten arteko hurbilketa bultzatzen saiatu zen.

1953 eta 1957 artean EAJ berregituratu egin zen. Antzeko zerbait gertatu zen beste alderdi eta sindikatu batzuekin. Kanpoan, EAJ izan zen egitura mantentzeko arazo gutxien izan zuena. 1956an Parisen egin zen Munduko Lehen Kongresua izan zen; ospakizun horrekin lehendakariak krisialdi betean zegoen antifrankismo euskalduna eta lehengo elkartasun dinamika bultzatu nahi izan zituen. Izan ere, Munduko Euskal Kongresuak arrakasta handia izan zuen. Baina kongresuan bertan zailtasun berriak antzematen hasi ziren: ETA azalera atera zen. Jose Antonio Agirre 1960an hil zen eta nortasun txikiagoa zuen Jose Maria Leizaolak ordezkatu zuen. Gertakizun horiek euskal antifrankismoaren aldi berri baten hasiera osatu zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML