Francoren Diktadura: Ezaugarriak, Gerraostea eta 50eko Hamarkada

Historia12,99 KB

Francoren Diktadura

Francok modu diktatorialean gobernatu zuen. Bere izaera autoritarioa aldatu gabe, erregimen frankista nazioarteko gertaeretara formalki egokitzen saiatu zen, gainerako nazioen onarpena eta barne egonkortasuna lortzeko. Beraz, Frankismoa, Franco jeneralak ezarritako erregimenari historian eman zaion izena da, eta diktadura bat izan zen.

Frankismoaren ezaugarriak

Francok muturreko pentsaera nazional-katolikoa zuen; ideologia horren arabera, espainiarra izateak berezkoa du fede katolikoa. Herritarrek erraz barneratzen zuten teoria hori, eta, horrela, Francoren erlijio-legitimazioa egiten zen, «Jainkoak ezarritako Espainiako buruzagitzat». Militarrei gobernu zibil asko eman zizkien. Militar garaileek eta Falangeak sentimendu zentralista nabarmena zuten; nazionalismo espainiarra ideia frankisten zati garrantzitsu bat izan zen. Erregimenak bere burua definitzeko erabiltzen zuen «demokrazia organiko» kontzeptuak aditzera eman zuen ordezkaritza politikoa ez zutela pertsonek, gizartearen barruko unitate organikoek baizik.

Frankismoaren oinarriak

Frankismoak ia berrogei urte iraun zuen; zapalkuntza eta propaganda lagungarriak izan ziren honek luzaro iraun zezan. «Jeneral gorenak» aurkariek ziotena baino gizarte-laguntza handiagoa izan zuen. Frankismoak hiru oinarri izan zituen:

  • Falangea: Franco ez zen inoiz benetako falangista izan, baina Falangea ondo erabiltzen jakin zuen. Falangeak, erregimenak iraun zuen bitartean, ordezkariren bat izan zuen Francoren ministroen artean; baina, lehenengo urteak igarotakoan, ez zituen ministerio garrantzitsuenak eskuratu.

  • Eliza: Eliza espainiarrak ongizate ekonomikoa, gizarte-agintea eta aginte politikoen babesa eduki zituen. Aldi berean, Eliza Estatua eta Francoren ideal patriotikoak legitimatzeko tresna izan zen.

  • Armada: Militarrek 1939tik 1945era izan zuten indarrik handiena gobernuan. Francoren ondoan beti egon ziren berarekin ibilitako militarrak, esaterako, Carrero Blanco almirantea, Gobernuan eginkizunak edukitzeaz gain.

Estatu frankistak gizarte-talde hauen laguntza ere izan zuen: lur-jabe handiak, industria-enpresaburuak, probintzietako burgesia txikia eta Espainia iparraldeko eta erdialdeko nekazari katolikoak. Aldi berean, langile asko apolitikoak ziren.

«Jeneral gorenak» bere gobernu pertsonala instituzionalizatzeko erabakia hartu bazuen, atzerriko gertakariei erantzuteko eta frankismoaren jarraipena ziurtatzeko izan zen.

Lege nagusiak eta instituzionalizazioa

Lanaren Legea 1938an aldarrikatu zen; lan-munduko harremanak antolatzeko ezarri zen. Derrigorrezko sindikatu bakarrak Falangearen esku utzi zuen. 1942an Gorteak Eratzeko Legea aldarrikatu zen, Europako gerraren bilakaeraren eraginez, gerra hori mendebaldeko demokraziak irabazten ari baitziren. Lege horren bidez, erregimenak ordezkaritza-ganbera bat sortu zuen, eta hori Gorteetako bostehun prokuradore baino gehiagok osatzen zuten: Sindikatuaren edo Falangearen hierarkiak, apezpikuak, Unibertsitateko errektoreak edo Gobernuko kideak.

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, 1945ean Francok Espainiarren Forua argitaratu zuen, erregimena makillatzeko. Baina itxuraz baino ez zen eskubide-aldarrikapena. 1945ean Erreferendumaren Legea sortu zen, horren helburua Espainian sufragio unibertsala zegoela erakustea zen. 1947an Ondorengotza Legea sortu zen. Espainia «erresuma» zen, Franco, berriz, Estatuko biziarteko buruzagia zen, eta ondorengoa izendatzeko eskubidea zuen.

1958an Francok Mugimendu Nazionaleko Printzipioen Legea aldarrikatu zuen. 1966an argitaratu eta erreferenduma egin ondoren, Estatuko Lege Organikoak funtsezko berritasunak sartu zituen; adibidez, banandu egin zituen estatu-buru eta gobernu-buru karguak.

Gerraostea: Isolamendua eta Zailtasunak

Giza kostua eta exodo intelektuala

1939tik 1945era 60.000 exekutatu egon ziren. Garaitutako alderdi politikoetako kideek, Espainian gelditzea erabaki zutenek, espetxe-zigor gogorrak eta gizarte-bazterkeria iraunkorra jasan zituzten. Espainiak betiko galdu zituen zientzialariak, juristak, historialariak, olerkariak... intelektualen %90 inguru joan zen Espainiatik.

Nazioarteko jarrera eta isolamendua

Espainia ez zen Bigarren Mundu Gerran sartu, aurri-egoeran zegoelako. Gerra hasi ondoren, Alemaniaren eta Italiaren laguna izan zen. Baina 1942an neutraltasuna hartu zuen (Stalingrado eta gero). 1939ko abuztutik, Ramón Serrano Súñer (Francoren koinatua) Atzerri Arazoetako ministro zen. 1942ko udan, estatubatuarrak gerran sartu ondoren, Francok aliatuekiko harremanak hobetu nahi izan zituen eta, horretarako, anglofilo bati eman zion Atzerri Arazoetako kargua.

Gerra amaitu baino lehen, hurbiltze argia egon zen (1942ko uda) Amerikako Estatu Batuetako erakunde militarren eta Francoren erregimenaren artean, baina gerra amaitu ondoren nazioarteak etsaitzat hartu zuen Espainiako erregimena. Horrela, Espainiak bere historiako garairik txarrenak bizi izan zituen.

Berrogeiko hamarkadan eta hurrengo hamarkadako zati batean, erregimenaren nazioarteko isolamendua erabatekoa izan zen; egoera hori zehazten duten gertakari nagusiak honako hauek dira: NBEtik kanpo gelditu izana, 1946ko abenduan atzerriko enbaxadoreak joan izana eta Marshall Planeko fondoak ezin eskuratu izana.

Ekonomiaren hondamena eta autarkia

Gerra amaitu zenean, Espainia aurri-egoeran zegoen. Suntsipenak handiak izan ziren bonbardatutako hirietan. Trenbide-lineek kalte larriak izan zituzten, eta zentral elektrikoek ere. Hala eta guztiz ere, kaltetuenak nekazaritza izan zen. Industria-sektoreak narriadura askoz ere txikiagoa izan zuen.

Gerra finantzatzeak benetako hondamena ekarri zion herri-ogasunari; produkzioaren hondamenaren eraginez, pezetaren kotizazioa %50ean urritu zen, eta inflazioa erraldoia izan zen.

Oinarrizko janari urriak banatzeko erabakiak (errazionamendu-kartilaren bidez) merkatu beltz izugarria sortu zuen.

Ustelkeriaren onuradun nagusiak erregimenari atxikitako taldeak izan ziren.

Espainian industrializazioa sustatzeko, Gobernuak sektore publiko indartsua sortu zuen. 1941ean INEk (Industria Nazionalaren Institutuak) zenbait lantegi martxan jarri zituen: ontziolak, siderurgiakoak eta petrolio-findegiak. Aldi berean, nazionalizatu egin ziren telefono-komunikazioak, aireko garraioa (Iberia) eta meatze-ustiapen asko. Erregimenak herri-lanak sustatu zituen; horrela, urtegiak edo trenbideak egin ziren, eta horiek indarberritu egin zituzten industriako zenbait sektore.

Erregimenak industriaren alde egindako apustua nekazaritzak ordaindu zuen; sektore horretan estatuak Errepublikaren erreforma-ahaleginak neutralizatu zituen. Politika ekonomiko autarkikoaren ondorioz, berrogeiko hamarkada osoan Espainian ia ez zen hazkunderik izan.

Erregimenak nahiko erraz kontrolatu zituen oposizioaren erasoak, bai erbesteko errepublikanoen erasoaldi diplomatikoa eta bai gerrillako armadaren ekintzak. 1947an Bizkaiko industriako 30.000 langile grebara eramateko indarra izan zuten, eta horixe izan zen Francoren aurkako erresistentziako langileen mugimenduaren abiapuntua.

Berrogeita Hamarreko Hamarkada: Irekiera eta Aldaketak

Gerra Hotza eta AEBekiko akordioak

Gerra Hotza hasteak ikuspegi berriak ireki zizkion erregimen frankistari (1947). Nazioarteko gertaera horiek baliagarriak izan ziren Amerikako Estatu Batuek frankismoa laguntzat onartzeko, antikomunista sutsua baitzen.

Amerikako Estatu Batuekin 1953an sinatutako akordioak elkarrizketa diskretuen ondoriozkoak izan ziren (1953ko irailean). Akordioen bitartez, Espainiak eta Amerikako Estatu Batuek defentsarako eta diru-laguntzarako politika ezarri zuten; akordio horretan, garrantzitsuena estatubatuarrei baseak Rotan, Zaragozan, Moronen eta Torrejónen instalatzeko baimena ematea izan zen. Diru-laguntza Europako beste estatu batzuei eskainitakoa baino askoz ere txikiagoa izan zen. Guztiarekin ere, esne-hautsa, gazta, soja-olioa edo gurina iritsi ziren, eta hori baliagarria izan zen errazionamendua ezabatzeko. Francok lortu zuen, erregimenaren nazioarteko onarpenaren froga gisa erabili baitzuen.

Vatikanorekiko konkordatua eta Eliza

Espainiak eta Vatikanoak konkordatua sinatu zuten 1953ko abuztuan. Konkordatuaren bidez, Estatuak laguntza eman zion Elizari. Apaizei soldata ordaindu eta Elizari irakaskuntzaren arloan eskubide zabalak onartu zizkion. Gobernuak, berriz, apezpikuen izendapenean esku hartzeko gaitasuna zuen. Konkordatua sinatu ondoren, apezpikuek eta gobernatzaileek laudorioak (alagoak) ematen zizkioten elkarri. Irakaskuntza ertainean, Elizak gizarte-eragin nabarmeneko jarduera handia garatu zuen. Pentsamendu-askatasunarekiko susmoak, emakumea gizonaren mende egotea edo diziplina gorestea izan ziren hezkuntza katolikoaren zutabeak.

Gorteen Legearen arabera, Ganberan hogei elizgizon inguru eseri ziren. Nazioarteko onarpenarekin batera, 1955ean NBEn sartu zen.

Ekonomia eta gizarte-mugimenduak

1956tik aurrera, Espainiako ekonomiak, frankismoko eredu autarkikoarekin itota, zailtasunak sortu zizkion erregimenari. EAEn, Asturiasen eta Katalunian grebak antolatu ziren. Alderdi komunista oposizioko indar nagusia izan zen urte hauetan, Langile Komisioak (CCOO) sindikatuan zuen eraginagatik.

Langileen mugimenduak antolatzeko eta borrokatzeko modu berria sortu zen; langileak modu irekian eta biltzarren bidez antolatzen ziren. Batzordeak finkatzen joan ziren, ohiko zentralen (UGT eta CNT) ordezkotzat, eta, PCEren laguntzarekin, hedapen handia lortu zuten meatzaritzako, industriako eta zerbitzuetako langileen artean. Sindikatu bertikaletan sartzearekin konbinatu zuten. Horrela sortu ziren Langile Komisioak 1956-57 urteetan.

Hezkuntza Ministerioan, Joaquín Ruiz-Giménez katolikoak irekiera bat egin nahi izan zuen unibertsitate-inguruetan. Lehenengo unibertsitate-krisi handia 1956an gertatu zen. Madrilgo Unibertsitatean istiluak izan ondoren, tirabirak sortu ziren Falangearen eta irekieraren aldeko sektore katolikoen artean; Francok bere betiko estiloaren arabera konpondu zituen istiluok, Ruiz-Giménez eta Mugimenduko ministroa zen Raimundo Fernández Cuesta kargutik kenduta.

1956ko gertakariek Falangearen higadura politikoa jarri zuten agerian. Bestalde, unibertsitate-ikasleek politika frankistaren aurkako protestaldiak ugaritu zituzten.

Nazioalismoen berpiztea eta ETAren sorrera

Katalunian eta Euskal Herrian, gerrako borrokalarien seme-alabek berpiztu egin zituzten nazionalismoak. Euzko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) gazteditik banandutako unibertsitateko gazte bilbotar batzuek Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundea sortu zuten 1959an.

ETAko militante gazteek Francoren diktadurak ezarritako nortasun-galeraren aurka erreakzionatu zuten; gainera, ETAko kideek Hirugarren Munduko nazio-askapeneko mugimenduak miresten zituzten, eta marxismoaren printzipioak onartu zituzten.

Ekonomiaren liberalizazioa eta Egonkortze Plana

Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, autarkia ekonomikoa gero eta jasangaitzagoa izan zen. Amerikako Estatu Batuen diru-laguntzak laster nabaritu ziren industria-sektorean, hain zuzen ere, ezinbesteko lehengaiak eta hornidurak eskuratzen hasi baitzen.

Turismoaren garapena fenomeno sozial eta ekonomikorik eraginkorrena izan zen. Ordaindutako oporrekin eta Europako langileen bizi-maila handitzearekin batera, bidaiatzeko gogoa piztu zen. Turista kopurua 1950eko milioi erdi bisitarietatik 1960ko sei milioitik gorako bisitarietara igaro zen. Erabakigarriak izan ziren ordainketa-balantzaren oreka lortzeko turistek gastatutako milioiak.

1957an Estatu espainiarra porrot egiteko zorian zegoen. Erabat autarkikoak ziren politikek ito egiten zuten ekonomia, eta Francok aldaketak sartu behar zirela ulertu zuen; horretarako, Ekonomian eta Administrazio Zuzenbidean adituak ziren ministroak aukeratu zituen; horietariko batzuk Opus Dei institutu katolikoaren kideak ziren.

1957an talde berria sortu zen, teknokratena; teknokratak ekonomian modernoak eta politikan kontserbadoreak ziren, eta hauen eraginez erregimenak Espainiako ekonomia liberalizatzea eta atzerriko inbertsioei aukerak eskaintzea erabaki zuen.

Baina helburu hori lortzeko, lehenengo eta behin, Egonkortze Plana behar zuen, eta hori 1959ko uztailean jarri zen martxan. Egonkortze Planak soldatak izoztu, aparteko orduak mugatu eta debaluatu egin zuen pezeta; hala ere, benetako berrikuntza fiskala egin nahi ez zuenez, ezin izan ziren hezkuntza-sistema edo azpiegiturak zaharberritu.

Egonkortze-programaren ondorioak berehalakoak izan ziren, baina kostu handia izan zuen, batez ere soldatapekoen klasean langabezia bikoitza izan baitzen. Horren eraginez, espainiar askok periferiako industria-zonetara emigratu behar izan zuten lan bila, eta beste batzuk atzerrira.

Deskargatu

PDF Word HTML