Filosofiaren Jatorria eta Historia Laburra
Filosofia = Jakituriarekiko (sofia) maitasuna (filo)
Mendebaldeko filosofia Grezian sortu zen k.a. VI. mendean. Aristotelesentzat gizakiak harridurak eraginda hasten dira eta hasi izan dira beti filosofatzen. Ezjakintasunagatik filosofatu zuten eta ez beste inongo baliagarritasunarengatik. Gizakiak aspalditik izan du bere ezjakintasunaren berri, badu ezjakintasun horren kontzientzia, eta jakintza eta egiaren bila abiatu da. Platonen ustez eros (maitasuna) eta logos (arrazoia) jakintzaren bilaketan elkartzen dira: jakituriarekiko maitasuna = filosofia.
Berez, gizakia egiaren bila abiatzen da, badakielako halako gertakarien atzetik badagoela sakoneko arrazoi bat.
Filosofiaren Aro Nagusiak
Aroa kosmologikoa edo presokratikoa (k.a. VII-V)
Lehenengo filosofoen helburua natura eta Kosmosa (kosmosa kaosaren aurkakoa da) aztertzea izan zen.
- Talesen ustez ura da aniztasunari batasuna eman eta errealitate desberdin guztiak batzen dituen printzipioa.
- Anaximandroren ustez lehen printzipioa ez da elementu jakin bat, zerbait mugagabea baizik.
- Anaximenesek airea jo zuen printzipiotzat.
- Pitagorikoek uste zuten errealitate fisikoa zenbaki eta proportzioen bidez azaldu zitekeela.
- Filosofo atomistek atomoak jo zituzten abiapuntutzat.
Aro klasikoa edo atikoa (k.a. V-IV)
Presokratikoen filosofia gizakiaz arduratu zen. Sokrates egiaren bila abiatu zen. Sokratesen metodo galdekatzaile eta dialektikoak ezagutza ziurra zuen helburu. Platonek, Sokratesen dizipuluak, pentsamendu horri jarraitu zion: gizakia ilunpean bizi da eta mundu errealaren itzalak besterik ez ditu ikusten.
Aro helenistikoa (k.a. IV- k.o. II)
Erroma izan zen politika eta kultur potentzia. Erromatar zibilizazioak Grezia zaharraren ondare artistiko, literario eta zientifikoa bereganatu zuen. Erromatarrek filosofo grekoen doktrina ezberdinak hartu zituzten. Zizerok eta Varrok egin zuten itzulpen lana, grekotik latinera, pentsamendu grekoa mendebaldera eramateko.
Filosofiaren Jatorria: Mitologiaren Kritika
Grezian sortu zen filosofia mitologia grekoari kritika egin eta hura gainditzeko asmoz jaio zen. Adibidez, Miletoko Talesek munduaren sorrerari azalpen natural bat emanez mitologia grekoaren kosmogonia ukatu zuen: Talesentzat unibertsoaren lehen printzipioa ura zen, ez inongo jainkorik. Filosofo guztiek filosofiari dagokion jarrera kritikoa eta irekia bultzatu zuten, eta fenomenoekiko lilura, mirespena eta harridura azaldu zituzten. Pertsona bat konbentzitzeko argudiaketa zela estrategiarik egokiena esaten zuten.
Mitoak eta Haien Funtzioa
Mitoak jainkoen, unibertsoaren eta gizakien gaineko kontakizuna izan dira eta bizitzaren jatorria eta fenomenoen zergatia azaldu nahi zituzten. Hizkuntza alegorikoa edo metaforikoa erabili dute munduaz eta gizakiei buruz hitz egiteko.
Filosofia eta Zientzia
Filosofia azalpen naturalak eta arrazionalak bilatzen hasi zen eta ahalegin horretatik sortu zen zientzia. Zientziak metodo esperimentala du oinarritzat, hau da, soilik frogagarria eta esperimentala dena hartzen du kontuan. Filosofiak bere sorreratik gizakion kezka nagusiei heldu zien: jaiotza eta heriotza, bizitzaren sorrera eta amaiera, izatea, kontzientzia, mundua, jainkoa, ongia eta gaizkia, legeak...
Kreazionismoa eta Gizakiaren Sorreraren Mitoak
Kreazionismoa: Genesiak ematen digu kristau tradizioaren ikuspegi nagusia bi kontakizun nagusiren bidez: Munduaren hasiera (Genesisa) eta Gizakiaren kreazioa: Paradisua, Adam eta Eva. Grezian ere hainbat eta hainbat mito izan ziren gai berari lotuak: Teogonia eta Gizakiaren kreazioa: Prometeoren mitoa. Gizakiaren sorrerari dagokion tradizio horietan gizakia biluzik munduratzen da gainerako animaliak ez bezala. Adituek Adam eta Evaren kontakizunean gizakion kontzientziaren sorrera ikusten dute. Beste batzuek, haurraren jaiotzea. Prometeoren mitoan ere Prometeok jakintza lapurtzen zien jainkoei larrugorri zegoen gizonari emateko. Prometeok eginiko lapurretaren ondorioz zigorra etorriko da eta jainkoek emakumeak sortuko dute. Bi kontakizunetan zorigaitzaren iturri eta bekatu bidea izatea egokitzen zaio emakumeari.
Mito horietan ikusten duguna gizakiaren sorreraren azalpena da. Azalpena ez da zientifikoa, mitikoa baizik.