Finantza Sistema, Bankuak eta Burtsa: Oinarrizko Kontzeptuak
Finantza Sistema
Gehienetan, aurrezten dutenak ez dira inbertitzen dutenak. Betidanik behar izan dira bitartekariak, finantza-baliabideak eragile batzuengandik beste batzuengana eskualdatzeko.
Finantza Aktiboen Ezaugarriak
- Likidezia
- Aktiboak epe laburrean galera handirik izan gabe eskudiru edo legezko diru bihurtzeko zenbaterainoko erraztasuna eta ziurtasuna duen adierazten du.
- Arriskua
- Aktiboaren jaulkitzaileak, hau da, zorra duenak, adostutakoa ez betetzeko probabilitatea adierazten du.
- Errentagarritasuna
- Aktiboak interesak sortzeko duen ahalmena adierazten du.
Banku Zentral Nazionalen Funtzioak
Banku Zentral Nazionalek (BZNak) bi rol nagusi dituzte, Banku Zentralen Europako Sistemaren (BZES) barruan:
| BZESren kide gisa | Herrialdeko banku zentral gisa |
|---|---|
| Euroari buruzko moneta-politika erabakitzea. | Eurogunean ordainketa-sistemak behar bezala funtzionatzen duen bultzatzea. |
| Estatuko dibisa-erreserba ofizialak izatea eta kudeatzea. | Europako Banku Zentralera transferitu ez diren dibisen eta metal preziatuen erreserbak izatea. |
| Ordainketa-sistemen funtzionamendu egokia sustatzea. | Estatistikak egitea eta argitaratzea. |
| Billeteak jaulkitzea. | Billeteak eta txanponak zirkulazioan jartzea. |
| Dibisa-trukeen eragiketak egitea. | Altxortegi zerbitzuak ematea eta zor publikoaren finantza-eragilea izatea. |
Banka Pribatua
Merkataritza-bankuek funtsak lortu behar dituzte jardun ahal izateko. Finantzaketa hori jendearen gordailuetatik lortzen dute, eta errenta finkoko zein aldakorreko tituluak jaulkita. Gero, ekonomia-eragileei maileguan ematen dizkie finantza-baliabideak.
Aurrezki Kutxak
Aurrezki kutxak aurreztaile txikien funtsak lortzen espezializatuta daude, baina haien funtzionamendua banku pribatuena bezalakoa da.
Banku Pribatuekiko Desberdintasunak
- Aurrezki kutxek ezin dituzte errenta aldakorreko tituluak jaulki funtsak lortzeko.
- Bankuek baino zerga-tratamendu onuragarriagoak izaten dituzte, oinarrizko jarduerak egiten baitituzte.
Finantza Bitartekari Ez Bankarioak: Burtsa
Balore motak
- Errenta finkoko baloreak
- Enpresa jakin bati eman zaion maileguaren partaidetza adierazten du titulu horrek. Balorea jaulkitzean adostutako interes finko bat ordaintzen da partaidetza bakoitzeko.
- Errenta aldakorreko baloreak
- Ezagunenak akzioak dira. Akzio-edukitzaileek kudeaketa-eskubideak eta eskubide ekonomikoak dituzte, adibidez, dibidendua jasotzeko eskubidea. Errenta aldakorreko baloreek ez dute ziurtatzen etorkizunean errenta jakin bat jasotzea, baina errenta finkokoek baino errentagarritasun handiagoa eman dezakete.
Burtsa Indize Orokorra
Burtsa bakoitzean, burtsa-indize orokor bat zehazten da, eta balore adierazgarrien multzo batek izandako bilakaera neurtzen du. Balore horiek enpresaren garrantzi-mailaren arabera hautatzen dira.
Saio bakoitzaren amaieran, burtsa-indize orokorrak erosteko nahia edo saltzeko nahia nagusitu den zehaztuko du.
Burtsa-indizeak, balore garrantzitsuen multzo baten indizeak direnez, balore-merkatuen egoeraren termometroak dira. Burtsak gora edo behera egiten duen esatean, berez esan nahi da burtsa-indize nagusiak igo edo jaitsi egin direla.
Errenta Aldakorreko Merkatua
Merkatu horretan, enpresek, finantzaketa lortzeko, akzioak deritzen baloreak (tituluak) jaulkitzen dituzte, diruaren truke eta enpresaren jabetza-ehuneko bat uztearen truke.
Merkatu motak
- Lehen mailako merkatua edo jaulkipen-merkatua
- Aktiboak sortzen ditu, eta merkatu horretan bideratzen da aurrezkia inbertsiora. Jaulkipena Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak baimendu behar du, eta haren ezaugarri guztiak azaltzen dituen liburuxka bat izan behar du.
- Bigarren mailako merkatua edo negoziazio-merkatua
- Bigarren eskuko merkatua da berez. Izan ere, merkatu horretan jada jaulkita dauden baloreekin negoziatzen da.
Nazioarteko Moneta Sistemak
Moneta-sistemak truke-tasak ezartzeko sistemak dira; hau da, dibisen kotizazioa edo prezioa ezartzeko sistemak.